Tolosaldeko sei herrik hartuko dute parte Herriarteko Pilota Txapelketan

Ataria 2016ko apirilaren 28a

Asteazkenean egin zuten aurkezpen ekitaldia

Adunak eta Altzok lehen aldiz parte hartuko dute, gainerakoek bezala, eskuzko modalitatean. Hurrengo asteburuan lehen partidak jokatuko dituzte.

Datorren asteburuan, etxetik kanpo egingo dute debuta Altzok eta Adunak, Donostian eta Lezon, hurrenez hurren. Altzok aurrez pala modalitatean parte hartu bazuen ere, aurtengoa izango da eskuzkoan parte hartzen duen lehen aldia.

Bidania-Goiatzek hamargarren aldiz parte hartuko du, eta hauek ere kanpoan jokatuko dute lehen partida: Usurbilen. Asteasuarrek, berriz, etxean ekingo diote txapelketari. Zestoa izango dute aurkari lehen fase honetan.

Maiatzaren 22tik aurrera jokatuko dituzte final zortzirenetako partidak, eta fase horretan sartuko dira lehian gainerako bi herriak. Zizurkilek hamargarren parte hartzea izango du, eta Tolosak, berriz, 34 urte daramatza lehian. Pasa den urtean, gainera, finalera heldu ziren tolosarrak, nahiz eta ondoren Azpeitiaren aurka hiru partidak galdu zituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!