Iritsi zen eguna. Hainbat eta hainbatek mendiko botez markatua zuten maiatzaren 29a. Lau urtetik behin izaten baita XIV Orduak martxa egiteko aukera. Bezperako urduritasunak albo batera utzi, eta eguna argitzerako 1.702 mendizale Berazubin ziren XIV Orduak martxari umorez ekiteko. 05:00ak jotzearekin batera, martxan jarri zen mendizaleek osatutako katea, 68 kilometroz ez eteteko.
Aralarko Adiskideak Elkarteko Patxi San Sebastian eta Jon Ormazabal «nekatuta, baina gustura eta pozik» zeuden biharamunean. 1.300 gizonezko eta 402 emakume izan ziren Ulitik pasa zirenak. Eguraldia uste baino hobeto portatu zen, eta ia ibilbide gehiena ateri egin ahal izan zuten. Hala ere, 1.488 parte hartzailek lortu zuten Berazubiraino iristea, hau da, %12,57a erretiratu egin zen.
Kazkabar jasak harrapatutakoak izan baziren, pagopean babestu zirenak, euriak bustitzea ondo hartu zutenak, euria egin zuen garaian aterpean zeudenak... baina umorea izan zen nagusi ibilbidean zehar. Kantuan edota kontu kontari. Horixe zen antolatzaileek nahi zutena «irteera moduan» egitea bidea.
Jende gutxik aukeratu zuen ibilbide berria. Bidegurutzera iristean, gehienek beherako bidea hartu zuten. Gainera, asko eta askori, kazkabar jasak harrapatu zien, eta hori ere beste gakoetako bat izan zen Minetatik behera ohiko ibilbidea egiteko. 300 mendizale baino gutxiagok aukeratu zuten mendiz egiteko prestatua zegoen ibilbide berria. Aldiz, «izena ematerakoan, 1.000tik gora apuntatuta zeuden», nabarmendu dute antolatzaileek. Eta iritsi, berriz, 181 baino ez ziren egin.
Bidegurutzera iristean, gehienek, dagoeneko garbi zuten nondik egingo zuten bidea. 25 kilometro goitik joanez gero, eta 19 kilometro Amezketatik barrena. Ibilbide berria egin zutenak ordea, «gustura» geratu ziren, gogorragoa izan eta ordubete gehiago behar izan bazuten ere. «Sasoi onekoak ziren guztiak, bai gizonezkoak eta baita emakumezkoak ere», argitu du Ormazabalek. Adineko jende asko atera zen, eta baita gazte asko ere. «Kontrol guneetako jendeak kontrolatzen du, eta tarteko jendea falta zela diote», San Sebastianen esanetan.
Irrist egin, eta lurrera
Hainbeste lokatz arteko bidean ez da harritzekoa irrist egin eta lurrera erortzea. Luzea da bidea, eta bideko hainbat zatitan jende asko egin zuen eskapadaren bat edo beste. Baina antolakuntzakoek hiru baino ez dituzte azpimarratu: «Batek eskumuturra apurtu zuen, beste batek kolpe gogorra hartu zuen kopetan eta azkenak sorbalda atera zuen». Hiru gertaerak, «hamabost minuturen barruan gertatu ziren eta seguru eroriko askoz ere gehiago izan zirela».
Alegiako Tontokalen ere giro berezia sortzen da, eta txalo artean hartzen dituzte parte hartzaileak. Garagardoa izaten dute zain, eta mendizaleek tragoa gustura egiten dute. «Alegiako jendeak, txintxarriek, bultzada ematen diete azken bost kilometro horiek arinago edo errazago egin ahal izateko», kontatu du esperientziatik Ormazabalek.
Gehiengoa Tolosaldeko bertakoa da, baina «bizkaitar asko zeuden, baita Valentzia, Eltxe, Pinto, Madril edo Iparraldetik etorriak ere», dio San Sebastianek. Paisaia aldetik zoragarria da, eta Ormazabalek garbi du: «Hasiera partean Aralarko mendizerra guztia ikusten da, eta ikusgarria da. Eta gero behin Aralarren sartuta ez dago ezer esan beharrik. Esaterako, Pintotik seiko kuadrilla bat etorri zen, eta lokatzez beteta zegoela eta gogorra egin zitzaiela, baina ikaragarri gustatu zitzaiela esan ziguten».
Askok bizitzan, behin behintzat, egin beharreko erronka moduan hartzen dute. Lau urtez behin den horrekin, asko eta asko ziren momentua aprobetxatu zutenak, familian, lagun giroan edota bakarrik egiteko. Hiru belaunaldiek batera egin zuten kasua ere izan zen, Sanchez familiarena. Bitxikeria ugari ere sortzen dira XIV Orduen bueltan, eta «pena handiz baina garaiz erretiratzen» jakin zuenik ere bada.
Biharamun gozoa
Bost hilabeteko lan gogorra dago atzean, eta guztia ondo atera zedin, 150 bat boluntario aritu ziren egunean bertan. Aldez aurretiko lanak berriz, zortzi bat laguneko taldearen artean egin ohi dituzte.
Antolatzaileek, berriz ere azpimarratu nahi izan dute, ez dela lasterketa bat. «Mendi martxa bat da, eta jendeak disfrutatzera atera behar du, eta paisaiaz gozatzera, luzea eta neketsua izan arren. Mendi lasterketa asko daude, beraz ez dakit zer behar dagoen honelako ibilaldi batean korrika ateratzeko», esanez amaitu du San Sebastianek.
Nekea gainean izanagatik ere, Aralarko Adiskideak Elkartean biharamun gozoa izan zuten antolatzaileek. Baina baita atseden hartzeko gogoa ere. Lanak bukatu beharra ere bai. Dena jaso eta garbitzekoa. Eskatutako materialak entregatzekoa, errepaso txiki bat egin beharra... Markatutako ibilbidea igandean bertan jaso zuten, baina «beti gelditzen da zerbait bukatzeko».
Biharamuna ere izango dute parte hartzaileek, edo parte hartzaileen oinek. Batzuk gazia eta besteek gozoa.