Loreak eta 80 Egunean filmak sortu zituen Moriarti ekoizpen etxea dago Aundiya filmaren atzean. Proiektuaren finantzaketarako ETB, TVE eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza lortu dute, eta guztira 2 milioi euroko aurrekontua du pelikulak. Hurrengo urte hasierarako dago aurreikusita estreinaldia.
Proiektu handi batean murgilduta zabiltza.
Bai, hala da. Horrelako pelikula batean parte hartzea ohorea handia da niretzat. Loreak, adibidez, orain arteko euskal pelikularik arrakastatsuena izan da eta filma honek ere itxura ona du. Plano bakoitza zaintzen dute zuzendariek. Aitor Arregi eta Jon Garaño ari dira langintza horretan. Niri dagokidanez, gustura nago proiektuan. Nire intuizioak dio oso filma polita aterako dela.
Zein paper jokatzen duzu zuk filma honetan?
Migel Joakin Eleizegi Ateagaren anaia, Martinen papera jokatzen dut nik. XIX. mendean bizi izan ziren. Erraldoitasuna izeneko gaixotasuna jasan zuen Migel Joakinek gaztaroan eta denbora gutxian asko hazi zen. 20 urte arte pertsona normala zen. Bizitzaren gorabeherak direla eta nire pertsonaiak hiru urte eman zituen etxetik kanpo eta itzultzerakoan 50 zentimetro altuagoa den anaia aurkitu zuen. Horrek beraien arteko harremanean sortuko duen aldaketaz hitz egiten da filmean. Migel Joakini bizi izan zuen aldaketak ilusioa eragin zion baina bidean gauza asko aldatu behar izan zituen eta baita Martinek ere. Hasieran asmo batzuk ditu baina beste norabide bat hartu beharko du gerora. Ilusioaz, eta mitoaz hitz egiten da pelikulan.
Altzoko erraldoiak ikusmin handia sortu zuen bazterretan.
Une horretan Europako pertsonarik altuena zen Miguel Joaquin eta argazkirik existitzen ez zenez, in situ ikusi nahi izaten zuen jendeak. Erregina asko bisitatu zituen eta hori irudikatuko dugu pelikulan. Londres, Paris eta beste hainbat hiritan ibili zen. Zein bilakaera izan zuen ikusi ahal izango da eta baita zein bukaera izan zuen.
Gaixotasun baten ondorioz hazi zen hainbeste Miguel Joaquin?
Bai, hori diote. Hil zenean 2,42 metro neurtzen zituen, behin ere ez baitzion hazteari utzi. Hori gaur egun ez da gertatzen. Jigantismoaren gaixotasuna duzula sumatzen dutenean, ebakuntza egiten dizute eta ez zara gehiago hazten. Garai horretan ez zegoen horrelakorik eta Migel Joakin bezalako pertsonak, gehienetan, 40 urte ingururekin hiltzen ziren.
Zer lan egiten zuen Martin anaiak Miguel Joaquinen ondoan?
Erretratorik ez zegoenez garai hartan, norberak bere begiz ikusi nahi izaten zuen erraldoia. Hortaz, Martin anaia ondoan hartuta egin zituen bidaia guztiak Migel Joakinek. Ordezkari legalaren gomendioei jarraiki hasi eta pixkanaka moldatu ziren egoera berrira. Bilbon hasi zenak Madrilen jarraitu zuen eta azkenean, animatu eta itsasontzia hartuta Londresera joan ziren, bueltakoan Parisen geratuta. Filmean izan zuen arrakasta hori ikusiko da, baina zahartzearekin batera etorri zitzaion gainbehera ere erakutsiko dugu. Zein ondasunekin hasi eta zenbatekin bukatu zuen kontatuko da. Baserri giroa ere ageri da pelikulan. Historia polita da baina, aldi berean, tristea ere bai.
Drama bat dela esango zenuke?
