Gazteen ahalegina nabarmendu

Arritxu Iribar 2016ko mai. 8a, 15:00

Eskualde honetako 8 txirrindulari gazte (kadete-junior) Pistako Espainiako Txapelketetan protagonista izan dira. Horrelakoetan inguru honetan ziklismoaren alde egiten den lana laudoriotu izan da, baita goraipatu estatu espainiar osoko txirrindulariak lehian direnean eskualde honetako eta ziklismo eskola honetako 8 nabarmentzea, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Baina nik gaur hori hala dela txalotuz, txirrindulariak beraiek jarri nahi ditut guztion ahotan, eta irakurleon begi bistan. Adin hauetan ez da erraza gaur egungo gizartean lagunak, parrandak, etab… utzi, ikasketak eta kirola uztartu eta dagoen kirolik gogorrenaren aldeko apustua egitea. Ziklismoak diziplina handia eskatzen du; ziklista 24 ordutan izango da ziklista horrelako emaitzak lortu nahi baditu, eta gure gazteek horixe erabaki dute: prestatu, lana gogotik egin, zaindu eta txirrindulari izan nahi horretan oso gaztetatik ikasten hasi. Hori horrela ulertuta ikaragarria da Iñaki Murua, Julen Dorronsoro, Unai Iribar, Luis Mari Garikano, Arantxa Garikano, Maddi eta Naia Amondarain eta Eukene Larrartek Pistako Espainiako Txapelketetan lortutakoa. Handia da lorpena oso; zaila baita horrelako emaitzak lortzea, baina oso zaila da adin horretan ziklista izatea eta horixe da idazki honen bidez aldarrikatu nahi dudana: taldeak eta beraien kirol arduradunek egiten duten lanaz gain, gazte hauek erakutsi duten kemena eta gaitasuna, gaztetasunak dituen hainbat eta hainbat gozagarri, ezaugarri alboratu eta sakrifikatuz emaitza ikusgarriak lortzea.

Hala ere gazteontzat oharra: segi lanean hau zuen azken ametsa lortzeko urrats bat izan baita. Baina gogoan izan: lanean segi behar da eta sakrifikatzen. Zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!