Kea uxatuz, osasuna eta ingurumena zainduz

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 13a, 12:14

Natura eta ingurumena zaintzea ere bada egungo gizartearen artean sumatzen den kezketako bat, eta hain zuzen ere, Tolosaldea tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpainak hausnarketarako bide hori tabakoaren ondorioekin lotu nahi izan du. 

Kanpainaren helburu orokorra Tolosaldeko populazioa sentsibilizatzea da, «tabako-kerik eta zigarrokinik gabekoa izatea lortzeko». Horretarako, herritarren artean tabakorik gabeko bizimoduak «maila indibidualean eta inguru sozialean» zer nolako abantailak dituen zabaltzen saiatuko dira. Tabakoarekiko mendekotasunak gainditzeko «Osakidetzak Tolosaldeko osasun zentroetan egiten dituen eskaintzak ezagutarazi eta sustatzea» ere helburu izango dute. Arreta berezia jarri nahi dute gazteen arloan, eta erretzen has ez daitezen «prebentzio neurriak baliatu» nahi dituzte.

Horri guztiari lotuta, eta ingurumenaren arloari zuzenean begiratuta Tolosaldeko biztanle guztiei ulertarazi nahi diete «zigarrokinek ez dutela balio, ez birziklatzeko, ez konposta egiteko».

Helburu horiek guztiak betetzeko asmoz, duela urtebete inguru ekin zioten ekimena prestatzeari, «ikusirik Urola Garaian posible izan zela horrelako zerbait egitea» eta gainera «oso pozik» zeudela, Tomas Plazaola, Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko Eskualdeko Koordinatzailearen esanetan. Tabakoak osasunean dituen ondorioak kanpainaren erdigunean jartzea «errepikakorra» izan zitekeela pentsatu zuten, eta ingurumenean eragiten duen kaltean arreta jartzea erabaki zuten.

Prozesu honetan egin den «zeharkako lana» azpimarratuko luke Plazaolak ekimen honetatik, izan ere, kanpainaren ardura osoa ez da osasun arloko langileen gain erori, eurekin parte hartu baitute: udal guztiek, elkarteak, farmaziak, dentistak, tabernariak... «Gizarte osoa mobilizatu nahi dugu, eta mobilizazio horren parte izan dira». Gizarte osoa zenbait gairekin mobilizatzea, «eredugarria» izan daiteke.



Aurrera egin behar

Urteetan atzera eginda, errealitate erabat ezberdin batekin topo egin genezakeen, tabakoaren gaiari lotuta. Esaterako, medikutara joandakoan, medikua kontsultan erretzen ikus zitekeen duela urte batzuk. Osasun arloan, egun medikuek zenbat erretzen ote duten jakiteko. Mari Luz Rodriguezek, Osakidetzako langileak, azaldutakoaren arabera, 1983an medikuen %59 inguruk erretzen zuten, eta «oso ohikoa» zen, esan bezala, kontsultara joan eta erretzea. 2014an ikerketa bera egin zuten, eta euren datuen arabera, %9ra jaitsi zen mediku erretzaileen kopurua. Arrazoi nagusiak bi dira Rodriguezen ustez: «Jaitsi da erretzaileek erretzeari utzi diotelako, baina bestalde, jendea ez dela erretzen hasten ikusten da».

Hain zuzen ere, tabakoak osasunean eta ingurumenean eragiten dituen ondorioen inguruko kanpaina aurkeztean, askotan bilatzen dena «utopia» bat dela pentsatzen da, baina medikuen arloan izan den aldaketa hori kontutan hartuta, «posible da egitea» Rodriguezen ustez.

Hala ere, aurrera pausoak eman badira ere, beste gai batzuetan hogeita hamar urtetan «askoz ere gauza gehiago aurreratu direla» uste du Maider Sierrak, AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak. Bere esanetan «gizarte aurrerakoi bat» eraikitzeko bidean, erretzea zerbait «erakargarria» bezala ikustea «atzera gelditzea dela iruditzen zaigu». Momentuko mendekotasunak albo batera utzi, eta «aurrera» egin beharra dagoela ikusten du Sierrak.

Aipatu bezala, ekimenak bi lan ildo nagusi ditu, bata osasunari lotutakoa eta bestea ingurumenari lotutakoa. Bigarrena, berritzaileena izanik herritarrengan harridura gehien sortzen duena ere izan da, Plazaolaren esanetan: «Egon garen eskoletan, angulak akabatzeko nikotina erabiltzen dela esaten duzuenean, denak harrituta gelditzen dira, esaterako. Horretarako erabiltzen bada, pentsa gure gorputzean eta ingurumenean zer nolako eragina duen». Horren erakusle, kanpaina prestatzen ari zirela jakin zutela Parisko Udala zigarrokinen aurkako «neurriak» hartzen hasi zela. Edo, Alicanteko Udalak egindako beste kanpaina baten berri ere izan dute: «Zigarrokina patatekin jan ezazu». Han erabiltzen duten ohiko esamolde bati erreferentzia eginez.

Hausnarketak ildo ezberdinetatik egitea «garrantzitsua» da Sierraren ustez, eta kasu honetan, proiektu honek ildo «polita» du jendeari pentsarazteko ezagutzen dituen ondorio horiez gain, «kalte gehiago» ere badituela tabakoaren kontsumoak.

