Beñat, Beñat, Beñat... Iñaki!!!

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 23a, 11:33

Iñaki Artolak 22 eta 17 irabazi dio Beñat Rezustari Bergarako Udal Pilotalekuan eta buruz buruko pilota txapelketa nagusiko azken-laurdenetan sartu da. Bergarraren aldeko burrundari eta bere joko bortitzari tajuz egin dio aurre, eta merezita irabazi du. Oinatz Bengoetxearen aurkakoa izango du hurrengoa.

Buruz buruko hiru partida zeuden iragarrita, bigarren mailako bi (Arteaga-Merino eta Tainta-Irusta) eta Rezusta-Artolaren arteko nagusia. Bete-bete egin da frontoia, batik bat gipuzkoar gazte bi hauen arteko partida ikusi eta bizitzeko, jaialdiko bigarrena. Modalitate honetan zer esan asko eman dezaketen bi pilotari dira eta erakartasun handia zuen. Bere herrian jokatzen zuen gainera Rezustak eta Alegia aldea urruti ez dagoenez Artolak ere zale mordoxka bildu du

Lehen partidan, Orendaingo Errotako Anaren seme Arteagak 22 eta 18 irabazi dio Merino zaharrenari; partida polita izan da, pilotazaleen gustukoa, eta gogoz jo diete txalo partidan zehar eta bukatutakoan.

Rezusta, elastiko gorriz, eta Artola, urdinez, sartu direnean frontoira, laster antzeman da ze girotan jokatuko zen partida. Han ziren Artolazaleak, baina askoz gehiago, normala bere herrian jokatuta, Rezustazaleak. Hura burrunda! Beñat, Beñat, Beñat ... Gustura egon daiteke Rezustak daukan zalegoarekin, eta baita pilotazaleek ere nolako jendeak bete duen frontoia ikusita. Partida guztian animatu dute, zenbat eta une txarragoak igarotzen ari, orduan eta indartsuago. Baina aurkaria errespetatuz eta honen merituak ere txalotuz, behar den bezala. Gozatzekoa izan da Bergarako frontoiko giroa.

Partidaren ezaugarriren bat edo beste nabarmentzekotan, erritmoa eta intentsitatea nabarmendu behar dira. Bergararrak pilotakada berezia du; gogor astintzen du beti, kale edo bale esan izan dugu, eta oso bizi eta bihurri mugitzen du pilota; alegiarraren ezaugarrietakoa ere bada pilotari ematen dioen abiada bizia eta luze zein motz jokatzeko duen ahala. Gainera, biak jo dute behin eta berriz aire jokoaren bila, gaur egun hori egin beharra dago, eta tanto guztiak izan dira itolarrian gauzatuak. Luzeagoak edo motzagoak, pilotakada asko edo gutxikoak, baina denetan ahalegina muturrera eramanda.

Beste ezaugarria, tanto-boladaka joan dela partida. Hasieratik hartu du aurre Iñakik eta behin bakarrik jarri zaio aurretik Beñat, 7-8koan, baina bost tantoko aldea baino handigorik ez du izan partidan zehar; 9 eta 14koa izan da hau, baina 14nakoa etorri da gero. Jakina da buruz buru sakea izatearen garrantzia. Kontuak kontu, Artola tartea irekitzen eta etxekoa larri zebilenetan frontoia Beñat, Beñat, Beñat! hasten zen oihuka ezin ozenago. Rezustak sakea hartu eta hurbiltzen hasten zenean, frontoia kantari hasten zen gustura: eooo, eooo, eooo... Kriston giroa!

Baina alegiarra berean zentratuta, ideia garbiekin, opari gutxi eginez, jokaldi bikainak tartekatuz eta Rezustak jartzen zuen erritmo ikaragarriari tentsio eta erritmo handiagoa jarri nahian, "ea zein erortzen den hemen lehenago" esaten ariko balitz bezala. Izugarria izan da bi pilotariek erakutsi duten ahalmen fisikoa. Tarte laburrak saketik sakera eta beste erremediorik ez zutenean bakarrik, arauak edo barruak eskatuta, eseri dira. Ez da partida perfektua izan, beraiek egin nahiko zuketena ziurrenera, baina izan du erritmoa, intentsitatea, kalitate teknikoa askotan, eta ikusleari barruraino sartzen zaion esfortzuaren emozioa.

Tanto asko izan dira esandako azken horren adierazgarri, baina bat apartatuko dugu, Iñakiren hemezortzigarrena (18-15). Rezustak atera du sakea, luze eta ezkerrera, -sakearekin oso ondo jokatu du Rezustak, oraintxe luze, oraintxe motz hanketara- ia erreboteko zulotik jiratu du Iñakik eta Rezustak airez utzi du txokoan goxo-goxo maisuki, tanto! Ez! Hogeita hamabi tanto jokatuta ordurako, ikustekoa izan da bederatzigarren koadrotik bigarreneraino alegiarrak egin duen korrikaldia; ikustekoa nola iritsi, bermatu hankak, sartu gerria eta nola pasa duen Rezusta buruz gain. Tanto! Ez! Hogeita hamabi tanto jokatuta ordurako, ikustekoa izan da nola bergararrak egin duen korri atzeraka, bostgarren koadrotik atzera, eskuin aldera, eta atzerako jauzian gorputza airean jiratuz, jo pilota eskuinez, eskuinez, eta txapa gainean jartzea nola lortu duen. Pilotakada bihurriak bote okerra egin du, lehen koadroan, eta Iñakik boti boleaz, abil, txapa gain-gainera eta hemendik txost egitera jarri du. Hau bai, tanto! Pilotak ez du boterik ere egin eta eskerrak, hantxe baitzegoen Beñat pilotak bezala lurra jo orduko botean altxa eta korrika etorrita, berta-bertan.

Bi pilotariek egin dituzte kalitateko tantoak. Rezustak erakutsi du atzelaria izanagatik badakiela aurrean jokatzen eta mugimendu bizkorrekoa dela, azkarra eta indartsua. Artolak, nabarmentzen aspertzen ez garen kalitate tekniko eta fiskoez gain, buru-sendotasun handia erakutsi du; ez da batura txarra. Iñakik, txokoan egindako dejada on batekin eman dio bukaera partidari beste tanto nekagarri batean.

Ikusi ditugu huts handiak ere, batik bat Rezustak bere eman beharrarengatik eginak; tira, tanto bat edo beste ere egin du horrela. Baina pilotazeak gustura geratu dira oso ikusi eta bizitakoarekin. Merezi bezala eskertu diete pilotariei partida amaieran.

Tanto boladak: 1-0; 1-1; 5-1; 5-4; 7-4; 7-7; 7-8; 8-8; 12-8; 12-9; 14-9; 14-14; 17-14;17-15; 19-15; 19-17; 22-17.

Pilotakadak: 222

Egindako tantoak:  Artolak 10 (4 sakez) eta Rezustak 11 (2 sakez)

Galdutako tantoak: Artolak 6 (3 behartuak) eta Rezustak 12 (

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!