Tolosaldeko Triatloi taldea, Zarautzen txapeldun

Asier Imaz 2016ko eka. 14a, 11:41

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Zarauzko Triatloi proba larunbatean jokatu zen. Euskadiko eta Gipuzkoako ertain distantziako Txapelketarako ere baliagarria zen. Eneko Llanos eta Ainhoa Murua izan ziren Zarautzen azkarrenak, eta ondorioz, Euskadiko txapeldunak.

Tolosaldeko Triatloi Taldeko ordezkariei dagokienez, handia lortu zuten, taldeka lehen postuan amaitu baitzuten. Horretarako, Aimar Agirresarobe, Aitor Regillaga eta Ion Artutxaren denborak hartu zituzten kontuan. Taldeko lehena, Aimar Agirresarobe izan zen. Zarauzko Triatloia zortzigarren amaitu zuen tolosarrak, eta Euskadiko Txapelketa bigarren, Eneko Llanosen atzetik. Aldi berean, bera izan zen helmugaratu zen lehen gipuzkoarra, txapeldun geldituz.

Zarautzen parte hartzeko izena 647 atletek eman zuten. Irteerara horietatik 33 ez ziren azaldu. Proba, 558k bukatu zuten. 36 izan ziren bidean amaitu ezinik gelditu zirenak, eta 20 epaileen aginduz etxera joandakoak. Triatloia igeriketa probarekin hasi zen. Getariatik atera ziren parte hartzaileak, 2,9 kilometro egin ondoren Zarautzera iristeko. Bizikleta gainean jarri eta 81 kilometro egin zituzten ondoren. Amaitzeko, korrikako zatia, 20 kilometrokoa.

Aimar Agirresarobe 24. postuan iritsi zen Zarauzko hondartzara, 38:38ko denbora eginaz. Bizikleta zatian bikain ibili zen tolosarra, atzetik aurrera. 81 kilometroak egiten bi ordu eta hamar minutu behar izan zituen. Denbora ona. Parte hartzaile guztien artean hirugarren onena. Korrikako zatian ez zen hain fin ibili, eta 14. partziala markatu zuen Agirresarobek, 01:16:41eko denborarekin. Gauzak horrela, helmugan zortzigarren sartu zen tolosarra.

Emakumeetan, Tolosaldea TT-ko Maialen Muñozek hamabigarren egin zuen Zarautzen. Triatloi erregularra egin zuen Muñozek. Lehen sektorea 17. postuan amaitu zuen; bizikletan hamabigarren denborarik onena markatu zuen, eta korrika hamabosgarrena. Tolosaldea Triatloi Taldeko emakumeen ordezkari bakarra izan zen Maialen Muñoz.

Argazki gehiago ikusi

Zarauzko Triatloia (igeriketa)

Zarauzko Triatloia (bizikleta)

Zarauzko Triatloia (korrika)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!