«Independentziarako oztopo nagusia ez dira Espainia eta Frantzia»

Iñigo Terradillos 2016ko mai. 4a, 11:25

Independentismoa abertzaletasunetik ulertu dela dio Unai Apaolaza filosofia irakasleak, eta bide horretatik, Euskal Herrian estatua lortzerik ez dagoela uste du.

Estatua eskura izenburupean hitzaldia emango du gaur, Unai Apaolaza filosofia irakasleak, EH Bilduk antolatuta, Tolosako kultur etxean, 19:30ean.

Independentista zara, baina, ez abertzalea. Nola ulertzen da hori?

Abertzaletasuna estrategia moduan ulertzen dut, independentismoa egituratzeko estrategia moduan. Sujeto politikoez aritzen garenean beti zentratzen gara gu eta besteen arteko multzoa egitean; abertzaletasunak edo euskal nazionalismoak banaketa hori egiten du, eta gainera nazioari bereizgarri batzuk ematen zaizkio, historian zehar eta denboran zehar aldatzen joan direnak, hain justu, estrategia bat delako. Ni une honetan ez nago horren alde, nazioarekin bereizketa horrek ez digu ahalbidetzen herritarren %80 independentziaren alde izatera iristea. Horrek zer esan nahi du abertzaletasuna alde batera utzi beharko genukeela? Ez, baina beste bide batzuk ere ireki behar dira independentismorako. Momentu honetan bide horien aldekoagoa naiz.

Abertzaletasuna, beraz, estrategia moduan ulertu behar da. Baina, orain arte behintzat, ez du bete-betean asmatu.

Bistan da abertzaletasunarekin ez dugula lortu Euskal Herrian estatu bat sortzea. Abertzaletasunak zenbait egoeretarako, eta batez ere zapaldu une horietan erresistentziarako balio du. Baina, abertzaletasunaren bidetik ez dago estatua lortzerik.

Independentzia zergatik?

Hobeto bizitzeko. Hobeto bizitze horretan sartuko dira euskaraz bizi ahal izatea, soldata hobea izatea —askotan ematen du arrazoi hau emateak, bigarren arrazoi moduko bat izan behar dela eta nik uste garrantzitsua dela—, lan baldintza duinagoak izateagatik jendarte justuago bat izango genuke. Hau esatea ez da demagogia egitea. Euskal Herrian estatua sortuko bagenu, bai frantziar eta baita espainiar estatuen maila ikusita, ez litzateke zaila izango hori hobetzea.

Batzuek, ordea, kontrakoa gertatuko litzatekeela diote.

Unionismoak beti zabalduko duen mezua da hori. Une honetan desastrea Espainiako Estatuaren barruan geratzea litzateke: ustelkeria, lan baldintzak... Estatua sortuz gero, ziurrenik desastretik ateratzen hasiko ginateke. Unionismoarena, beldurraren estrategia da. Galderari buelta eman eta «zergatik geratu Espainiaren barruan?» galdetzen dugunean gauzak aldatu egiten dira.

Independentismoaren barruan gaur egun bada estrategia argirik?

Independentismoaz pentsatzerakoan abertzaletasunari lotuta egiten dugu. Hori da aldatu beharrekoa. Zerbait berria sortu behar dugu, %80 horretara iristeko. Azken 40 urteotan aldebikotasunaren bidea hartu dugu; Espainiako Estatuak negoziatu behar zuen autodeterminazio eskubidea, eta porrot egin du, beraz, orain aldebakartasuna da bidea. Diskurtso berri bat egiteko unea da, eta inportanteena konfontrazioa sortzea da. Une honetan, oztopo nagusia ez dira Espainia eta Frantzia, egungo eskema baizik. Alderdi politikoak oztopo dira, alderdi independentistak barne, agian, nahita oztopatu ez arren. Alderdi politikoetatik kanpo sortu behar da beste zerbait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!