Ekitea ikasgai

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 15a, 21:00
BeƱat Azaldegi, Olaia Etxeberria eta Gorka Otermin.

Olaia Etxeberriarentzat (Irura, 1994), Gorka Oterminentzat (1995, Atallu) eta Beñat Azaldegirentzat (Tolosa, 1994) etorkizun hurbil batean «ezinbesteko» izango dute proiektu berrietan murgiltzeko gaitasunak garatzea eta, besteak beste, horrek bultzatu zituen proiektuan parte hartzera.

 «Azken finean, desberdintzen gaituen zerbait da eta, gaur egun, enpresek hori behar dute. Izan ere, unibertsitatean jendeak bere 'konfort eremua' sortzen du, egoera horretara moldatzen da. GAZEn parte hartuz gainbalio hori hartzen dugula uste dut, eta oso interesgarria da», dio Oterminek.

Miguel Sanchez Mazas katedran du jatorria, GAZE egitasmoak. 2008an antolatu zuten estreinakoz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean gorpuzturiko beka bat da. Aurtengoa, ordea, urte berezia da, eta GAZEk ere nabaritu du horren eraginik: Donostia 2016 kultur hiriburutzak GAZE proiektuaren bekaldia gazte gehiagorengana hedatzea ekarri du eta, ondorioz, proiektu gehiago martxan jartzea ere bai. «Orain arte, 10 ikaslek parte hartu izan dute proiektuan, eta urtero 3 egitasmo lantzen zituzten. Aurten, berriz, Europako Kultur Hiriburutzaren proiektutik ere finantziazioa eskuratu dutenez, guztira 30 neska-mutil ari gara, zortzi proiektutan», dio Beñat Azaldegik.

Aipaturiko erakundeek emandako bultzada bost hezkuntza esparruk probesten dute, edo haien ikasleek. Batetik, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Tecnun egitasmoko kide dira eta, halaber, Tknika Lanbide Heziketa berrikuntzarako zentroak ere parte hartzen du. Olaia Etxeberriak aurten amaituko du antolakuntza ingeniaritza, Tecnunen, eta ingeniaritza informatikoa eta enpresari ikasketak uztartzen ari da, aldiz, Gorka Otermin, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean. Beñat Azaldegik, berriz, zuzenbide ikasketak biribilduko ditu EHUn, zenbait aste barru.

Hirurek ala hirurek ere, unibertsitatearen bitartez ezagutu zuten GAZE: Kaleidoskopio proiektua, eta izena ematea erabaki: «Zintzoki esanda, batetik bekaren bitartez jasoko genuen ordainsaritxoak erakarri ninduen eta, era berean, hainbeste jenderekin proiektuak lantzeko gogoagatik ere bai», dio Etxeberriak. Horrela, beraz, deialdiari jaramon egin eta curriculuma bidali zuten, ondoren elkarrizketa bat egiteko: «Batzuk kanpoan ginen elkarrizketarako deitu gintuztenean eta nik, adibidez, Skype bitartez hitz egin nuen arduradunekin; bitxia izan zen», dio Oterminek.

Egiazki, arazo edo hutsune bati erantzun bat emateko sortu zuten GAZE proiektua, ikasleek azaldu dutenez: unibertsitate edo lanbide heziketa ikasketak amaitutakoan, ikasleek lanerako jarrerarik edo esperientziarik ez zutela ikusten zuten eta, beraz, lan mundura begirako errealitateak eraiki nahi izan zituzten bekaren bitartez. Eta, bide horretan, zorteko dira eskualdeko hiru ikasleak, eta eurekin batera ari den Jon Alonso tolosarra: 150 gazteren artean hautatu zituzten.

«Hezkuntza eredu tradizionaletik haragoko gaitasunak lantzeko sortutako katedra da aipaturikoa eta, egia esan, oso-oso polita da diziplina arteko lan horretan aritzea. Oso profil desberdinetako jendea elkartu gara, eta elkar elikatzen gara», dio Azaldegik. Eta bere grina bera sentitzen dute Olaia Etxeberriak eta Gorka Oterminek ere, proiektuen gidaritza gozatu eta jasatearen arteko dantza horretan: «Gure lana guk aukeratutako egitasmoak aurrera eramatea da, eta norbere kezkak plazaratuz eta ideia batzuk lehenetsiz aukeratu genituen proiektuak; hori oso erakargarria da».

