XIV Orduko Martxa 2016

Azken txanpan, gogotsu

Iñigo Terradillos 2016ko maiatzaren 29a

Animoz beterik heldu dira Amezketako gunera parte hartzaileak, ibilbidearen zatirik handiena eginda, azken indarrak gorde, eta bukaerarik ekiteko prest. Alegiako gunean, berriz, gustura edan dute Intxurrekoek eskainitako garagardoa.

Amezketako plaza jendez lepo egonda, eta oso giro polita nagusitu da bertan. Asko gerturatu dira mendizaleak animatzera, eta beste askok euren lagun edo senitartekoari mokadutxoa edota zapatilak emateko zain egon dira. Gurutze Gorrikoek gune honetan azaldu dutenez, ez dute aparteko lanik egin, soilik artatze txikiren bat.

Bada, Amezketako gunean atseden pixka bat hartu, edatekoa nahiz jatekoa lasai hartu, eta Alegiarako bidean animoak emateko jende ugari izan dute parte hartzaileek. Alegiara sartzean, berriz, askok zuten buruan bertan zain zuten garagardoa. Intxurrekoek urteak daramatzate postutxoa jarri, eta bertatik igarotzen direnei garagardo frexkoa eskaintzen, eta gaurkoan ere ez dute hutsik egin.

Altzoko bide berritik joatera, bestalde, ez da jende gehiegi animatu, eta eguraldi kaxkarraren ondorioz, gainera, antolakuntzakoek ohiko bidetik joateko gomendioa egin dute. Hori bai, bertatik igarotzeko hautua egin dutenek bide polita dela nabarmendu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!