"Zigarrokinak oso kutsakorrak dira"

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 14a, 10:00

Atzera begiratuz gero, filmetan protagonista zigarroa pizten ikusten zen eszena edo autobusetako besaulkietan zeuden hautsontziak ia txuri-beltzeko irudi bezala gogoratzen ditugu; oso antzinakoak balira bezala. Baina, benetan duela hamarkada gutxitako kontuei buruz ari gara. Hain zuzen ere, azken urteetan lan egin den haritik, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna (maiatzak 31) ospatuko da laster, eta data horren bueltan hasiko gara alde batetik eta bestetik tabakoaren inguruko datu eta ondorio mordoa entzuten.

Tabakoak osasunean dituen ondorioei buruz hitz egitea izaten da ohikoena tabakoaren aurka egiten diren kanpainetan, baina, Tolosaldeko eragile ezberdinek pauso bat aurrera eman eta mezu berri bat helarazi nahi izan diote gizarteari. Azken hilabeteetan, osasun arloak abiatu eta gerora eskualdeko eragile askorekin batera Tolosaldean Tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpaina lantzen hasi ziren. Kanpainaren bitartez, gizarteari tabakoak ingurumenean dituen ondorio zuzenak ikusarazi nahi dizkiete.

Osasunean tabakoak eragiten dituen ondorioak ere helarazten dira, ordea, kanpaina honetan, eta horretan lanean jardun duten Maider Sierrak, AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak, Tomas Plazaolak, Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko Eskualdeko Koordinatzaileak, eta Mari Luz Rodriguezek, Osakidetzako sendagileak zenbait daturen inguruko hausnarketa egin dute.

Azken urteetan, tabakoari buruz hitz egiten dugunean, sarri entzuten da erretzaile kopurua asko jaitsi dela, baina horrela al da?

Mari Luz Rodriguez: Bai, kopurua jaitsi da, eta jaitsi da erretzaileek erretzeari utzi diotelako, baina arazo larri bat daukagu gazteekin, erretzen hasten baitira. Orduan, gure kanpainak bi helburu ditu. Alde batetik, erretzaileek erretzeari uztea, eta bestetik, gazteak ez hastea. Gure helburua kerik gabeko gizartea edukitzea da, eta irabazten ateratzen dira erretzaileak, ingurukoak eta baita ingurumena ere. Azken finean, tabakoa toxikoa da erretzaileentzat, inguruan daudenentzat eta ingurumenari dagokionez, zigarrokinak oso kutsakorrak dira.

Gazteengan arreta jartzeko beharra aipatu duzue. Baina, Zenbat gazte hasten dira erretzen, eta zenbatek jarraitzen dute erretzen aurrera begira?

Maider Sierra: Zenbakiak esatea nahikoa konplikatua izaten da, baina gu konturatzen ari gara azken urte hauetan, jendeak eta bereziki helduek (50 urte inguruko pertsonek) hausnarketa bat egiten dutela, informazio asko baitago, eta adin horretan erretzeari uzteko pausoa ematen duten bezala, oraindik nerabezaroan ez da arrisku hori sentitzen. Arriskuaren sentsazioa ez dago; nerabezaroarekin bat datorren ezaugarri bat da. Bai konturatu garela, agian, beste drogekin bezala (alkoholarekin, kanabisarekin, edo beste sustantziekin) nerabeek atzeratu egin dutela kontsumoaren hasiera, baina tabakoarekin ez. Normalean nerabezaroan lehenengo kontsumitzen den droga alkohola da, tabakoarekin batera. Gero hasten dira, jarraian, gainontzeko drogen kontsumoak. Kantitatea ezingo genuke esan, baina errealitatea hor dago eta horrek kezkatzen gaitu.

Kezkagarria da, eurak direlako etorkizuneko helduak.

M. S.: Bai, zeren legearen ondorioz ikusi dugu aldaketa bat egon dela, beste modu batera erretzen dela, beste leku batzuetan... Hori nabaritu dugu, baina nerabezaroa hor gelditzen zaigu, pixka bat kolokan.

Tabakoaren aurkako kanpainetan ohikoena osasunean eragiten dituen kalteei buruz hitz egitea da, baina zeintzuk dira ondorio nagusienak?

Tomas Plazaola: Beti ohituta gaude tabakoak osasunean zein kalte egiten dituen entzutera, baina kanpaina honetan berrikuntza izan da osasunean bakarrik ez, ingurumenean ere izugarrizko eragina duela adieraztea. Adibidez, zigarrokinak azken finean lurrean botatzen ditugu; ez dakigu errefusa, organikoa edo zer diren. Kalean dauden zigarrokin guzti horiek errekara doaz, eta errekatik ziurrenik gure araztegira, edo ur kontsumorako bideratzen duen ur horretara. Horrek esan nahi du ur hori neutralizatzeko produktu kimiko gehiago beharko direla. Bestalde, etxean proba egin eta arrain txiki bat litro batean lau zigarrorekin sartuz gero, ikusiko duzue lau-bost egunerako akabatuta dagoela arrain hori. Momentu honetan, zigarrokin batek zortzi litro ur kutsatzen ditu. Horregatik, oraingoan osasuneko arazo horiez gain, ingurumenarekiko sentsibilizazio hori landu dugu. Ingurumenarekin oso kontzientziatua dagoen jendea, ez da konturatzen, alde batetik, erretzen doanean dioxinak botatzen doala. Bestetik, zigarrokinak botatzean ura kutsatzen dela. Eta, azkenik, zigarro horiek egiteko paperak deforestazio ikaragarria eragiten duela.

