Tolosaldea eta Goierriko langileek bat egingo dute Maiatzaren Lehenean

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 28a, 10:42

Manifestazio bateratua egingo dute Tolosaldea eta Goierriko langileek Urretxu-Zumarragan, Arcelor Mittaleko langileei elkartasuna adierazteko asmoz.

Langileok Martxan eskuBIDEAK aktiBATUZ leloarekin aterako da kalera LAB sindikatua datorren Maiatzaren Lehenean. Tolosaldea eta Goierri eskualdeek bat egingo dute eta «prekaritatearen aurkako» aldarria elkarrekin egingo dute.

Leloaren zergatiaren inguruan mintzatu da LAB sindikatua: «Eskubideen inguruan lantokietan garatzen ari garen lerroari isla eman nahi izan diogu, baita bideak batzeko beharrei ere, hau da, langileon fragmentazioa, indibidualizazioa gainditzeko beharrari».

Honela, egun bizi den «larrialdi egoerari», hau da, «prekaritatea eta pobreziarekin amaitzeko» bide bakartzat du sindikatuak, «lan mundua aldatzea eta aldaketa soziala bultzatzea».

Lan horretan eragiteko indarra langileei egozten die LABek. Are gehiago, «langileon borrokaren bitartez, prekaritatea eta pobrezia gainditzea agenda politiko instituzionaleko lehen lerroan kokatzea lortu behar dugu».

Egungo egoera, «inposatu zaigun eredu sozioekonomiko jakin baten ondorioa» izanik, elkarlanaren bidetik egoerari aurre egiteko modua ikusten dute sindikatutik.

ELKARREKIN MOBILIZATUZ

Zumarragako Arcelor Mitttaleko langileei zuzeneko 350 lanposturen suntsiketa eta zeharkako 250 lanposturen suntsiketa ekarriko du enpresaren itxierak, sindikatuak emandako datuen arabera elkartasuna adierazi nahian Maiatzaren Leheneko manifestazioa Urretxu-Zumarragan egingo du LABek, 12:00etan, Potros plazatik abiatuta.

Aurretik Tolosaldean manifestatzeko aukera ere izango da, «kotxe karabanak» burutuko baitira. 10:00etan Tolosako Usabal kiroldegitik abiatuko da aipatu kotxe segizioa.

Gauzak honela, LAB sindikatuak dei egin nahi izan die bi eskualdeetako herritarrei kotxe karabanan eta manifestazioan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!