«Euskal Herrian dugun gaztetxeen zirkuitua ez dugu behar bezala baloratzen»

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 22a, 13:19

Alegiako gaztetxean kontzertua emango du Vendetta taldeak bihar, 22:30ean, Tolosaldeko gazte asanblada eta gaztetxe topaketaren barruan. Biharko kontzertuaz eta orokorrean Vendetta taldeari buruz hitz egin du Enrikko Rubiños ibartarrak.

Larunbatean Alegian izango zarete. Kontzertu berezia da zuretzat?

Etxetik gertu jotzea beti berezia da musikari batentzat. Pentsatzen dut Ibarratik eta Tolosatik jendea joango dela. Tolosaldean azkena jo genuena iazko Ibarrako festetan izan zen. Pixka bat gorabeheratsua izan zen, bezperan eszenatokia erori zen eta. Espero dut Alegian ezer ez gertatzea! (kar, kar, kar)

Gaztetxe Biraren barruan izango da kontzertua. Biraren aurkezpenean diozue ez dituzuela eszenatoki txikiak ahazten.

Beti gogoratu behar dugu nondik atera garen. Talde guztiak gaztetxeetan edo tabernetan edo eszenatoki txikietan hasi ginen, eta gure lehenengo pauso horiek ezin ditugu ahaztu. Eta birarekin hori egitera goaz, eszenatoki horiek gogora ekartzea. Bestetik, gune horiek bizirik dirautela aldarrikatzea eta lagundu behar zaiela, ea gazte jende gehiago joaten den gaztetxeetara, kontzertuetara bai, baina baita ere lanera, asanbladetara eta abar, pixka bat pizteko. Orain dela bi aste izan ginen Lizarrako gaztetxean eta esan ziguten urtean behin egiten zutela kontzerturen bat, urteurrena zenean, baina kontzertuak erregularki egin gabe urteak eta urteak zeramatzaten. Poza eman zigun gaztetxera joan eta beteta ikusteak. Beraiei ere bai, eta gogoratu zieten bertara joan zirenei ez dela bakarrik kontzertu egunean lan egin behar gaztetxeetan, asanbladetan eta astean zehar ere lan egin behar dela.



Gaztetxeek garrantzia izan dute eta dute musikaren munduan.

Bere garrantzia dute. Nik uste dut Euskal Herrian nahiko ohituta gaudela gaztetxeen zirkuitua izatera eta ez dugula behar bezala baloratzen. Hemendik kanpora ateratzen zara eta horrelakoak ez dira existitzen. Kontzertu aretoak daude, eta gero festak eta musika jaialdiak. Baina Espainian ez dira existitzen horrelakoak. Alemaniara, Suitzara, Europa aldera joaten bazara, etxe okupatu gehiago daude. Espainian izaten dira okupatutako zentro sozialak, baina ez dira Euskal Herrian bezain aktiboak, eta hemengoak ez ditugu behar bezala baloratzen.

'13 balas' da argitaratu duzuen azken diskoa, 2014eko abenduan. Disko horretako abestiak jotzen dituzue oraingo bira honetan?

Pixka bat denetik joko dugu. Gehiena ziur aski 13 balas-etik aterata izango da, baina kontuan izan behar da dagoeneko laugarren diskoa dela, eta aurretik funtzionatu duten abestiak ere izango direla kontzertuan. Ez zaigu gustatzen emanaldiak oso luzeak izatea, ordu eta erdi edo ordu eta berrogei minutu izaten dira, eta hor sartzen da sartzen dena. Aukeraketa bat izango da eta gehiena 13 balas-etik aterako da.

Nola definituko zenuke Vendettaren musika?

Zaila da hori esatea, gehienbat lehenengo diskotik laugarrengora aldaketa egon delako, disko batetik bestera, eta garapen bat izan da. Skan oinarrituta dagoela esan daiteke. Lehen diskoa skatalitikoa edo ska-punka, bigarrena agian rockeroagoa, hirugarrenean pixka bat lasaiagoa, eta oraingoa zelta puntu batekin. Beti skan oinarritutako musika da, orokorrean festan aritzeko musika. Horrela definituko nuke nik, eta ziur aski garatzen joango da, eta estiloak nahasten jarraituko dugu, dudarik gabe.

Eta zuzenekoak nola planteatzen dituzue? Esan duzun moduan jai giroko musika egiten duzue, bizia, jendea mugitzekoa.

Egia esan, bai. Sumatzen dugu kantu batzuetan jendeak dantzatzen duela, eta beste batzuetan geldirik dago eta kantatzen. Bi mutur horiek daude kontzertuetan. Kanta bat egiten dugunean gustatzen zaigu erreakzioa izatea, batzuetan dantzatzearena izango da eta beste batzuetan kantatzearena. Pixka bat denetik izaten da kontzertuetan.

Orain gutxi Latinoamerikan izan zarete bira bat egiten. Zer moduz joan da?

