Tolosaldeko 3 Tontorrak 2016

«Ikusleen animoekin burua ez doa pentsamendu ezkorretara»

Asier Imaz 2016ko eka. 9a, 13:48

Iaz izan zen T3T-ren lehen edizioa. Txapeldunetatik bat, Oihana Kortazar (Elgeta, 1984), berriro ere lasterketan izango da, iazko helburu berdinarekin.

T3T entzuten duzunean, zer etortzen zaizu burura?
Iazko oroitzapenak. Lasterketa polita iruditu zitzaidan. Eguraldi tristea egin zigun, eta lokatz asko zegoen, baina bestela, Euskal Herrian oso tipikoak diren mendi baxu horiez beteriko lasterketa da. Oinak hausten dituen horietakoa. Igoera edo jaitsiera luzerik ez dago, denbora guztian igo-jaitsi igo-jaitsi baita. Gustatu zitzaidan.


Lehen edizioa egin zenutenon artean, proba bukatu ondoren, gogorra zela zabaldu zen.
Oinak hausteko ibilbide horiek gogorrak izaten dira, atseden hartzeko zatirik ez delako izaten. Batzuetan jaitsiera luzeak izaten dira,edo igoera luzeak, eta igotzen ondo ibiltzen denak errekuperatzeko tartea ateratzen du. Hemen ez dago horrelako aukerarik. Horrez gain, lokatz asko zegoen, eta horrek ere oraindik eta gogorrago egin zuen.


Zein helbururekin etorriko zara Tolosaldera?
Hurrengo asteburuan Italian Munduko Kopako hurrengo lasterketa dago, eta hara joango naiz. Prestatzeko entrenatu egin behar izaten da, eta lasterketa batean parte hartzeko aukera baldin badaukat, eta gainera Euskal Herrian, hobe. Entrenatzeko modurik onena lasterketak izaten dira, punttua hartzen laguntzen baitute.


Irabaztea ere helburuen artean izango duzu, ezta?
Behin dortsala janzten duzunean, ahaztu egiten zaizu hurrengo astean zer daukazun. Jaitsieratan zaindu egin behar dudala argi daukat, baina bestelako tarte asko dituenez T3T-k, horietan egur pixka bat emateko gogoz aterako naiz. Eta noski, irabaztera joango naiz.


Leitzako mendi lasterketa irabazita iritsiko zara. Sasoi bete-betean, ezta?
Iaz baino askoz hobeto nago aurten. Iazkoa, seme txikia jaio eta ondorengo urtea zen. Denboraldi amaiera arte ez nintzen sasoiko aurkitu. Aurten sentsazioak askoz hobeak dira. Leitzakoa ultra batean atera nintzen lehen aldia izan zen. Esperientzia polita. Gogorrena psikologia aldetik egin zitzaidan, kilometro asko baitira. Hori ere probatu genuen, eta gustura, aurrera jarraitzeko gogoz.


Mendi lasterketetan, buruaren garrantzia izugarria dela diote korrikalariek.
Eta horrela da. Fisikoki prestaturik joaten zarela suposatzen da, entrenatuta iristen zarelako. Hala eta guztiz ere, beti izaten dira gorabeherak. Psikologikoki, ordea, desberdina da. Burua izaten da gerra gehien ematen duena. Ondo ez zoazela sartzen baldin bazaizu, edo ez dakit nongo mina duzula, besterik ez duzu buruan izaten, eta lasterketa uztea ohikoa izaten da. Bestelako pentsamenduak edukitzen saiatzen naiz; beste lasterketetako sentsazioak gogoratuz, eta konparatuz. Han ere sentsazio berdinekin joan nintzen eta helmugara iritsi nintzen. Azkenean konparaketa bat egiten duzu, alde ona bilatuz aurrera jarraitzeko.


Ikusleak animatzen izatea, garrantzitsua al da?
Bai, eta gainera, asko eskertzen da. Bestela pixka bat tristea bihurtzen da bidea. T3T-n, iaz, Hernion jende piloa zegoen. Ez nuen mendia ezagutzen nik, umetan igota izan arren. Eguraldia ere ez zen hain ona, eta jendearen animoak asko eskertu genituen.


Ikusleen animo horien eragina topiko bat da, edo benetan badu eragin praktikorik korrikalarian?
Benetan dauka eragina. Baina baita arriskua ere. Indar askorekin animatzen duenean ikusleak, gora etortzen zara. Baina momentu jakin batean izaten da hori, eta gero kaltegarria izan daiteke, une horretan gehiegi eman duzulako. Baina bestalde, burua entretenitzeko oso ondo etortzen da. Lehen esan bezala, burua beti martxan izaten duzu, eta ikusleak baldin badaude, burua ez da pentsamendu ezkorretara joaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!