XIV Orduko Martxa 2016

XIV Orduko Martxaren ibilbide berria ezagutuz

Mikel Iraola 2016ko mai. 16a, 13:52

Non hartuko dute ibilbide berria? Nolakoa da? Zer nolako paisaiak ikusiko dira? Galdera horien erantzunak bilatzen saiatu da Tolosaldeko Ataria Joseba Tobar, XIV Orduko Martxaren antolatzaile taldeko kidearekin.

Igaratzatik bueltan, Tolosara itzultzeko hiru bide ezberdin izango dira aurtengo XIV Orduko Martxan. Bata, betikoa, Minetako ibilbidean behera joaten dena; bestea, urterokoa baina ez hain erabilia: hondarrezko pista; Bada, aurten, Amezketa eta Tolosa arteko asfaltozko zatia ekiditeko, mendi bidea ere izango da.

Buruntzunzin aterpetxera iritsi baino lehen izango dute bidegurutzea azken ibilbide hau hautatu dutenek. Antolakuntzako kideren bat izango da bertan, azalpenak emateko.

Behin aterpetxera iritsita, Balerdi mendira igotzeko ibilbidea alde batera utzi, eta GR 121 bidea hartuko dute mendizaleek, Larrondora iristeko. Hain zuzen, zati hori izango da ibilbide honetako zatirik gogorrena, aldapatsua eta oso teknikoa baita.

Larrondotik Zarateko bentara joango dira, han izango baita anoagunea. Handik, Urdileko lepotik eta Añiko uso paradetatik barrena, Altzora iritsiko dira, harrobiaren gainean dagoen galtzada zaharra zeharkatuz.

Altzon, Frailetako frontoiaren eskuin aldeko pistatik joan beharko dute. Hor hasiko dute ibilbideko azken pista zatia. Tolosako Usabal auzora iritsiko dira eta hortik aurrera, asfaltoz egin beharko dute Berazubirainoko bidea.

Joseba Tobar, antolakuntzako kidearen esanetan, ibilbide berria “zoragarria da”, baina arretaz joateko eskatu du: “Oso polita da, baina gorabeheratsua da eta indarrez soberan ibiltzea komenigarria da”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!