Denetatik pasa zaigu. Esan genezake ondo joan dela. Lehenengo kontzertuak ondo joan ziren eta baita azkenekoak ere. Tartean egon ziren arazotxo batzuk, ezustekoak. Kontzertu batean borroka bat izan genuen kamerinoen atean, eta kanpoan tiroka bukatu zen. Gero hango promotorarekin arazo logistikoak izan genituen. Han topatu genuen promotorako jendeak fundamentu handirik ez zuen, eta arazoak izan genituen. Eskertu behar diogu han bertako sustatzaile batzuei ere bira ondo bukatu izana, horren bitartez kontzertu onak eman genituen-eta bira bukatzeko Buenos Airesen. Kontu arraro batzuk izan ziren tartean, baina orokorrean ondo joan zen.

Eta han publikoak nola erantzun zuen?

Han oso sutsuak dira. Nik beti esaten dut: kontzertuetara joaten dira futbolera joaten diren moduan. Futbolera oso sutsu joaten dira, oso basatiak dira. Denbora guztian kantatzen, dantzan..., buff, elektrikoak!

Lehenengo aldia izan da Latinoamerikara joan zaretela?

Bigarrengoa da. Orain dela hiru urte egon ginen Latinoamerikan. Orduan Peru, Txile, Argentina eta Uruguai egin genituen, eta oraingoan Txile eta Argentina. Aurrekoan dena ondo joan zen, eta oraingoan ere hobeto. Ziur aski itzuliko gara, nahiz eta kontu arraro horiek izan. Gero, Europan ere bira egiteko ohitura dugu. Normalean Suitzara joaten gara, Alemanian ere egon gara tarteka; Suitzakoa ziur aski aurten ere errepikatuko dugu.

2009an hasi zineten, eta mugitu zarete Euskal Herritik kanpo.

Hori da asmoa. Pixka bat kanpora irekitzea. Euskal Herria oso txikia da eta saiatzen gara mugitzen Espainia aldera eta Europara eta Amerikara.

Krisi ekonomiko betean sortu zenuten taldea. Nola izan dira urte guzti hauek?

Egia esan zorte pixka bat izan genuen. Lehenengo kontzertua jo genuenean, Gor diskoetxeko Marino Goñi han zegoen; ezagutzen genuen lehendik. Batzuk Skalariak taldean ibilita geunden. Lehenengo kontzertu hori entzun eta gero esan zigun diskoa grabatuko zigula eta bere kargu joan zen dena. Esan genezake diskografikoki zortea izan dugula. Gero, kontzertuetan, lan asko egin behar izan da. Eszenatoki txikietan hasi ginen, birak eginez, aretoetan joz hemen eta Espainian, eta lana eginez. Gogorra izan zen, baina suposatzen dut talde gehienen antzera. Guk zorte pixka bat gehiago izan genuen diskoetxeak segituan eskaini zigulako grabatzea.

Musika beti krisian dagoela esan ohi da. Gehiago nabaritu da urte hauetan?

Krisi orokorra 2008an hasi dela esaten da, baina musika industriak krisian zeramakien ordurako agian hamar urte. Guk ez dugu nabaritu, agian nabaritu izango genuen orain 15 urte diskoa atera izan bagenu. Nola hori ez dugun ezagutu, daukagunarekin konformatzen gara eta ez da gaizki joan, ezin gara kexatu. Musika industriak krisian urte asko daramatza; industriak du krisia, sormenak ez.

Esaterako, azken diskoaren abesti guztiak internetetik jaisteko aukera eman zenuten.

Mugak haustea bilatzen genuen. Fisikoki bakarrik ateratzen baduzu, edo multinazional handi bat duzu edo ez zara mundu guztira iristen. Guk nahi genuen muga hori hautsi, eta mundu guztira iristea. Internet bidez muga hori hausten duzu, doan uzten duzu. Gaur egun edozeinek deskargatu dezake dohainik diskoa, nahiz eta dendan egon eta taldeak doan ez utzi. Orduan esan genuen gure webgunean jarriko genuela, eta aukera ematea behintzat gutxieneko kalitatearekin jaisteko. Bestetik, muga ekonomikoa hautsi nahi genuen. Agian ez du mundu guztiak 10 edo 12 euro gastatzeko disko batean. Hortaz aparte mugikorrean aplikazio bat sortu genuen eta horren bitartez azken diskoa eta aurreko diskoetako bilduma bat jaitsi daiteke. Beste modu bat izan da musika deskargatzeko.

Eta nola joan da?

Deskargetan ez dakit orain nola dauden kontuak. Egin berritan ibili ginen ikusten zenbat deskargatzen zen, baina aspaldi ez dudala begiratu. Egia esan, urte horretako Durangoko Azokan pentsatzen genuen doan deskargatzeko aukera ematen genuenez gutxiago salduko zela, eta azkenean kontrako efektua sortu zuen eta jendea gehiago hurbildu zen diskoa erostera.

