«Jendea ez da oso aldarrikatzailea bere eskubideak eskatze horretan»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 10a, 09:22

Jorge Gonzalez Sainz, ADICAE elkarteko kideak zoru klausularen inguruan bi hitzaldi luzatuko ditu, gaur, Tolosan; Euskal Autonomia Erkidegoan ADICAEk eskainiko duen hitzaldi bakarra izango da.

Hipoteka maileguei eragiten die zoru klausulak, ordaindu beharreko gutxieneko interesa ezarriz. 2006 inguruan erabiltzen hasi ziren, eta epaitegietan ere badarama denbora bat, kontsumitzaile eta banketxeen arteko talkan. Azken afera, ordea, salaketa kolektibo baten haritik iritsi da, eta epaileak arrazoia eman dio 15.000 pertsonaren salaketari. ADICAE elkarteko (Kontsumitzaile eta banka erabiltzaileen elkartea) Jorge Gonzalez Sainzek bi hitzaldi eskainiko ditu, gaur, kultur etxean, zoru klausluaren inguruan. 11:00etan izango da bata, eta 12:00etan, bestea.

Hasteko, zer da zoru klausula?

Banketxeek hipoteka maileguetan txertaturiko klausula bat da. Euriborra jaisten hasiko zela ikusi zutenean, baina oraindik jaitsi ez zenean hasi ziren klausula erabiltzen, gainerakoan beren irabaziak gutxituko zirelako. Izen teknikoa Interesaren aldakortasuna mugatzeko klausula da eta, finean, Euriborra jaisten denean hipoteka hainbeste ez jaistea eragiten du, gutxieneko kopuru hori ezarriz.

2013an klausula horiek bertan behera uzteko irizpideak zehaztu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta, orain, klausula horiek baliogabetu ditu epaileak. Nola eragiten die horrek hipoteka maileguak dituzten kontsumitzaileei?

Auzitegi Gorenak bizpahiru aldiz ebatzi du, jada, gisa horretako klausulak baliogabeak direla, gardentasun faltagatik. ADICAEk lortu duen azken sententzia, ordea, historikotzat dugu, muga hori berretsi egin duelako: banketxeei bi alderen artean hitzartutako edozein kontratutan baino gardentasun handiagoa eskatzen dio epaiak. Alegia, gardentasun sendoagoa. 2013an epaileak baliogabetzea ebatzi zuenean, banketxe guztiak jakinaren gainean ziren, ustez. Eta, hain zuzen hori dela eta, zoru klausularen inguruko sententzia guztietan kalte ordainak 2013ko maiatzera bitarte soilik ordaintzeko agindua ematen du epaileak. Kontua zein da? Klausularen baliogabetzea Auzitegi Gorenak ebatzi zuenean, BBVA, Cajamar eta Caixanova Galiciaren aurka bakarrik izan zela. Orain, ordea, ADICAEk lortu du gaur egungo banku erakunde guztiak zigortzea 42 eta, batez ere, ebazpenaren eragina hipoteka bezero guztienganaino iristea.

Hipoteka maileguetan klausula hori dutenei zuzenean eragiten die, beraz, epaiak, bide judizialak hartu beharrik izan gabe?

Bai. Epaileak hitzez hitz dio sententzian, erabakia klausula duten kontsumitzaile guztiei zabalduko zaiela. Froga moduan kontratuetan txertaturiko klausulak aurkeztu genituen, eta horien eragin berberak sortzen dituzten klausulen truke kalte ordainak jaso beharko lituzkete kontsumitzaileek.

Ba al da klausula hori indarrean egon den epe zehatzik?

Banketxearen araberakoa izango da, baina 2006-2007 inguruan Euriborraren jaitsiera aurreikusten hasi ziren jada. Dena den, epaileek argi azaltzen dute zoru klausulen egoera ezin dela banketxeetako gainerako kontratuekin alderatu: hipoteketan bakarrik txertatu zituzten eta, gainera, kontsumitzaileari beste aukerarik utzi gabe.

Kontsumitzaileen desinformazioaren adibide bat gehiago al da hau, zure ustez?

Noski. Eta ez bakarrik kontsumitzaileen desinformazioarena, baita Espainian kontsumitzailearen babeserako legegintza malguaren adibide ere; batez ere finantza esparruan. Hau, gainera, ez dugu ADICAEtik bakarrik esaten, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak ere ohartarazi baitu Espainiako Gobernua eta Epainiako legegintza.

Kontsumitzaileei zergatik kostatzen zaie hainbeste erreklamazioak gauzatzea? Errespetua edo beldurra sortzen du horrek?

Nik uste dut jendea oraindik ez dela oso aldarrikatzailea, bere eskubideak eskatze horretan. Eta, batez ere, hain erakunde indartsuen aurka egin behar dugunean, erabaki politikoetan eragin handia dutelako. Elkarteak eta kolektibotasun hori gehiago sustatu beharko lirateke, parean duguna edozein dela ere. Izan ere, epaileak kontsumitzaileen eskubideen alde egiten ari dira.

Gaur bertan bi saio eskainiko dituzu Tolosan. Zein izango da dinamika?

Zoru klausularen aurkako ebazpenaz ariko naiz, batez ere, kontsumitzaile guztiei eragingo diela azalduz. Tolosaldeko herritarrek zer egin behar duten jakitea da helburua eta, batez ere, jakin dezatela ebazpen horrek eragiten diela. Eta, bide beretik, ADICAE kalte ordainak 2013ko maiatzera bitarte bakarrik ordaintzearen aurka dagoela plazaratuko dut; guk sententzia harago joatea nahi dut, eta kalte ordaina oso-osorik itzul diezaietela kontsumitzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!