Eragileekiko harremana

Harreman «estua eta ona» sortu da eragile mota ezberdinekin eskualdean martxan jarri den kanpaina honetan. Aipatu bezala, eragileak ugariak izan dira: udalerri eta erakundeak, ikastetxeak, herri mailako elkarteak, osasun arlokoak eta lan esparrukoak. Bereziki «harreman estua» sortu da, osasun arloan «modu batera edo bestera» lanean ari direnekin, Plazaolaren esanetan. Kanpaina honek eta gainerakoek ere «harrera oso ona» izaten dutela dio Sierrak, eta erretzaileren batengandik ere jaso dute eskatzen dutenaren inguruko mezu positiborik. Gauzak «elkarlanean» egiten ikasi dute kanpaina honetan eragileekin egindako harremanetan, eta aurrera begira ere elkarlan honekin jarraitzeko bideak ireki dituzte.

Tolosaldea Garatzenen bitartez egin zuten Tolosaldeko hogeita zortzi udalekin lehen harremana, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, eta «oso ondo iruditu zitzaien» Plazaolaren esanetan. Bestalde, eskualdeko enpresetara «700 gutun» bidali dituzte kanpainaren inguruko informazioarekin.



Eskoletan ere lanketa berezia egiten ari dira, eta bide horretan «tutoretzak» ematen ere ari dira gazteenei: «Bizitza osasuntsu bat izateko, %50a gure esku dagoela azaltzen diegu. Toxikoak non dauden eta gure osasunean zer eragin duen azaltzen diegu». Ikastetxeetan martxan dituzten programa ezberdinak «oso harrera ona» izan dutela dio Maider Sierrak. 8 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteekin egiten dute lan, eta euren mezuak debekuari lotuak izan beharrean «hausnarketa espazioak» sortzen dituzte. Ondorioz, «saio politak» izaten ari direla, eta «oso gustura» daudela dio Sierrak.

Halaber, tabernari edo ostalariengana ere jo dute. Zehazki, Tolosaldean 240 gutun helarazi dizkiete gune ezberdinei, eta gutun horietan «zer egin dezaketen» azaldu diete: «Legea betez gero, nahikoa egiten dute». Izan ere, tabakoaren ke hori biltzen duen sozializazio gunea da ostalaritzakoa, eta legea betetzeko ardurak «zenbait garaitan behera egin duela» uste du Plazaolak.

Azken finean, eragile eta erakunde guztiek «mezu bera» ematea da ekimenaren helburua, Sierraren esanetan: «Guztiok badakigu zer kalte eta ondorio dituen tabakoak. Goazen pauso bat harago ematera eta guztiok ildo beretik joatera».

Erretzeari uzteko laguntza

Osasunean eta ingurumenean tabakoak izan ditzakeen ondorioak ikusita, erretzeari utzi nahi dioten pertsonek laguntza jaso dezakete. Esaterako, Tolosaldea ESItik enpresei eskaini diete erretzeari utzi nahi dioten hamar pertsonako taldeak osatuz gero, enpresan bertan horretarako laguntza eskainiko liekete.

Bestalde, Tolosaldean herri txiki asko daude eta horietan ere erretzeari utzi nahi dion talderen bat sortuko balitz saio horiek udalean bertan egitea ere posible izango litzateke; bakarka ere posible izango litzateke. Herri txikietako biztanleek kanpaina honetan, herri handietakoak dituzten «baliabide berdinak» dituztela azpimarratu nahi du Plazaolak.

Kerik Gabeko Astea

Kanpaina ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, komunikazioaren arloa ere landu dute, eta eskualdean zehar kartel eta triptiko ezberdinak topa daitezke jada informazio osoarekin. Hala ere, lehen aipatu bezala erretzeari utzi nahi dioten pertsonekin osatutako taldeez gain, maiatzaren azken astean Kerik Gabeko Astea ospatuko dute, eta maiatzaren 31n Kerik Gabeko Eguna, eta hori dela eta aste horretan zehar ekimen mota ezberdinak ospatuko dituzte.

Aste horretan zehar Osasun Zentro guztietan mahaiak jarriko dituzte, herritarrei informazioa emateko; gauza bera egingo dute Mugi taldean ere. Eta oraindik zehazteke badute ere, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin urtero ekimen ezberdinak antolatzen dituzte. Mari Luz Rodriguezek azaldutakoaren arabera, iaz esaterako, autobus batekin enpresaz enpresa joan ziren informazioa ematera.

Maiatzaren 31a, hala ere, urteko egun bat da, baina Sierrak azaldutakoaren arabera «urte osoan zehar gaia presente» izatea da. Horretarako, «proiektu eta ekintza ezberdinak martxan jartzen» jarraituko dute, eta tabakoa erretzeari utzi nahi duenari «aukerak ematen».

Kerik Gabeko Egunean amaituko dute Tolosaldean tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpaina ofizialki, baina lana ez dela amaitu dio Plazaolak: «Ebaluatze bat egin behar dugu kanpaina nola joan den aztertzeko, eta hurrengo pausoak emateko zer hobetu behar dugun ikusteko».

Azkenik, Rodriguezek erretzaileei mezu bat helarazi nahi die: «Ausartzeko!». Prozesua luzea izan badaiteke ere, lehen pauso hori ematera «animatzen» ditu, eta laguntza behar badute «laguntza eskatzeko» lasai. Laguntza behar dutenek euren osasun Zentrora edo Minbiziaren Aurkako Elkartera joatea besterik ez dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!