Zertan datza 'Etekin handiko taldeak kudeatzea eta lantzea' izeneko proiektua?
Ana Monje: Metodologiaren eta ikasketa prozesuaren erabateko aldaketa da. Hasierako hausnarketa ikasleen perfilean aldaketa bat eman beharra zegoela izan zen, ez baitzuen bat egiten enpresek eskatzen zutenarekin. Gaitasun teknikoez gain zeharkakoak diren beste hainbat gaitasun ere landu beharra zeuden: erabakiak hartzen, komunikatzen, iniziatiba izaten... Metodologia zaharrarekin oso zaila da. Horregatik eraldaketan murgildu gara.
Noiz hasi zineten hausnarketan eta proiektu hau lantzen?
Joxe Mari Elola: Duela 7-8 urte inguru, Teknika-k ikastaro batzuk antolatu zituen, metodologia aldaketa aurkeztu eta ikastetxeetan formatzen hasteko. Hala, lehen frogekin hasi ginen. Teknika-ko lehen ikastaro horietan metodologia berrirako erabilgarriak ziren erremintak erabiltzen hasi ginen.
A.M.: Baina oraingoa beste pauso bat da. Erreminta horiek erabili arren, ez genuen nahi genuena lortzen, hau da, ikasleek zeharkako gaitasunak lantzea.
J.M.E: Izan ere, metodologia berri hau martxan jartzeko aldaketa sakonak egin behar dira: irakasleak prestatu, ekipamenduak aldatu, gelak antolatu... Ondorioz, egin beharreko inbertsio ekonomikoa ere handia da. Eta horregatik erabaki genuen gure proiektua Tolosaldea Saratzenen deialdira aurkeztea.
Zuenak Lehen eta Haur Hezkuntzan erabiltzen den 'proiektuka' lan egitearen antzeko filosofia jarraitzen du.
A.M.: Bai hori da. Ikasleei ikasi beharreko edukiak eman beharrean, beraiek eraikitzen dute beraien ikasketa prozesua. Guk erronkak plazaratzen dizkiegu, eta horiek abiapuntutzat hartuta, beraiek antolatzen dute ikasketa prozesu guztia. Esaterako, guk kasu erreal bat ematen diegu, adibidez patologia desberdinak dituen gaixo baten kasua, eta beraiek, ezaugarriak aztertuz, aukera desberdinak alderatuz, zer prozedura jarraitu behar den eta zer erantzun eman behar zaion ondorioztatu beharko dute.
J.M.E: Gurean ere antzeko prozedura erabiltzen da. Kasu errealetan oinarritutako erronkak aurkezten dizkiegu ikasleei, hauei aurre egiten ikasi behar dute eta amaieran proiektua aurkeztu. Bestalde, aipatzekoa da, irakasleen papera ere aldatu egin dela. Irakasleak gainean daude, baina beharrezkoa denean bakarrik hartzen dute parte prozesuan. Bestalde, oro har taldeka egiten dituzte lanak, nahiz eta gero, indibidualki, bakoitzak aurrez zehaztutako gaitasunak lortu dituela erakutsi behar duen. Horregatik, oso garrantzitsua da irakasleek erronkak ongi diseinatzea eta prestatzea, erronka horiek ebaztean bermatu beharra baitaukagu ikasleek gaitasun guztiak landu eta lortu dituztela.
Noiztik ari zarete erronketan oinarritutako irakaskuntza metodologia erabiltzen?
A.M.: Ikasturte honetan hasi gara.
J.M.E: Gu lehenago hasi ginen eta jada bederatzi ziklotan egiten dugu lan modu honetan.
Ikasleek nola baloratu dute aldaketa hau?
A.M.: Orain jaso ditugu lehen ebaluazioak eta iritziak, eta oso positiboak izan dira. Ohartu dira, honela gehiago ikasi eta aktiboago daudela. Taldean egin behar izaten dituzte lanak eta ondorioz beraien arteko kudeaketaz arduratu behar dute, iniziatiba izan, gauzak adostu... Gainera, kasu errelak izatean, exijentzia maila ere igo egiten da, erantzuna erreala eta erabilgarria izan behar da.
J.M.E: Ikaskuntza metodologia honekin, oro har, ikasleak gusturago daude. Nahiz eta hasieran gogorra egin, uneoro aktiboki lanean aritzera ez baitaude ohituta.
Beraz, proiektu honek ikastetxearen funtzionamenduan ere eragingo zuen, ezta?
A.M.: Bai hori da. Aldaketa honek bereziki hiru arlotan eragin du. Batetik, kudeaketa mailan: ordutegiak eta irakasgaiak aldatu dira. Bestetik, irakaslearen rola eta perfila erabat aldatu dira: gaitasunak ebaluatzen ikasi beharra baitaukate eta erronken bitartez irakatsi. Eta azkenik, espazioa nahiz ekipamenduak, erronka horietara egokitu beharra baitaukate.
Tolosaldea Saretzenen diru laguntzarekin proiektuaren zein atal finantzatu duzue?
J.M.E: Tolosaldea Saretzenen diru laguntza espazio bat, prototipoa izango litzatekeena hornitzeko erabili dugu. Izan ere, lan egiteko modua aldatzeko, instalazioetan ere moldaketak egin beharra daude, baina horrek izugarrizko inbertsioa suposatzen du eta diru horrekin, lehen guneak ekipatzen eta moldatzen hasi gara. Gure asmoa pixkanaka ikastetxe guztia moldatzen joatea da.
Eskualdeari zein onura ekarriko dizkio proiektu honek?
J.M.E: Onurak argiak dira, metodologia honi esker ikasleak askoz ere lehiakorragoak eta eraginkorragoak izango baitira. Eta ondorioz, eskualdeko enpresetan lanean hasten direnean hauei ere lehiakorrago izaten lagunduko diete. Izan ere, proiektu hau luzera begirakoa da, onurak epe ertain-luzera ikusiko dira.
A.M.: Gure kasuan, onura nabarmena da: Tolosaldean osasunean lan egiten duten gehienek Inmakuladan ikasi dute. Honela, gaitasun guztiak erdietsita, zerbitzu hobea eskaini ahal izango dute.