Tolosaldeko Giltzarria

2017ko martxoaren 19an erabakiko du Tolosaldeak

Ataria 2016ko ekainaren 4a

"Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu; herriari galdetzera goaz". Giltzarria adierazpena aurkeztu du gaur izen bereko elkarteak eta herritar anitzek osatutako batzordeak gidatuko du galdeketa bitarteko prozesua.

Dozenaka herritan adierazpenak egin dituzte gaur. Forma eta eduki ezberdinen bidez, tokian toki, herritarrek konpromisoa agertu dute erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin urratsak egiteko. Urtean zehar ehundutako borondateen erakusleiho izan da gaurko eguna. Galdeketen egunaren bezperan, erabakitzeko nahia indarrez azaleratu da herri hauetan guztietan: Tolosaldea, Oarsoaldea, Irun, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Mutriku, Deustu, Larrabetzu, Ugao, Galdakao, Barakaldo, Portugalete, Sestao, Santurtzi, Erandio, Aulesti, Markina-Xemein, Orozko, Ondarroa, Amurrio...

Herri horietako hainbatetan –60tik gora herritan– galdeketak iragarri dituzte 2017rako: Tolosaldeko 28 herrietan, adibidez, hautetsontziak martxoaren 19an jarriko dituzte. Getariak, Larrabetzuk eta Orozkok eta hurrengo urtean egingo dituzte galdeketak. "Bigarren olatua indartzen ari da eta herri gehiago batuko dira datozen asteetan", esan du Gure Esku Dago ekimenak.

'Giltzarria' izeneko adierazpenaren bidez jakinarazi du Tolosaldeko Gure Esku Dagok datorren urtean galdeketak egingo direla eskualde osoan. Eskualdeko 200 eragile eta pertsona esanguratsu baino gehiagoren babesa jaso du dinamikak ondutako adierazpenak; beraiek izan dira gaur protagonistak, Tolosako Aranburu Jauregiaren alboko Euskal Pizkunde plazan egin den aurkezpen ekitaldian.

Datorren urteko olatura beste 28 herri batu dira, beraz —50.000 biztanle inguru—: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania- Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu- Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, eta Zizurkil.

Bihar hasiko herritarrak erabakitzen Goierrin, Debagoienan, Azpeitian eta Ispasterren.


 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!