Liga sendotzeko helburuarekin amaitu du denboraldia GAELek

Ataria 2016ko maiatzaren 11

Irudian, Bidania-Goiatzeko taldea, kopa jokatu zen asteburuan

Liga amaitu berri du GAEL elkarteak, eta aurrera begira bi hitzordu garrantzitsu prestatzen ari da: Logroñoko Torneoa eta Katalunian jokatuko den Selekzioen Torneoa

Herri Txikietako Areto Futbol Elkartea da GAEL, eta elkarteak antolatutako liga horretan parte hartzen dute eskualdeko herri txiki askotako taldeak. Apirilarekin batera amaitu zuten urrian hasi zuten denboraldia, liga eta kopari amaiera emanez. Hogeita bost taldek parte hartu dute maila ezberdinetan; tartean eskualdeko herri ezberdinak: Abaltzisketa, Ikaztegieta, Lizartza-Orexa, Bidania-Goiatz, Leaburu...

Denboraldiaren balorazio «ona» egiten du Jon Leundak, GAELeko koordinatzaileak: «Maila ona egon da, jendeak ondo erantzun du eta gustura gaude». Hutsuneak ere sumatzen dituzte. Batetik, «herri berrietan sartzea» kostatzen ari zaie, «lan asko» suposatzen duelako talde bat aurrera eramateak. Bestetik, «jende askok oraindik ez du sinisten historia honetan», «herri handietara» eta «hamaikako futbolera» begira baitaude Leundaren ustez. Aurrera begirako erronkak dira biak, hortaz.

Helburua «txikitatik hasi eta helduen maila arte» herri txikietan futbolean aritzeko aukera ematea da, eta aurrera begira taldeak mantentzen jarraitzea, eta herri berriren bat «erakartzea» da asmoa. Ametsa liga «Gipuzkoa osora» zabaltzea litzateke.

Denboraldi honetan ere Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Munduko Txapelketan parte hartu dute emaitza onekin, eta ordutik ate asko zabaldu zaizkie, «maila badagoelako». Horren erakusle, maiatzaren 21ean Logroñon izango direla txapelketa bat jokatzen. Bestalde, irailean Kataluniako Federazioak antolatutako Selekzioen Torneora joango dira GAELeko hiru talde, Euskal Herriaren izenean, Katalunia eta Frantziaren aurka jokatzeko.

LIGAKO ETA KOPAKO TXAPELDUNAK

Ligako irabazleak

Benjaminak. Txapelduna: Leaburu. Lehen talde mistoa: Leaburu.

Alebinak. Txapelduna: Txalburuk. Lehen talde mistoa: Bidania-Goiatz.

Infantilak. Txapelduna: GAEL.

Kadeteak. Txapelduna: Txalburuk. Lehen talde mistoa: Lizartza-Orexa.

Kopako irabazleak

Benjaminak. B Kopa. Txapelduna: Altzo. Lehen talde mistoa: Igeldo. A Kopa. Txapelduna: Bidania-Goiatz. Lehen talde mistoa: Bidania-Goiatz.

Alebinak. B Kopa. Txapelduna: Ikaztegieta. Lehen talde mistoa: Igeldo. A Kopa. Txapelduna: Baliarrain. Lehen talde mistoa: Bidania-Goiatz.

Infantilak. Txapelduna: GAEL.

Kadeteak. Txapelduna: Txalburuk. Lehen talde mistoa: Lizartza-Orexa.

Mikrofutsala. Txapeldunak. Mutilak: Txalburuk. Neskak: Bidania-Goiatz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!