Eskola Txikiak, kirolak batuta

Mikel Iraola 2016ko api. 28a, 17:40

Eskola Txikietako 400 haur inguruk Berazubi Estadioa bete dute goizean, XIV. Kirol Topaketa egiteko. Hori gozatua hartu dutena!

17 eskoletako 400 ikasle batu dira goizean Tolosan. Zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrek jolasean pasa dute goiz osoa: brilleta, otsoa eta oiloaren jokoa, soka-tira, lokotx bilketa... Baina beren herrietan egin ezin dituzten ekintzak egiteko ere baliatu dute, atletismo pista aprobetxatuz: luzeera jauzia, pisua, lasterketak... 

Mikel Goñi, Gipuzkoako Eskola Txikietako koordinatzaileak, haurrentzat "egun berezia" dela aitortu du: "urtero egiten dugu, eta ikasleak gogoz izaten dira, zerbait ezberdina egiteko aukera izaten dutelako. Asko gozatzen dute luzeera-jauzian edota hesiak saltatzen pistan". 

Ondo pasatzeaz gain, helburu nagusia, ordea, beste bat izaten da: elkar ezagutzea. Adin bereko taldetan nahasten dituzte, eta horrek harremanak egitea sustatzen du Goñiren ustez: "Haur horietako asko Alegiara joaten dira Bigarren Zikloa egitera, eta honelako ekintzek laguntzen diete aurrez elkar ezagutzen, hara iristen direnean norbait ezaguna topatu dezaten", dio Goñik. 

Tolosaldetik Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Altzo, Albiztur, Lizartza, Zizurkil Goikoa, Berrobi, Larraul, Ikaztegieta eta Bidania-Goiazko eskolek parte hartu dute. Berastegiko eskola ere bertan izan da eskola txikia ez den arren, topaketa antolatzen hasi zirenean hala zelako eta geroztik ohiturarekin jarraitu nahi izan duelako. Itsasondo, Gabiria, Olaberria, Aginaga eta Errezildik ere etorri dira.

Goiza jolasean pasa ondoren, amaitzeko atletismo pistan itzuli bat eman dute guztiek batera, megafonian eskola txikien kanta entzuten zen bitartean. Ez, ordea, amaierako mezu bat utzi gabe: Gora eskola txikiak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!