Borrokarako dei eginez

Ataria 2016ko maiatzaren 5a

Tolosaldea Sahararekin Elkarteak, Saharar Kolektiboarekin batera 'Maiatza Borrokan' antolatu du; maiatzak 10 eta maiatzak 20, bi egun esanguratsu kontuan hartuta antolatu dituzte ekitaldiak.

Tolosaldea Sahararekin Elkarteak eta Saharar Kolektiboak antolatu dute Maiatza Borrokan. Urtero moduan, maiatzak 10 eta maiatzak 20 artean antolatu dituzte ekimenak. «Fronte polisarioaren sorrera da maiatzaren 10a, eta maiatzak 20a, berriz, beraien herriaren askatasunerako bidea eraikitzeko egin zuten lehen ekintza militarraren eguna», ekarri zuen gogora Agustin Agote elkarteko kideak.

Aurten egun berezia dutela nabarmendu zuten: «Maiatzak 14a, Tolosako Udala eta Bir Lehluko Udala senidetu zirela hogei urte beteko dira». Eta aurtengorako gogo handiz prestatu dituzten ekimenetan parte hartzera gonbidatu zituzten Tolosaldeko herritarrak.

HEMEN BIZI DIREN SAHARARREK

Saharar kolektiboak ere bat egin nahi izan du ekimenak antolatuz, eta beraiek ere egitaraua prestatu dute Trianguloan jarriko duten haiman. Hilaren 13an, 19:00etan, politikari eta gizarte eragileekin irekiera emango diote tea, datilak eta esnea banatuz. 19:30ean, kolektiboko lehendakariak hitza hartuko du eta 19:40ean, gazte batek hitz egingo du giza eskubideez, Espainiak Nazio Batuen Erakundean izan duen jarreraz,... eta 20:00etan, politikari ezberdinek hitz egingo dute, sahararrei elkartasuna adieraziz.

Hilak 14 eta 15, 09:00etatik hasi eta 20:00ak bitartean, Trianguloa plazan egongo dira. Musika lagun, gerturatzen diren herritarrei, tea, datilak, esnea,... banatuko dizkiete.

ELKARTASUN MERKATUA

Maiatzak 20 elkarteak antolatuta, Bigarren Eskuko Merkatua izango da gaurtik hasi eta igandea bitartean Tolosako kultur etxean. Bertan lortzen duten dirua, Amasako aterpean udan haur sahararrak hartzeko izango da.

Merkatu txikia, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eta aldiz, 10:00etatik 13:00etara, ostirala, larunbata eta igandean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!