Ait Chaou eta Agirresarobe txapeldun, Karrera bigarren

Asier Imaz 2016ko ekainaren 6a

Camile Extreme, Pasai Donibaneko III. Sprint Triatloia eta Euskal Herria Mendi Erronkaren IV. Edizioan eskualdeko atletak emaitza bikainak lortu dituzte.

Hassan Ait Chaou billabonatarrak handia egin zuen igandean. Iratiko parajeetan korritzen den Camile Extreme mendi lasterketa irabazi zuen, eta jada, gauza bera egiten duen hirugarren aldia da. 2012an eta 2015ean ere bera izan zen txapelduna, eta igandean, berriro lortu zuen podiumaren lehen postura igotzea, 3 ordu eta 50 segundoko denbora eginaz. Bigarrenari, ia 17 minutu atera zizkion billabonatarrak.

Asteburuko beste txapelduna Aimar Agirresarobe izan zen. Tolosarra ere igandean igo zen podiumaren gorenera, Pasai Donibaneko III. Sprint Triatloian. Lehenik igerian 750 metro egin zituzten. Ondoren, bizikletaz, 20 kilometro, eta azkenik, korrika 5 km. Euskal Herriko triatloi zirkuiturako zortzigarren proba puntuagarria zen Pasaiakoa, eta Tolosaldeko Triatloi Taldeko tolosarrak 1:07:55eko denboran amaitu zuen proba. Nesketan, TTTko Maialen Muñoz seigarren helmugaratu zen.

Asteburuko hirugarren protagonista Iker Karrera zan da. Txapela ez zuen jantzi amezketarrak, baina Euskal Herria Mendi Erronka bigarren amaitu zuen, Julen Martinez de Estibarizen atzetik. 67 kilometroko mendi lasterketa 7:03:38ko denborarekin amaitu zuen Iker Karrerak, irabazlearengandik 15 segundura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!