Izaera soziala, ideia gazteen iturri

«Prozesu demokratiko bat», hori izan zen GAZE: Kaleidoskopioko 30 gazteek egin zuten lehenengo gauza, landu beharreko ideiak aukeratzeko. Asmo eta gogoen zaparradaren ondotik, galbahe txiki bat pasatu zuten eta, ondoren, errealitatearen betaurrekoak jantzi, benetan egingarriak ziren egitasmoak abiarazteko.

Modu horretan, zortzi bidezidor irekitzen hasi dira, pixkana-pixkana, bost hilabeteko epean garatzeko. Hastapenetan hitzartu gabeko zerbait izan bada ere, GAZE: Kaleidoskopiok martxan jarritako proiektu guztiak izaera sozialekoak dira eta, ondorioz, gizarte eragileekin eskutik eraikitakoak: «GAZEko idazkariek esan zigutenez, gizarte eragileekin bezalaxe lan egin genezakeen enpresekin ere, baina, ez dakigu zergatik jo dugun guztiok gizarte eragileengana; horrela atera da», dio Oterminek.

Emausen dendetako bezeroen profila zabaltze aldera, boluntariotza eta arropa erabilia itxuraldatzea sustatuko duen bidea. Donostiako ondare naturala ezagutarazi eta, Aranzadirekin batera, merezi duen tartea emateko gogoa. Anorexiaren eta bulimiaren aurkako ACABE elkartearen jardunarekin bat eginez, gaitz horien inguruko sentsibilizazioa areagotzea. Autismoa duten pertsonen errealitatea norbere azalean sentitzea, Gautena elkartearen laguntzaz. Bidelagun elkartearen helburuei bultzaz, Baztango etorkinek beren topagunea izatea, harreman sareak osatu eta integrazioa sustatzeko. Azpeitian energia kontsumo iraunkorragoa sustatzea, Piztu egitasmoaren bidetik. Kultura sortu, kontsumitu nahiz babesten duten donostiarren sare bat sortzea, oholtza handietatik kanpo ere kultur truke hori bermatzeko. AEBetako San Frantziskon eskuratutako jakintzekin, berrikuntza protokoloak sortzea. Horiek dira 150 balizko ekintzaileren arteko 30ek mamituko dituzten proiektuak, GAZE: Kaleidoskopioren aitzakian.

«Azken finean, gure proiektuetako prozesu guztietan enpresa bateko errealitatea ezagutzen dugu», dio Olaia Etxeberriak: «Lehenengo, negoziazio bat dago beti eta, gero, gauzak modu batera irtengo direla uste duzun arren, ez da hala izaten, zure gainetik bere hiru daudelako». Noski, edozein proiektu ekiten duenari gertatu ohi zaion moduan, GAZE: Kaleidoskopioko neska-mutilek ere topo egin dute frustrazioarekin, eta beren egitasmoen harreraz galdetzean aitortu dute sentimendua: «Zerbait grina handiz prestatu eta lantzen duzunean, iruditzen zaizu jendeak ere halaxe erantzun behar duela, baina, noski, gauza jakina da ez dela horrela gertatzen, eta beti ez duzula esperotako harrera jasotzen».

Eta, hain zuzen hori da gazteok bekalditik jaso duten irakasgaietako bat: frustrazioei aurre egiten ikastea. «Asko ikasten ari gara, baita horretan ere. Aurrerantzean gauzei beste modu batera begiratuko diegu, eta onartu egingo dugu egiten ari garen egitasmo bat beti ez dagoela gure esku».

Gaitasunen kutsadura

Oztopoak oztopo, hiru ikasleek argi dute GAZEn parte hartzeak hainbat jakintza eskainiko dizkiela; hobeto esanda, jada eskaini dizkiela. Horren errudun nagusia, gainera, hainbat gradu eta zentrotako ikasleak elkarrekin aritzea dela uste dute.

