Uraren ibilbide guztia gertutik ezagutu dute udal ordezkariek

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 10a, 17:39
Irudian, Ur kontsortzioko Joxe Saizar azalpenak ematen udal ordezkariei eta teknikariei.

Tolosaldeko udal ordezkariek eta udaletako teknikariek Ur Kontsortzioak antolatutako bisita gidatua izan dute gaur goizean, ura jasotzen denetik berriro errekara itzuli bitarte egiten duen bidea ezagutarazteko; horretarako, Ibiurko urtegia, ur edangarrien tratalekua eta ur zikinak arazten duen araztegia bisitatu dituzte.

Ur Kontsortzioko Joxe Saizar izan da bisita gidatzeaz eta azalpenak emateaz arduratu dena. Prozesu horretan dauden hiru instalazio "garrantzitsuenak" bisitatu dituztela azaldu du Saizarrek: urtegia, ur edangarriaren araztegia eta ur zikinen araztegia. Instalazio horietan "zer makinaria" dagoen eta "nola funtzionatzen duen" azaldu dute.

Ibiurko urtegian hasi dute bisita, eta Saizarrek urtegia sortzeko prozesu guztiaren berri eman die, baita hori erakusten zuten argazkiak erakutsi ere; Baliarraingo urtegiak 7,5 hektometro kubiko ditu. Ibiurko urtegiak "52.000 biztanle" asetzen ditu, eta 13 udal inguru: "Ikaztegietatik hasi eta Andoain arteko herriak hornitzen ditugu. Ibai bazter horietatik aparte geratzen diren herriak beraien nukleo autonomoa daukate, beste araztegi bat daukate. Esaterako, Berastegik edo Elduainek".

Iaz, esaterako, "5 miloi metro kubiko" zabaldu ziren urtegitik araztegiraino, eta kopuru bera heldu zen hortaz herri bakoitzeko deposituetara. Ur zikinen araztegian, berriz, "5 miloi eta 600 metro kubiko" jaso zituzten. Egunean "13.000 metro kubiko" botako dituzte banaketara, eta errekara "15.000 metro kubiko".

Urtegiaren tripak ere ezagutu ahal izan dituzte, hormigoizko hormen barruan dauden bideetatik edo galerietatik jaitsi baitira, araztegira joan aurretik. Araztegira iristen den urari egiten zaion prozesuaren berri ere eman du Saizarrek: "materia organikoa kendu egiten zaio, baita burdina eta manganesoa ere. Horrez gain garrantzitsua da uraren desinfekzioa". Bestelako materiak gehituta, azken fasean, "depositura sartu aurretik kloroa edo ultra more izpi batzuen bitartez desinfektatu" egiten da herri bakoitzeko depositura iritsiko den ura. Handik jada zuzenean Tolosaldeko etxeetara iristen da.

Etxeetan edo industrian erabilitako ura "zikindu" egiten da, eta errekara iritsi aurretik berriro ere araztegitik pasatzen da ur hori. Adunan egin dute araztegi hori ezagutzeko azken geldialdia. Bertan "etxeko urak edo ur asimilatuak arazten ditu ", eta industrien kasuan "bakoitzak berea araztu behar du", aurre-tratamendu bat.

Bi araztegietan "zer makinaria dagoen, zer erreaktiboak erabiltzen diren, zer kontrolak daude..." ikusi dute.

Ezustekorik handienak etxean ura jaso aurretik "atzetik" dagoen prozesu guztia ezagutzen dutenean jasotzen dute Saizarren ustez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!