«Tabakalera ezagutzen duen jende guztiak aurreiritziak alboratzen ditu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mai. 5a, 11:22

Iñigo Otxotorena, Leire Cortes eta Manex Izagirre, Tabakalerako eskilaretan.

Tolosaldeak batzen ditu Manex Izagirre, Leire Cortes eta Iñigo Otxotorena, eta baita Tabakalerak ere, hirurek baitute, arte garaikidearen zentroa, lantoki; eraikina ezagutzeko bisita proposamen bana egin dute.

Arte garaikidea eta nazioartekotasuna kontzeptu zurrun eta urrunekoak izan daitezke askorentzat. Donostiako Tabakalerak horiek guztiak barneratzen ditu, horma eta leiho eraberrituen azpian, baina ateak zabalik ditu, parez pare, bere publiko bilakatu nahi duten guztientzat.

Behinola tabako lantegi izandakoa Donostian egonagatik, Tolosaldeko zenbait alek gorpuzten dute egungo proiektua, eta aurreiritziak alboratu eta eraikinean osteratxo bat egiteko gonbita egin nahi izan dute Leire Cortes eta Manex Izagirre tolosarrek, eta Iñigo Otxotorena anoetarrak.

Nolatan iritsi zineten Tabakalerara?

Manex Izagirre. Ni M-etxea arkitektura elkartean nenbilen lanean, eta Tabakalerarekin kolaborazio bat egin genuen. Hura bukatu zenean, Tabakalerako arduradunek eurekin kolaboratzeko profil zehatz baten bila zebiltzala esan zidaten, eta ea interesik banuen galdetu. Elkarrizketa bat egin eta kolaborazio horri ekin nion.

Leire Cortes. Nire kasuan, martxoan bi urte bete ziren Tabakalerarentzat lanean hasi nintzenez geroztik. Berez Servicios Generales de Gestion enpresako langilea naiz ni, baina Tabakalera enpresa horren bezeroa da. Beraz, Tabakalerako adminisitrazio sailean aritzen naiz.

Iñigo Otxotorena. Ni ere, Leireren moduan, azpikontrataturiko enpresa baten bidez iritsi naiz hona. Azaroaz geroztik nabil hemen, eta jendaurrean bi hilabete inguru daramatzat. Ubik liburutegian aritzen naiz, eta azarotik martxora bitarte liburutegia prestatu eta prestatu aritu gara.

Zenbat ale dauden badakizu?

I. O. Ez dakit...

M. I. Lehengo batean irakurri nuen 18.000 inguru zeudela.

I. O. Bai, agerian edo erabilgarri bai. Atzean liburu asko dago oraindik, eta gehiago iritsiko dira.

Administrazio lanak ohikoagoak dira, baina, Iñigo eta Manex, zein da zuen egunerokoa ?

M. I. Ni Hirikilabs teknologia laborategian aritzen naiz lanean. Laborategi hiritar bat da, hala deitzen diogu behintzat, teknologia hiritarrei gerturatzeko helburua baitu. Herritarrek teknologia beren afizio edo ofizioetan erabiltzeko moduak eskaintzen dizkiegu: prototipoak egiten ditugu, adibidez, edo tresnak konpontzen lagundu. Nire ardura hezkuntza arloarena da laborategian: ikastetxeen bisitak eta tailerrak, eta larunbateroko familientzako teknologia tailerrak. Gainera, martxan jartzen ari gara teknologia eta zientzia irakasleei begirako prozesu bat ere.

I.O. Ni ere jendaurrean aritzen naiz, baina Ubik sormen liburutegian. Zehazki, kultura digitaleko txokoan aritzen naiz, hiru dimentsioko inpresorarekin, fresagailuarekin eta harrapatzen dugunarekin [barreak]. Hirikilabsekoarekin badu loturarik, baina oinarrizko gauzak egiten ditugu Ubik-en: tresnak nola erabiltzen diren ikasi, bertaratzen direnei teknologiarekin dituzten zalantzetan lagundu, eta abar.

Tabakalera hizpide izaten da sarri, baina, herritarrek ba al dakite, zehazki zer den?

M. I. Batetik, Tabakalera eraikina bera dago, eta bertan hainbat eragilek dute egoitza: Etxepare Institutua, Donostiako Zinemaldia, Euskal Filmoteka, Zineuskadi, Kutxa Kultur Fundazioa,... Bestetik, Tabakalera proiektu kulturala ere bada, eta hor ari gara gu. Arte eta zinema garaikidera zuzendutako adar bat du eta, bide beretik, hezkuntzak garrantzi handia du Tabakaleran; hor leudeke liburutegia eta teknologia laborategia.

L. C. Eta beheko solairuan, sarreran, hainbat enpresa aritzen dira. Eraikineko espazio bat alokatzen dute horretarako eta, orain, adibidez, argazkilari bat, denda txiki batzuk eta mikro-antzerki gunea daude. Lokal libreak badira, oraindik, baina beteko dira. Tabakaleraren filosofiarekin bat egiten duten enpresentzako dira, eta Ekosistema deitzen zaio.

Eztabaiden pizgarri ere izan da Tabakalera. Zuen ustez, gehiago epaitzen al dira inbertsioak, kulturara bideratzen direnean?

M. I. Nik uste dut ondo dagoela epaitzea, azken finean, sekulako inbertsioa egin dutelako eraikin honetan.

L.C. Diru publikoa erabiltzen denean dena epaitzen da, eta hori ona da. Zure dirua da eta jakin egin nahi duzu diru hori nola edo zertan erabiltzen duten.

M. I. Futbol estadio bat berritzen denean zenbaitek ere egingo dute kritika, eta hemen ere berdin.

L. C. Beharbada, kultura gustukoago duen jendeak gehiago kritikatuko ditu futbolera bideratutako inbertsioak, eta alderantziz.

M. I. Bai. Eta hainbeste diru azpiegituretara bideratu beharrean, egia da diru hori bidera zitekeela jada badagoen kultura bultzatzera ere, baina eginda dago.

Eginda eta herritarrei zabalik. Baina, Tabakalerari errespetuz begiratzen zaio oraindik?

L. C. Batzuek badakite sartzea eta hemen ibiltzea librea dela, baina beste askok esaten dute: «Ah, baina ez da ordaindu behar sartzeko?». Ez noski, publikoa da, denon etxe bat da, denontzat irekia.

I. O. Jolas parke batera edo Guggenheimen gisako museo batera sartzea bezalakoa dela uste dute askok, eraikinak izen propioa duelako akaso.

L. C. Askok beren buruari galdetzen diote: «Nik hor zer egingo dut?» edo «Nire gustuko zerbait egongo al da hor?». Etorri egin behar da, eta interesgarrien suertatzen zaiguna zer den ikusi, denetarik dagoelako.

M. I. Izen elitista samarra hartu du beharbada, arte garaikidearen bidetik. Baina etortzen diren guztiek aurkitzen dute beren lekua. Tabakalera ezagutzen duen jendeak, aurreiritzi guztiak alboratzen dituela uste dut.

I. O. Eta errepikatu egiten dute normalean. Gainera, badira arratsalde-pasa espresuki hona etortzen diren herritarrak ere.

Aisialdirako ohitura aldaketa bat ere ekar lezake , beraz.

M. I. Aisia eta formazioa. Hasieran jendea kuriositateak bultzatuta etortzen zen, eta orain publiko finko bat osatzen hasi da.

I. O. Goizetan, adibidez, bada liburutegira beti etortzen den jendea, nahiz eta egunkaririk ez dagoen. Ordenagailuetan ibiltzen dira, edo ikastera etortzen dira.

Bukatzeko, proposatu bakoitzak Tabakaleran egingo lukeen plan bat.

M. I. Nik, lehenengo erakusketan buelta bat emango nuke eta, gero, egitaraua ikusi, eta tailer edo ikastaroren batean parte hartuko nuke. Ondoren, zinemaz gozatuko nuke.

L. C. Ni ere erakusketarekin hasiko nintzateke, eta bisita gidatu bat hartuko nuke gero, eraikin guztia ondo ezagutzeko. Hori bukatutakoan, Hirikilabseko tailerren bat ezagutu nahiko nuke, eta arratsaldean zinema saioren batera joan. Biribiltzeko, Tabakafen zerbait hartuko nuke, eta afaldu ere bai, suertatuko balitz.

I. O. Nik igandez imajinatzen dut plana eta, liburutegia itxita egongo litzatekeenez, tabernan garagardo bat hartuko nuke. Erakusketa ikusi, eta mikro antzerkia ikusiko nuke: 15 metro koadro, 15 pertsona, 15 minutu. Gero, goiko terrazako bistaz gozatuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!