Amaia Ganzarain (Tolosa)
"XIV Orduak egiten ditudan lehen aldia da, ez nuen orain arte behin ere egin. Ondo joan da, uste baino hobeto. Gustura egin dut ibilbide guztia. Minetako horretan ekaitzak harrapatu gaitu, eta nahikoa labainkor zegoenez momentu txarra pasa dugu, baina gainontzean indartsu eta oso ondo. Ibilbide klasikoa aukeratu dut, zeren bestea ez nuen ezagutzen aurrez eta ez nuen arriskatzeko asmorik. Bikotearekin egin dut ibilbidea".
Koldo Lopez (Irun)
"XIV Orduak egiten ditudan bosgarren aldia izan da honakoa. Azken edizioetan beti izan gara hemen eta jada ezagutzen dugu ibilaldia. Azkeneko bi hilabeteetan prestatzen aritu gara, zeren nahikoa luzea da ibilbidea eta ez baduzu prestatzen gaizki ibil zaitezke. Sei lagun etorri gara batera, eta binaka iritsi gara helmugara. Ibilbidea berria aukeratu genuen, menditik egitekoa, baina bidegurutzera iritsi gara, eta eguraldi oso txarra zegoen: kazkabarra, trumoia, tximista... Horregatik, behera joatea erabaki dugu, zeren momentu horretan arriskutsua izan zitekeen menditik joatea".
Ainhoa Larrañaga (Azkoitia)
"Bestelako probetan parte hartzen dut, baina XIV Orduak egiten nituen lehen aldia zen. Beste proba bat prestatzeko entrenamendu bezala hartu dut, eta ondo sentitu naiz. Eguraldi ederra egin du. Bukaeran paisaia oso politak zeudela ipintzen zuen, eta ez dugu asko ikusi, baina ondo. Ekaitzak harrapatu gaitu, baina gutxi egin du, eta beraz, ezin gara kejatu".
Anjel eta Fermin Etxedona (Logroño eta Tolosa)
"Nahiko ondo joan da eguna. Denetatik izan dugu. Lokatz asko izan dugu Atako aranean. Ekaitz handi bat ere izan dugu kazkabarra eta guzti. Baina, tenperatura ona egin du eta eguraldi oso ona. Ibilbide luzea aukeratua genuen, baina gurutzebidean kazkabarra botatzen hasi du eta orduan Minetatik jaistea erabaki dugu. Angelek egiten duen lehen aldia da, baina nik egiten dudan hamargarren aldia da gutxi gorabehera. Lehena hemezortzi urterekin egin nuen eta orain askoz gehiago dauzkat".
Iñigo Esnaola (Leaburu-Txarama)
"Egun oso ona izan da. Uste baino euri gutxiago egin du. Ibilbide berria egin dugu, eta zati horretan eguraldi txarra sartu da, baina pasa da eta ondo. Duela lau urte ere egin nuen proba, eta ordukoarekin alderatuta ibilbide berria nahikoa gogorra dela iruditu zait. Hiru kilometro gehiago izateaz gain, harritsua eta nahikoa aldapa dezente du, gogorra. Hemendik lau urtera ikusiko dugu berriro egin ala ez".
Lontzo Eraso (Berastegi)
"Eguna oso ondo joan da, baina Minetan gindoazela euri jasa batek harrapatu gaitu eta harri pixka bat ere egin du. Hala ere, momentua izan da, hamar minutu inguruko kontua. Proba egiten dudan seigarren aldia da. Gustatu egiten zait mendian ibiltzea eta egunero ibiltzen naiz pixka bat. Egunero hiru edo lau ordu ibiltzen naiz, eta azken aldian gehixeago ibiltzen naiz, sei, zortzi edo hamar ordu. Faltan sumatu dut anoagunean jatekoa. Igaratzan salda beroa eta kafea eman digute, jatekoa norberak bazeraman ere, fruta pixka bat edo faltan bota dut San Migel inguruan edo".
