Giza eskubideen errespetuan aurrera egin nahian

Ataria 2016ko maiatzaren 16a

Irudian, Leaburu-Txaraman 'HartuTrena!' ekimenaren baitan ateratako argazkia.

Ibarra, Leaburu-Txarama eta Berastegiko herritarrek hainbat ekimen burutu dituzte asteburuan euskal presoen giza eskubideak errespeta daitezela eskatzeko

Leaburu-Txarama, Berastegi eta Ibarran Hartu Trena! ekimenaren harira Sarek ostiralean herri ezberdinetan deitutako deialdiekin bat egin zuten. Trena hartutako herritarrek argazkiak atera zituzten Leaburu-Txaraman eta Berastegin. Ibarran, berriz, trenaren ibilbidea irudikatuz herriko hainbat gunetan geldialdiak egin zituzten, eta presoek bizi dituzten egoerak irudikatu edo azalarazi zituzten (salbuespeneko legedia, dispertsioa, gaixo larriak, iheslariak...). Ondoren, soka-tira desafioa eta afaria izan zituzten plazan. Eta gauari gaztetxean eman zioten amaiera, La Jodedera taldearen kontzertuarekin eta DJ Bull-ekin.

Ekimen horien helburua "euskal preso eta iheslarien eskubideen alde ahal den herritar gehienak aktibatzea, bakoitza bere eremutik" izan da Sarek azaldutakoaren arabera. Salbuespen egoerak gainditzeko garaia dela uste du Sarek: "Gure ustez sekula ez du izan zentzurik giza eskubideen urraketak, eta are gutxiago azken urteetan Euskal Herrian bizi den egoeran. Horregatik iruditzen zaigu larritasun handia duten egoera batzuk gainditu behar direla lehenbailehen".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!