Eta erretzeaz uztearen abantaila nagusiak?

M. L. R.: Osasuna eta baita ekonomia ere, zeren oso garestia da. Pakete bat erretzen duen erretzaile batek urtean 1.600 euro gastatzen ditu. Fisikoki ere zimurrak, usaina, hortzak... kaltetzen ditu. Horrez gain ingurukoengan ere eragina du: erretzaileen seme-alabek biriketako arazoak izateko, edo katarroak edukitzeko, besteek baino arrisku handiagoa daukate. Erretzaile askok uzten dute erretzeaz seme-alabengatik. Ondoan daukazun horrek ere, nahiz eta heldua izan, %20-30eko aukera dauka biriketako minbizia izateko, edo bihotzeko bat edukitzeko. Besteek baino handiagoa.

M. S.: Niri asko gustatzen zaidan lorpen bat erretzeari uzten denean, lortzen den askatasuna da. Azkenean, dependentzia guztietan lortzen den askatasun hori da garrantzitsuena. Zenbat aldiz iritsi daiteke norbait etxera ogirik gabe ahaztu zaiolako, baina inoiz ez tabakorik gabe. Edo agian, gauean esnatu eta tabakorik gabe badago, gasolindegi batera joan behar izatea, tabako bila, ziur irakurleren bati gertatu zaiola. Osasuna garrantzitsua da, ekonomia ere bai, baina askatasunarena ere hor dago.

M. L. R.: Askatasunarena denek esaten dute, beti agertzen den gaia da.

Baina, erretzeari uztea erraza ez dela diote erretzaileek. Zer egin beharko luke egoera horretan aurkitzen den norbaitek?

M. L. R.: Jende gehienak bere kabuz uzten du, beraiek kontzientziatuta daude eta horretan saiatzen dira. Baina, batzuek laguntza behar izaten dute eta laguntza behar badute hemen gaude, batetik Minbiziaren Aurkako Elkartea, eta bestetik, Osakidetza. Bere osasun zentrora joan dadila, eta laguntza eska dezala.

M. S.: Nik jendea pausoa ematera animatuko nuke, saiatzera. Zenbat aldiz gauza guztiekin eta tabakoarekin ere pentsatzen dugu, benetan izango dena baino zailagoa izango dela. Ausartu daitezela! Ezin bada, hemen gaude profesionalak laguntzeko.

Eta erretzailea izan ez arren, erretzaile pasiboa denak edo inguruan erretzaileak dituen pertsona batek zer egin beharko luke?

M. L. R.: Besteari bere ondoan dagoenean ez erretzeko eskatu. Bada, egin ohi den galdera bat: molestatzen dizu nik erretzen badut? Eta normalean jendeak lotsagatik edo lasai erretzeko esaten du. Bada, molestatzen digula ere esan behar da: begietan mina egiten dit, eztula sorrarazten dit... Zoaz kanpora eta erre.

T. P.: Kotxe barruan erretzen duzunean eta ume bat edo beste joaten bada bertan hura ere erretzaile pasiboa da. Lege berri honetan ez da atera hori debekatzea, baina kontutan eduki behar da kotxe hori kutsatuta dagoela eta barruan doazenak erretzaile pasiboak direla, eta askotan ez garela konturatzen.

Izan ere, espazio askotan erretzea debekatu bada ere, beste espazio askotan oraindik erre daiteke.

M. S.: Bai, eta kontuan hartu behar da espazio itxi batean aire hori garbitzeko aukera bakarra gure birikak direla, bertan dauden pertsonen birikak direla. Orduan, nik uste dut garrantzitsua litzatekeela gure buruari eta gure ingurukoei ahalik eta min gutxien egitea, eta horretarako zergatik ez keari alde egiten utzi. Lehen adibidez, kotxeen aparkalekuetan nabaritzen genuen arnasa hartzeko genuen zailtasun hori. Gaur egun parking berrietan aire garbia dago. Hori egiten dugu guk etxean edo espazio itxi batean erretzen badugu; oxigenoa kentzen ari gara bai guri eta baita aldamenekoari ere.

Ikusten dut kontzientziazioa oso garrantzitsua dela, ezta?

M. S.: Bai, eta nik uste dut garrantzitsua dela konturatzea ez dela molestatzen didan ala ez, baizik eta osasungarria den ala ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!