Joxean Montoya eta Elur Urkola (Tolosa)
Elur: "Proba osoa ez dut egin, proba erdian amak lagundu dio aitari eta beste erdian nik neuk. Hemendik lau urtera proba osoa egitea espero dut, gurasoen baimenarekin, hori bai". Joxean: Oso gustura ibili gara, eguraldi bikaina izan dugu eta oso pozik ibili gara. Semearekin egitea oso polita da. Seme gazteenak 8 urte ditu, hurrengoak 10 eta Elur da nagusiena 11 urterekin, egunen batean denok elkarrekin ateratzen bagara oso polita izango da. Kirola asko gustatzen zaigu, bizi dugu familian, mendia, eskiatzea, igeri egitea, denetarik gustatzen zaigu.
Iñigo Mendia (Tolosa)
"Ondo joan da eguna. Giroak lagundu du. Ordu laurden batean belztu eta kazkabarra bota du baina gainontzean gustura aritu naiz. Proba bakarrik egin dut, hasi eta bukatu. Familiaren laguntza txikia izan dut Lekunberritik San Migelera. Jana nik neuk goizean goizetik eraman badut ere amak San Migelera bokata ederra eraman dit. Betiko ibilbidea egin dut, jada laugarren aldia da XIV Orduak proba egiten dudala. Ibilbide berria probatzeko gogorik ez, mendian ordu gutxi sartuta nentorren eta esan dut, behin Igaratzatik hobe dena beheraka hartzea; bestea, luzeagoa eta malkartsuagoa izanik ez zen plana".
Itsaso Roteta (Leaburu-Txarama)
"Lagunak animatu eta ateratzeko proposamena egin zidaten, hasieran ezezkoa esan nien eta ondoren ateratzea erabaki nuen. Lehenengo aldia da proba egiten dudala, prestatu egin gara, bi hilabete eman ditugu ia astebururo mendira joaten. Ibilbidea bi partetan egin dugu, (Tolosa-Lekunberri eta Lekunberri-Tolosa). Bidea ezagutzen genuenez ondo joan da. Laguntzaileak ere izan ditugu bidean, Gorritin, Lekunberrin, San Migelen, Amezketan. Toki guztietan! Poteatzeko aukera ere ez zaigu falta izan; zerbeza eta lejia hartu ditugu bidean, behintzat.Denerako denbora hartu behar da!".
Eneko Goitia (Amezketa)
"Luze samarra joan da baina ondo. Ondo joan da eguna, eguraldia ederra eta kezarik ez daukagu. Tarte batean euria egin digu baina kezatzeko modurik ez. Esanda zegoenarekin portatu dela esan daiteke. Lehenengo aldia de XIV Orduak egin dudala. Betidanik egiteko gogoarekin nengoen, orain dela lau urte ezin izan nuen egin, aurten preparatu gara eta gustura. Eta hemendik lau urtera zer? Nik uste beste behin behintzat egingo dugula. Betiko ibilbidea egin dugu, Amezketatik pasa gara, herritik pasatzeko ere. Lagunak eta familiakoak zain izan ditugu. Polita da, denak ezagutzen dituzu bertan eta".
Gixane Urrestarazu (Ibarra)
"Pozik iritsi gara Berazubira egun osoko lana eta gero. Proba bikotearekin egin dut. Martxa polita ekarri dugu. Nire bigarren XVIV Orduko proba da, mutilak ordea gehiagotan egin du. Urtetik urtera ematen du hobetzen goazela, gustora gaude. Hemedik lau urtera begira hortaz, hobetzea dugu buruan. Betiko bidea hartu dugu, momentu batean beroa pasa dugu, euria ere hasi da baina gustura ibili gara".
Andoni Saldias (Tolosa)
"Bigarren aldia da proba egiten dudala. Betiko bidea egin dut, Amezketatik hona errepidetik etorri naiz.
Eguna ondo joan da, eguraldiak lagundu du, euri pixka bat egin digu Aralarren geundela baina bestela ondoren egun guztia tenperatura ona, ibiltzeko azken batean egun ona izan dugu. Proba prestatzeko mendian ez naiz batere ibili, korrika ibiltzen naiz eta korrikako entrenamenduekin egun pare batean joan gara probatzera eta azkenean pentsatzen nuena baino hobeto".