T3T - Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketaren lehen edizioa ikusgarria izan zen. 450 korrikalari bildu zituen estreinekoz egin zen probak. Bada, bigarrengoan nabarmen gutxiago izango diren arren, ikusgarritasun bera mantentzeko helburuarekin aurkeztu dute.
300 inguru izango dira 43 kilometroko ibilbidea egitera ausartu direnak, eta kopurua txikiagoa izan arren, gustura daude antolatzaileak. Izen esanguratsuenen artean ageri dira, besteak beste, Oihana Kortazar, Javi Dominguez, Jokin Garai edota Monika Grajera. Ultra-Traileko Euskal Selekzioa ere bertan izango da, munduko txapelketa prestatzen. Gainera, azken orduan, puntako korrikalariren bat ere izan daitekeela azaldu dute antolatzaileek.
Ibilbideari dagokionez, iazko bera mantenduko dute, eta beraz, Hernio, Uzturre eta Erroizpe izango dira igo beharreko tontorrak. "Teknikoki ez du zailtasun handirik, baina 2.900 metroko pendiza du, eta hori da erronkarik handiena", azaldu du antolatzaile taldeko Unai Ugartemendiak.
Berrikuntza nagusiena, irteera eta helmuga puntuaren aldaketa izango da, Berazubitik erdigunera eraman nahi izan baitute, Triangulora hain zuzen. Hala ere, jendeari deialdi berezia egin diote, lasterketak biltzen dituen hiru mendietakoren batera joateko. Aurreikuspenen arabera, hauexek lirateke ordutegiak:
- Hernio: 10:00-10:15
- Irura: 10:55-11:20
- Uzturre: 11:25-11:55
- Elduain: 12:05-12:45
- Erroizpe: 12:40-13:25
- Helmuga: 13:05-13:20
Lasterketa amaitu ostean, pasa den urtean egin zuten moduan, paella banatuko diete doan parte-hartzaile guztiei, Solana kalean. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 16:30ean izango da. Garaikur eta lore sortez gain, lehen bostek izango dute saria: irabazleak 1.000 euro eramango ditu; txapeldunordeak 500; hirugarrenak 300; laugarrenak 200; eta 100 euro lortuko ditu bosgarrenak. Horrez gain, Herniotik pasatzen diren lehen gizonezko eta emakumezkoa, 300 eurorekin sarituko ditu Otsabio enpresak. Bihartik aurrera, sari guztiak ikusgai izango dira Aralar Kirolak dendaren erakuslehioan.
Hemen duzue pasa den urteko edizioaren laburpena: