Pernando Amezketarra sariketa

Harituzeko kideak gustura daude bertso txapelketarekin

Ataria 2016ko mai. 5a, 11:12

Amezketako Beartzana jatetxean egin zen finala.

I. Pernando Amezketarra Sariketarekin zituzten aurreikuspenak bete direla dio Mikel Artola Harituzeko kideak; taldeka egitean asmatu dutela nabarmendu du.

Gustura daude eta balantze ona egin dute I. Pernando Amezketarra bertso txapelketaren inguruan Harituz Bertsozale Bilgunetik. «Aurreikuspenak bete ditugu», azaldu du Mikel Artola Harituzeko kideak. «Finala oso ondo joan zen, Asteasuko lehenengo kanporaketan ere jende dezenterekin, Berastegin ere oso giro polita izan genuen. Finala bukatu zenean gure artean horixe esan genuen, gustura geratu garela txapelketarekin».

Txapelketa antolatzean hainbat helburu zituzten buruan. Batetik, urtean zehar saio batzuk antolatzeko konpromisoa du Harituzek. «Gero kontua da zer-nolako saioak izaten diren, nori zuzenduak...», azaldu du Artolak. «Pernando Amezketarraren Txapelketarekin beste eskualdeetako bertsolari gazteak Tolosaldean ezagutzera ematea nahi genuen. Sariketa formatuan izateak morbo pixka bat eransten dio, eta hori aprobetxatu nahi genuen». Garai batean Beterriko Txapelketa egiten zen formatua aukeratu zuten, hau da, taldeka egitearena. «Hor asmatu genuen», esan du Artolak. «Bakarka egiteak seriotasun gehiago ematen dio eta bertsolaria pixka bat estuago etortzen da. Taldeka beste umore batekin eta beste ilusio batekin etorri ohi da jendea, eta alde horretatik gustura gelditu gara. Hein handi batean lortu da beste eskualdeko bertsolariak hemen ezagutaraztea».

BERTSOLARIAK ERE GUSTURA

Goierri, Hernani, Oñati eta Erniarraitz bertso eskoletakoek parte hartu dute, eta txapelketa Erniarraitzeko taldeak irabazi du, Amezketan egindako finalean.

Artolak sariketan «saio umoretsuak» izan direla nabarmendu du. «Egia da agian Berastegin ez zela hain saio ona atera nire iritziz, baina puntu oso politak izan ziren. Finala oso umoretsu eta oso bizi joan zen. Ideia hori zen, eta bertsolariak ere horri begira aukeratu genituen: izan zitezela jokoa emango zutenak eta jendea gustura gelditzeko, nahiz eta ez oso ezagunak izan. Eta hori lortu zen».

Txapelketan parte hartu duten bertsolariek asko eskertu die deitu izana. «Besterik ez dago horrela egiten denik, eta taldean izatea ere eskertu zuten», esan du Artolak.

Bestalde, Artolak nabarmendu du Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena ospatu zela orain bi urte eta horrekin lotura egin nahi zela txapelketari bere izena jarriz.

Aurrera begira, datorren urtean berriro ere ez dutela antolatuko txapelketa esan du Artolak. «Ez da urtero antolatzeko ekimen bat, baina bi urtez edo hiru urtez behin nik uste dut antolatuko dugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!