Zientziaren dibulgazioan mamitzeko ikastaroak

Ataria 2016ko mai. 18a, 09:46

UEUko Udako ikastaroetan, uztailaren 11 eta 12an izango da Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak ikastaroa. Josu Lopez-Gazpio tolosar kimikariak, Koldo Garcia biologoarekin batera antolatu du, eta irekita dago izen emate epea uztailaren 3a bitarte.

Ikertzaileak, zientzia-kazetariak, irakasleak, zientzia edo kazetaritza ikasleak eta zientziazaleei (zientzia dibulgatzen dutenak edo dibulgazioan hasteko grina dutenak) zuzendutako ikastaroa izango da. Saioak, 09:00etatik 14:00etara izango dira, Eibarko Markeskoa jauregian.

«Azken urteetan euskarazko zientziaren komunikazioan, dibulgazioan, hainbat proposamen eta egitasmo interesgarri egin dira. Asko egin bada ere, oraindik badira ahuleziak eta hobetzeko abagunea badago», argitu dute antolatzaileek.

Esperientziak partekatzeko, ideia berriak plazaratzeko, gure mugetaz gogoeta egiteko eta jende berria zientzia komunikatzera bultzatzeko ikastaro-topagune hau antolatzea erabaki dute.

Helburuen artean, zientzia-dibulgaziorako estrategiak lantzea eta esperientziak partekatzea; ikertzaile, dibulgatzaile, zientzia-kazetari eta zientziazale euskaldunen arteko sarea trinkotzea; dibulgatzaile lanetan hasi nahi dutenei baliabideak eskaintzea eta euskarazko dibulgazioan ari direnen topagunea izatea jarri dituzte.

Ikastaroan zientzia-hitzaldiak eta zientziaren komunikazioari buruzko hitzaldiak egongo dira. Horietan ikuspuntu desberdinak emango dira: unibertsitatean lan egiten duten ikertzaile zein irakasleak, kazetaritzara hurbildu diren zientzialariak edo zientziara hurbildu diren kazetariak izango dira hizlari, haien esperientziak ezagutzeko eta partekatzeko aukerarekin.

Besteak beste, honakoak izango dira hizlari lanetan ariko diren adituak: Jon Zarate, Ana Galarraga, Juan Ignazio Perez, Gotzone Barandika, Jon M. Matxain, Uxune Martinez, Asier Vallejo, Amaia Portugal, Guillermo Roa, Maria Jesus Aranzabe eta Juanma Gallego. Baita, antolatzaile lanak egin dituzten Josu Lopez-Gazpio eta Koldo Garcia ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!