Eskualdeko hainbat herritan trena hartzeko deialdia

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 9a, 20:08

Hainbat herritako ordezkariek egin dute Hartu Trena dinamikako ekitaldien aurkezpena.

Euskal preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko Sare mugimendutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako Hartu Trena dinamikaren barruan. Eskualdeko sei herritan egingo dira ekitaldiak.

Sare mugimendutik azaldu dutenez, "badira hilabete batzuk antolatu dugula ekimena, eta horren helburua da euskal preso eta iheslarien eskubideen alde ahal den herritar gehienak aktibatzea, bakoitza bere eremutik". Hartu Trena ekimenaren barruan egin da mendietara igotzeko egitasmoa, eta orain dela bi aste Villabonako Olaederra kiroldegian egin zen kultur ekitaldia. "Hilabete pare bat daramatzagu dinamika honekin martxan, herriz herri lanean. Asteburu honek erantzuten dio egindako lanketari".

Euskal Herrian dozenaka herritan antolatu dira ekitaldiak Hartu Trena dinamikaren barruan, eta Tolosaldean bertan sei herritan antolatu dira. "Une hionetan gure lana da euskal preso eta iheslariek bizi dituzten giza eskubideen urraketak gizarteratzea, eta horren inguruan ahal den herritar gehienak aktibatzea", azaldu dute Saretik. "Gure ustez sekula ez du izan zentzurik giza eskubideen urraketak, eta are gutxiago azken urteetan Euskal Herrian bizi den egoeran. Horregatik iruditzen zaigu larritasun handia duten egoera batzuk gainditu behar direla lehenbailehen". Horien artean dispertsioarekin bukatzea eta gaixo larrien askatasuna eskatu dituzte, "eta kolektibo guztiak pairatzen duen salbuespeneko egoera guztien gainditzea. Presoen eskubidea delako, eta senide eta lagunek ere ez dutelako zertan pairatu beharrik neurri horiek guztiak".

Sare mugimendutik herritarrak animatu dituzte antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, eta "norberak bere eremutik" ahal duena egitera "egoera bortitz guzti horiek lehenbailehen gainditzeko".

Amasa-Villabona

Bertso afaria antolatu da Onddo Gazte Asanbladaren eta Harituz bertsozale elkartearen laguntzaz, Haritz Mujika eta Imanol Irazustabarrena bertsolariekin. Maiatzak 14, larunbata, izango da, 21:00etan gaztetxean. Sarrerak salgai daude, 10 eurotan, Apatx eta Iratzar tabernetan.

Anoeta

Ekitaldia hurrengo asteburura atzeratu dute, herriko festekin bat egiteko. Zehazki, Kuadrilla Egunean egingo dute, maiatzaren 21ean, larunbata, 13:00etan. Deialdia egin diete herriko kuadrilla guztiei osatzeko plazan Sarek dispertsio salatzeko erabiltzen duen logoa, mosaiko koloretsu bat osatuz.

Berastegi

Ekitaldiarekin maiatzaren 14ean, larunbata, hasiko dira 19:30ean plazan. Free them all kartelaren aurkez`pena egingo dute, eta ondoren argazki erraldoia aterako dute. Gero, trikitiarekin girotuz, pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Ibarra

Maiatzaren 13an, ostiralean egingo dute ekitaldia, tren baten ibilbidea irudikatuz. 19:00etan aterako da plazatik, eta geltoki bakoitzean giza eskubideen urraketa bat irudikatuko da. Gaztetxeko txalapartariekin emango zaio hasiera. 19:10ean, Haranen, dispertsioaren eragina Ibarran irudikatuko da; 19:20ean, anbulatorioan, larriki gaixo dauden presoen egoera; 19:30ean, Danoneko plazan, salbuespen legediaren aurka kantuan; 19:50ean, Laboraleko plazan, iheslariekiko jazarpena eta Gariren egoera. 20:00etan, plazan, sokatira desafioa izango da, eta ondoren herri afaria. Norberak eraman behar du janaria, eta antolatzaileek jarriko dute edaria. Herriko abeslari eta musikariek alaituko dute. 22:30ean, kontzertua gaztetxean, La Jodedera eta DJ Bullekin.

Leaburu-Txarama

Herriarekin lotura duten euskal presoak zein kartzeletan dauden eta zenbat kilometrotara dauden adierazten duten panelak jarriko dituzte. Maiatzaren 13an, ostirala, preso diren senideekin argazkia aterako da, 19:30ean Herri Ostatuaren aurrean. Herritar oro gonbidatu dute bertara joatera. Bestalde, giza eskubideen manifestua sinatzeko gonbita egin dute, etxeetara bidali diren orriak erabiliz; jarriko diren panelen azpian 15 egunetan izango dira buzoiak sinatutako orriak utzi ahal izateko.

Tolosa

Maiatzaren 14ean, larunbata, egingo dute ekitaldia, 12:00etan, Trianguloa plazan. Lehenbizi murala margotuko dute bi margolarik. Gero musika saioa eta bertso saioa izango dira; luntxa ere izango da, eta dispertsioaren inguruko testigantzak izango dira entzungai. Bukatzeko, argazki erraldoia egingo dute ekimenaren sinboloa den trena erabiliz, eta horretarako ahal den jende gehienak parte hartu dezala eskatu dute, bagoiak betetzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!