Zizurkildarrak zortzi minutu eta 44 segundo behar izan zituen bi kanaerdiko eta bi oinbiko ebakitzeko. Bigarrena, zortzi segundora, Eneko Otaño izan zen, sasoi betean dagoela erakutsiz. Julen Alberdi
azkoitiarra, Jexuxmari Mujika ibartarra, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza izango dira beste finalistak. Ezustekoa Luis Txapartegik eman zuen, zazpigarren geratuz; finaletik kanpo. Julen Alkizalete asteasuarra zortzigarren izan zen. Finala uztailaren 3an jokatuko da Usurbilen, eguerdian. Jon Irazu bertan izango den edo ez zalantzan dago. Kontua zera da, ezkondu egiten dela zizurkildarra, eta eztei bidaian egongo denez, bere lekua zazpigarren sailkatuak beteko lukeela, Luis Txapartegik. Finalean bi kanaerdiko gehiago izango dituzte, eta aipatu behar da, lehen mailara aizkolari bakarra pasako dela, hau da, irabazlea.
Iragan asteburuan beste proba bat ere izan zen, kasu honetan erakustaldi moduan, eta Anoetako Benta Aldean. Josetxo Urrutia harriarekin aritu zen, eta aizkoran, Txapartegi, Arria V.a, Larretxea eta Jon Rekondo. Nafarrak nagusitu ziren Olasagastik jarritako egurrekin. Igeldoarra bertan zen, eta entzun behar izan zituen kexak, egurren inguruan. Esan beharra dago ez zuela ematen asko kezkatu zenik. Serioago hitz egiten jarrita, eskuko aberia luzerako doala dirudi, eta gauzak uste baino geldoago. Apustuaren inguruan oraindik ez dute ezer esan, baina uste baino aberi handiagoa egin ote duen dago. Ikusiko da zer gertatzen den.
Anoetan jarraituko dugu, izan ere, igande honetan, festen barruan, herri kirol jaialdia antolatu dute. 18:30ean hasteko asmoz, bertako gazteak Aratz Mugertza eta Julen Cañamaresekin batera ariko dira, bi taldetan banatuta. Harri jasotzaileak Ostalazaren eskolatik etorritakoak izango dira.
Aizarnazabalen, idi demak izango dira gaurtik hasi eta asteartera bitarte. Bost egunetan 16 idi ariko dira lanean banaka; uztarri motzean esaten zaio. Bi larrauldar bertan izango dira: Kixkurre eta bere auzotarra den Pedro Joxe.
Bukatzeko, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala larunbat honetan izango dela esan behar da. 19:00etan Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan, Aitzol Atutxa, Arria V.a, Eneko Otaño eta Jon Rekondo ariko dira txapelaren bila. Faborito bezala Atutxa agertzen baldin bada ere, esan beharra dago, lau finaletan egon dela eta oraindik ez duela bat irabazi. Baina ez da bakarra, txapeldun handien artean badira proba hau irabazi gabeak. 1998an hasi ziren Urrezko Aizkolarien Txapelketa antolatzen, eta orduan Peñagarikano beizamarrak irabazi zuen. Ondoren, Olasagastik eta Larretxeak pare bat aldiz, Nazabal iritsi arte. Arantzarrak bederatzi aldiz irabazi zuen. Iaz, berriz, Iñaki Azurmendi izan zen txapelduna. Esan bezala, tartean gelditzen dira Mindegia eta Arrospide bezalako aizkolariak, bi final jokatu eta txapelik lortu gabe geratu zirenak.
Jaialdi berean, Azpeitian, 23 urte azpikoen finala jokatuko da, eta Eneko Saralegi egongo da bertan. Aurkaria Julen Larrea zuen leitzarrak, baina aberia dezentekoa egina da azken astean, eta bere lekuan Eloi Kortxero araiarra izango da Izarraitz pilotalekuan. Bi diren lekuan hiru ere izaten direnez, Xanta Sousa marka pertsonala egiten saiatuko da Azpeitian, larunbatean. Txinga eroaten jarriko da nafarra, baina 25 kiloekin beharrean, 50 kiloko txingekin ariko da lanean. Emakumeak txapelketan 25ekoekin ibiltzen dira, eta gizonak 50ekoekin, Sousak azken horiekin egingo du. Lesakan bizi da Xanta, eta jatorriz brasildarra da. Baina benetan deigarria da euskaraz nola egiten duen entzutea, eta Euskal Herriko ohituretan nola sartu den ikustea, eta ez bakarrik herri kiroletan; gauza guztietan.