XIV Orduko Martxa 2016

«Mendian ibiltzea gustatzen zait, eta gustatzen zaidalako ibiltzen naiz»

Asier Imaz 2016ko mai. 12a, 12:06

XIV Orduak bereziak dira, edo horrela esaten da. Mendizaleen artean giro berezia sumatzen da lau urtez behin eskualdean, edo horrela dela kontatzen da. Irati Ibarzabal ibartarrak lehen aldiz parte hartuko du:

Mendia maite duenarentzat mendira joatea berezia da. Itzuli bat, mendi martxa bat edo XIV Orduak; Irati Ibarzabalentzat (Ibarra, 1987) garrantzitsuena mendiarekin duen lotura hori da. XIV Orduak lehen aldiz egingo ditu ibartarrak, baina proba egin gabe ere, mendiarekin aspaldi egin zuen bat. XIV Orduetako antolatzaileak gustura egoteko moduan daude horrelako parte hartzaileekin.

XIV Orduak egiten dituzun lehen aldia izango da.
Egia esan ez nuen egiteko asmorik. Baina lagun bat etorri zitzaidan, egiteko asmoa zuela eta ea animatuko nintzen galdetuz.

Eta nola erreakzionatu zenuen?
Mendian ibiltzen naiz, beraz, besterik gabe: bale.

Orain arte zergatik ez zara animatu?
Ez naiz inoiz horretan pentsatzen jarri. Orain tokatu da eta...

Mendian ibiltzen zarela esan duzu. Prestaketa berezirik egin al duzu XIV Orduetarako?
Mendian ibiltzea gustatzen zait, eta gustatzen zaidalako ibiltzen naiz; ez XIV Orduak egin behar ditudalako. Hala eta guztiz ere, mendi martxen garaia da, eta astean ia egunero Uzturrera joan beharrean, erritmoa jaitsi dut, bestela gehiegi izango litzateke.

Noiz erabaki zenuten aurtengo edizioan parte hartzea?
Duela hiru hilabete inguru. Ondoren, hemen inguruko mendi martxak egiten hasi ginen, baina esan bezala, azken urteetako ohiturari jarraituz. Villabona, Andoain, Ondarroa, Berastegi... Asteburu honetan ez dakit zer egingo dugun, Bedaiokoa edo Zarauzkoa. Tartean parrandarako tartea ere izan da.

XIV Orduak bereziak direla zuri esatea...
Egun polita izango dela pentsatzen dut. Mendi martxetan ibiltzen garen lagunak joango gara XIV Orduak egitera. Berezia baino gehiago beste martxa bat bezala ikusten dut, nahiz eta 70 kilometrokoa izan. Orain arte, luzeena 28koa egingo genuen. Agian, asteburu honetan egingo dugu 45ekoa, Zarautzera joaten bagara. 

Lagunek hitz egingo zizuten XIV Orduen inguruan.
Bai, egon gara hitz egiten. Erraz egiten dela esaten dute. Jende artean eta giroan sartuta joaten zarela. Beraien oroitzapenaren arabera, ez zitzaien batere pisutsua egin.

Zer iruditzen zaizu anoa guneetako filosofia aldaketa?
Guk beti ematen dugu zerbait motxilan, badaezpada: ura, jateko zerbait... Maiatzaren 29an lagunak San Migelera joatekoak direla uste dugu, eta haiek ere zerbait eramango dute; bidean pisu guztiarekin ez ibiltzeko.

Eta ibilbide berriaren inguruan hartu al duzue erabakia?
Bai. Guk zaharretik egingo dugu. Berria mendiz dela esan zuten, baina kilometroetan aldea dago. Ez asko, baina... guk betikoa aukeratu dugu.

Zuen azken zatia ere gogorra izango da.
Denetik entzuten da Amezketatik Tolosarako zatiaren inguruan. Txankletak eman behar dituztela, korrika egitea ona dela... Nik ez daukat aurreko urteetako esperientzia, eta ikusiko da. Lagun baten aita badaezpada Amezketara behintzat joango da, zapatila eta galtzerdi berriekin.

XIV Orduak pasa eta gero, zer?
Hurrengo egunean lanera. Eta gero, beti bezala mendiaz gozatzen jarraitzera. Asko gustatzen zait mendia, niri behintzat lasaitasuna ematen dit: kirola egin, izerdia bota, eta berria bezala gelditzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!