Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu dute

Ataria 2016ko apirilaren 27a

Uemako kide diren eskualdeko udalerriek babestu dute 'Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz' kanpaina

Osotasunean euskaraz bizitzeko, gure hizkuntza eremu guztietara zabaldu behar dela uste dute Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosako udalek. Udalerri horietako herritarrak euskarari dagokionean eredu direla eta horregatik administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea eta beharra dutela uste dute. Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz eginez, administrazioaren euskalduntzean eragiteko aukera izango dutela adierazi diete herritarrei Uemako kide diren eskualdeko 15 udalerriek.

MODU GUZTIETARA, EUSKARAZ

Errenta aitorpena modu askotan egin daiteke. Herritar askok autolikidazio proposamena jasoko dute egunotan. Proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela esan eta aurrerantzean Ogasunarekiko harremanak euskaraz izateko aukera dago. Berdina egin daiteke, aitorpena era mekanizatuan egin nahi izanez gero. Aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo internet bidezkoa euskaraz izan daitezke, horrela eskatuz gero.

Hain zuzen, aitorpena internet bidez eginez gero, errenta programaren bertsioa euskaraz jaitsi daiteke eta hobetsitako hizkuntza bezala euskara aukeratu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!