«Nire taldeko neska bat, adibidez, arkitektoa da, eta ikaragarria iruditzen zait lana eta eginbeharrak antolatu eta programatzeko duen gaitasuna. LEINN gradukoak, berriz, oso-oso trebeak dira bilerak arbelean islatu eta dena ikusgarriago egiten. Ni azken momentuan eta inprobisatzen ibiltzen den horietakoa izan naiz beti, eta asko ikasi dut beraiengandik», dio Beñat Azaldegik.

Gorka Otermin bat dator, eta «gaitasunak kutsatu» egiten direla uste du, gainera: «Horrez gain, bestela sekula elkartuko ez ginatekeen jendea elkartu gara taldean, oso giro desberdinetatik gatozelako. Baina, hala eta guztiz ere, ederki uztartu dira gure nortasunak, eta ez da inongo arazorik izan». Areago, GAZE: Kaleidoskopiok euskara lehenestea irizpidetzat du, eta bada bekaren bitartez euskara ikasten hasi zen jendea ere, Etxeberriak zehaztu duenez.

Kontzeptu berriak

Ekintzaile izatea joeran dago, eta hiru ikasleek ezinbestekoa dela onartzen duten moduan, baieztapen hori ere sinatuko lukete. «Lehen inorengatik ez zen esaten ekintzaile zenik, hala izanda ere», dio Olaia Etxeberriak.

Oterminen ustez, «egungo lehiakortasuna garatuago dagoelako» gertatzen da hori, baina, aldi berean, ekintzailetasunaren inguruan graduondoko nahiz ikastaro asko sortu direla ikusten du.

«Nik sarri pentsatzen dut halako egitasmoekin benetan ekintzailetasuna sustatu nahi ote den edo ez, baina, negozio kutsua izanagatik, berrikuntza lortzeko metodo horiek onura ekartzen digute, beraz, baliatu egin behar», Azaldegiren arabera.

Eta, baliatze horretan, GAZE: Kaleidoskopioko kideak kontzeptu berriez jabetzen ere ari dira. Proiektuaren barruan zenbait saio jasotzen dituzte, eta horietako batzuk psikologian doktore batek eskaintzen dizkie. Horrela, berrikuntza inklusiboa nabarmen jorratzen dihardute bekaren bitartez: «Egia esan, oraindik ez dugu erabat barneratu kontzeptua eta, interneten-eta begiratuta ere, argi dago garatu gabeko zerbait dela, garatzen ari dela». Normalean berrikuntzarik iristen ez den esparruetan berrikuntza txertatzean datza berrikuntza inklusiboak eta, era berean, berrikuntza jasan edo jasoko duten horien iritzia kontuan hartuta, berrikuntza eraikitzea.

Oinarri horien gainean lan mundura sarrera errazteko gaitasunak atxikitzen ari dira neska-mutilak, eta gogo bakarra dute, etorkizunera begira: «Guk hasitako proiektuek jarraipena izatea nahi dugu, hurrengo urteko GAZEko kideen eskutik, edo eragileen euren eskutik».

 

GORKA OTERMIN, IKASLEA

Ikasketak. EAZ eta ingeniaritza informatikoa. GAZE: Kaleidoskopioko proiektua. Acabe elkartearekin elkarlanean, anorexiaren eta bulimiaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio jardueran antolatzea, gazteei begira.

 

OLAIA ETXEBERRIA, IKASLEA

Ikasketak. Antolakuntza ingeniaritza. GAZE: Kaleidoskopiko proiektua. Emausekin elkarlanean, haien dendetako publikoa anitzago egiteko lana, joskintza tailer nahiz moda desfileen bitartez.

 

BEÑAT AZALDEGI, IKASLEA

Ikasketak. EAZ eta ingeniaritza informatikoa. GAZE: Kaleidoskopioko proiektua. Acabe elkartearekin elkarlanean, anorexiaren eta bulimiaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio jardueran antolatzea, gazteei begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!