11 tontor eta 500 zikloturista

Asier Imaz 2016ko eka. 3a, 11:06

III. Etxeondo-Abraham Olano Martxa bihar izango da; parte hartzaileek bi ibilbide egiteko aukera izango dute.

Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Alvaro Pino, Patxi Villa, Iñigo Cuesta eta Roberto Laiseka Tolosan izango dira bihar, larunbata. Beraiekin batera beste 500 zikloturistak hartuko dute irteera III. Etxeondo-Abrahaman Olano Zikloturista Martxan. Usabaldik 08:00etan abiatuko dira, eta hamaika tontor igotzeko aukera izango dute. Itzulera ordua ez dago jakiterik, baina antolatzaileen arabera, lehen txirrindulariak eguerdi aldean agertuko dira Usabalen. Ondoren, arratsalde guztian zehar helmugaratuko dira parte hartzaileak.
Urtero bezala bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: luzea eta laburra. Lehenak 200 kilometro ditu, eta bigarrenak 92. Bataz besteko maldan ere badago aldea. Luzeak 4.000 metrokoa dauka, eta laburrak 1.600ekoa.

Abraham Olanok proposatutako ibilbidea Tolosatik abiatuko da, baina irteera hori neutralizatua izango da, Etxeondo enpresaren egoitzaraino. Martxari hasiera ofizialki bertan emango zaio.
Eskualdeko errepideei dagokienez, irteeraz gain, Bidania, Altzo eta Larraitz zeharkatuko dituzte parte hartzaileek.

Anoetan juniorren lasterketa
Bestalde, igande honetan, Anoetan junior mailako txirrindulari lasterketa lehiatuko da. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du proba hori, eta 86 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek.
Irteera 10:00etan emango zaio lasterketari, eta besteak beste, Oriakoko txirrindulariak bertan izango dira, lehian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!