Datozen bost urteetarako, "aldebakartasunik ez"

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 25a, 12:48
Eneko Maioz, Unai Iraola eta Mikel Agirrezabala Osasun Batzordean izan ziren, joan den astelehenean.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan dira Eneko Maioz, Mikel Agirrezabala eta Unai Iraola eskualdeko alkateak, Osasun sailak eta Invizak duten hitzarmenaren harira.

Datorren azaroan amaituko da Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza S.A.-k eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela bost urte sinaturiko hitzarmena. Orexa, Ibarra eta Alegiako alkateek agerraldia izan zuten, joan den astelehenean, legebiltzarreko Osasun Batzordean eta, Eneko Maioz Orexako alkateak azaldu duenez, "alderdi politikoen aldetik jarrera ona izan zen; orain ikusi egin behar".

Eskualdeko alkateek hitzarmenaren balorazioarekin ekin zioten beren esku hartzeari: "Eusko Jaurlaritzak ez du halakorik egin eta, egin baldin badute, guri ez digute informazio hori helarazi", dio Maiozek. Gainera, ordezkari politikoen iritziz, bost urteko epea "nahikoa da" hitzarmenak emandako fruituak baloratzeko.

Horrela, beraz, Maiozek, Agirrezabalak eta Iraola "argi" dute "hitzarmenak horrela ezin duela jarraitu" eta, bide horretan, "akatsetatik ikasi beharraz" ohartarazi du Maiozek: "Batetik, klinikan obrak aurreikusi zituzten, baina, azkenean, ez dute ezer egin. Era berean, Donostia Ospitalera joateko aukera kendu nahi ziguten hasieran, gerora muga hori ezarri ez diguten arren".

Donostia Ospitaleko zerbitzuaren harira, gainera, datuak ere plazaratu zituzten legebiltzarrean. Izan ere, Donostia Ospitalearen berezko eskualdetik kanpoko erabiltzaileetan, erdiak Tolosaldekoak dira, eta alkateen ustez horrek Asuncionen zerbitzua "zalantzan" jartzen du: "Guk argi daukagu Asuncion klinikako langileek duten onena ematen dutela, baina 10 langilerekin eskain daitekeen zerbitzua edo 5 langilerekin eskain daitekeena, ez da bera", dio Maiozek.

Langileei begira jarrita, gainera, Maiozek beren aldarrikapenak ere nabarmendu nahi izan ditu, Tolosaldeko ESIa "negoziaziorik gabe" jarri baitzuten martxan. Horrela, beraz, epaileak langileei arrazoia eman die, lehen instantzian: "Zerbitzu publiko batekin parekatu ezin diren mila faktore daude, tartean, soldata, baldintzak eta lan orduak".

Mahaia eta sare publikoa

Horregatik guztiagatik, eskualdeko alkateek Tolosaldeko Osasun Mahaia osatzea eskatu zuten Osasun Batzordean. Azaldu zutenez, duela bost urte sinaturikoa "erabateko aldebakartasunez egin zuten, eta eskualdeko herritar, gizarte eragile, alderdi politiko nahiz sindikatuak prest daude mahai honetan parte hartu eta guztion interesak eztabaidatzeko".

Beren asmo eta gogoa ez dute ezkutatu, eta Asuncion klinika publiko egitea eskatuko lukete balizko mahaian, Euskal Herriko bi adibide argudiotzat hartuz: "Arrasateko ospitalea eta Barakaldoko San Eloy ospitalea sare publikoan integratu ziren. Beraz, dena da posible borondaterik baldin bada", dio Maiozek.

Legebiltzarrean egindako agerraldiaren ondoren, PSE-EEko ordezkariak alkateek egindako irakurketarekin "erabat ados azaldu ziren, hitzarmena berrikusteko prest". Beren aldetik, "EAJko kideek ez zuten gehiegi sakondu, eta Asuncion klinika desagertuz gero zer gertatuko litzatekeen galdetzen zuten", azaldu dutenez: "Beldurra sortzeko baliatzen dute argudio hori, izan ere, Asuncion ez litzateke desagertuko; kudeaketa mota aldatuko litzateke, irabazi ekonomikoak erdigunean egon beharrean, pertsona erdigunean jarriz", dio Maiozek.

Horrenbestez, azarora bitarte, Tolosaldeko osasun zerbitzuaren afera alkateen "eguneroko agendan" izango dela azpimarratu dute, eta mahaia osatzeko lanean jarraituko dutela: "Hau hasi besterik ez da egin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!