Ez dakit zuzendariek nola ikusi eta muntatuko duten. Gidoian ageri denez, oso istorio polita da eta bi anaien arteko harremana ederki kontatzen da. Elkarri asko lagundu zioten eta elkarrekin egiten duten bidaia da kontakizunaren muina. Niri bukaera oso dramatikoa iruditzen zait, baina xamurra, aldi berean. Jendea, nire ustetan, negarrez aterako da zinema aretotik, ez tristezia handiarekin, istorioa polita delako baizik.
Eroso sentitzen al zara Martinen paperean?
Gustura nago pertsonaiarekin. Entsegu asko egin genituen eta martxo osoa eman genuen zuzendariekin lan horretan. Pertsonaia finkatu ondoren neurria hartu diot eta kontentu daude zuzendariak nire lanarekin eta ni ere eroso nabil.
Aurrez ba al zenuen Migel Joakin Eleizegi erraldoiaren entzutea?
Hemendik kanpora jende askok ez daki Altzoko erraldoiaren historia egia edo mito bat izan ote zen. Pena da. Gu bertakoak gara eta badakigu hori horrela izan zela, eskolan erakutsi zigutelako. Altzon bertan txikitatik ikusi izan ditugu bi estatua bere irudiarekin. Niri oso gertukoa egiten zait eta plazer bat da etxe inguruko historia bat pantaila handira eramatea.
Nola irudikatzen duzue ia bi metro eta erdiko pertsonaia bat pantailan?
Lantaldeak sekretuan gorde nahi du hori. Figurante asko joan dira Altzora eta Beizamara eta trukoa ikusi dute dagoeneko. Baina gauza bat ikustea da eta bestea guk kontatzea. Esan dezakedan gauza bakarra da, pantailan ikusiko dena sinesgarria izango dela eta benetako erraldoi bat irudikatuko dela. Bistan da, Eneko Sargardoik ez dituela, 2,42 metro neurtzen.
Zurekin batera zeinek parte hartzen du pelikulan?
Protagonistak bi dira filmean: Altzoko erraldoia Eneko Sagardoi durangarrak jokatzen duena eta nik egiten dut bere anaiarena. Pelikulako plano guztietan ageri gara biak eta sekuentzia guztietan ateratzen garenez grabazio lanetan goizeko 09:00etatik gaueko 21:00ak arte aritzen gara egunotan. Beste hirugarren pertsona batek, erraldoiaren ordezkariak, protagonismo handia du filmean eta gero tartean, jende asko ageri da. Europan zehar egin zituen bidaian aurkitu zituen pertsonek presentzia dute pelikulan.
Hainbeste toki bisitatu zituen Migel Joakinek, filmean horiek guztiak irudikatu beharko dituzuela. Non ibili zarete orain arte?
Toki askotan. Lokalizazio ugari ditu filmak. Orain arte egon garen tokietan oso harrera ona izan dugu eta erraztasun guztiak eman dizkigute. Altzon egun oso bat eman genuen eta oso ondo hartu gintuzten, alkatea ere azaldu zitzaigun kasu egitera. Tolosan ere izango dugu beste grabazio egun bat, maiatza erditik aurrera. Kale Nagusian ibiliko gara, gora eta behera. Beizaman eta Ezkion ere izan gara eta hiri handiagoak ere bisitatu ditugu, Bilbon birsortu dugu Londres eta Baionan, esate baterako, garai hartako Paris irudikatuko dugu.
Aundiya hitza erabili duzue izenbururako. Zergatik?
Hizkeragatik asko galdetu digu jendeak. Y grekoa erabiltzen da bustidura hori adierazteko. Garai horretan erabiltzen zen hizkera aztertzen aritu dira hainbat teknikari eta andiya h hizkirik gabe idaztea erabaki dute. Gero pelikulako protagonistek erabiltzen dugun hizkerari dagokionez, suertez, ez dut ahalegin handirik egin behar izan, egunerokoan nik hizkera hori erabiltzen dudalako. Enekok, bizkaitarra izanik, gehixeago ikasi behar izan du, baina ondo moldatzen da.