Zer balantze egiten duzu orokorrean Vendetta taldeari buruz?

Ezin gara kexatu. Pixkana joan da garatzen musika, eta jarraitzaileen aldetik gero eta gehiagora joan gara. Kontzertuak gero eta hobeagoak dira, baldintzak ere bai. Orain arteko ibilbidearen balantze oso positiboa egiten dut.

Gogoz, beraz, kontzertuak ematen jarraitzeko.

Noski baietz. Oraindik ez zaizkigu bukatu, eta uste dut horrela hilko garela.

Zer da zuretzat kontzertu bat ematea?

Adrenalina puntu bat, tentsioak askatzea. Bateria jotzen ari naizenean eszenatoki batean arazoak ahazten ditut, horretara nago, disfrutatzen ari naiz, gustatzen zaidana egiten, eta gainera nire ogibidea da. Ez dakit zer gehiago eskatu daitekeen.

 

MUSIKARI ETA IRAKASLE

Perkusioa ikasi eta gero irakasle moduan hasi zen lanean Enrikko Rubiños. Egun Loatzo musika eskolan da irakasle.

Vendettako bateria jolea izateaz gain, Loatzo musika eskolan bateria irakaslea da Enrikko Rubiños. «Nik zortea dut taldeaz gain musika munduko beste lan bat dudala, irakasle izatearena», esan du. Bi lanak bateratzeko ahal duen moduan egiten duela dio. «Normalean saiatzen naiz klaseak astelehenetik asteazkenera ematen, eta horrela ostegunetik aurrera gelditzen zait libre bai kontzertuetarako, edo behar izanez gero aldaketan bat egiteko. Jendea ez dut sekula klaserik gabe utzi eta uste dut ez dudala sekula utziko».

Txikitatik hasi zen perkusioa ikasten Tolosako udal musika eskolan. «Bertan bateria ez ziguten irakasten, perkusio klasikoa bakarrik». Erdi mailako titulua atera zuen perkusioan, eta horretaz aparte bateria ikasten hasi zen. «Nik uste dut bateria gehiago gustatzen zitzaidala perkusioa baino, eta irakasle partikularren bidez eta akademien bidez bateria ikasi nuen. 11 urterekin hasi nintzen. Tresna hartu behar nuenean udal musika eskolan oraindik ez zegoen Tolosako udal eskolan perkusiorik, eta pare bat urte pasa nituen musika hizkuntza bakarrik egiten, tresnarik gabe».



Irakasle izateak badu bere koska: «Enpresa batean baldin bazaude torlojuak egiten, denak berdinak ateratzen dira, eta badakizu egiten dituzun piezak ondo daudela. Bateria klaseak ematen ditudanean, eta pentsatzen dut orokorrean irakaskuntzan horrela izango dela, badakit klaseak ondo ematen ari naizela baina gero garapena ikustea kosta egiten zait. Agian ikasleek baino presa gehiago dut nik beraiek ikasteko». Rubiñosek uste du «ona izango litzakeela beste musika eskoletan zer egiten den eta ikasleek nolako maila duten jakitea, horrela elkarrekin ikusteko nola egiten ari garen». Bestalde, lanaren fruituak ere ikusten dituela dio: «Hainbat urte daramatzat klaseak ematen, eta ikusten dut ikasle batzuk atera direla eta jotzen dabiltzala, eta batzuk irakasleak direla; horrek pixka bat lasaitzen zaitu. Azkenean ikasle bakoitza ere oso ezberdina da».

Bateria jotzen ikasi nahi dutenen ikasle kopuruak ez du etenik. «Emazteak esaten dit beti ikasturte bukaeran urduri jartzen naizela ea hurrengorako zenbat ikasle izango ditudan pentsatzen. Uste dut horrela nabilela hasi nintzenetik, hemezortzi urte nituenetik, eta ez zait sekula ikaslerik falta izan». Gazteek bateria ikasteko grina dutela dio, eta adin guztietako ikasleak dituela, hasi zortzi urtetik eta 40 urtetik gora dituena ere, azken hau dultzainako atabalekin ikasten ari dena. «Ezin naiz kexatu».

Semeak ere makilak eskutan

Rubiñosen bi semeak aitaren pausoak jarraitzen ari dira. Manexek eta Beñatek bateria ikasten dute, eta bere aita dute irakasle. Hasieran beste instrumentu batzuk aukeratu zituzten, gitarra eta tronboia, hain zuzen, baina gero erabaki zuten bateria ikastea. «Etxeko lanak bidaltzen dizkigunean, etxean lagundu dezake eta hori ona da», azaldu dute bi ikasleek, bere aita irakaslea izateari buruz galdetzean. «Hasieran pixka bat arraroa izan zen, baina gero ohitu gara».

Etxean ere aritzen dira bateria jotzen, baina egin beharreko ariketak ez dituztela hainbeste betetzen diote, eta bere aitak ondotik horixe baieztatu du. «Lehen esan dudan moduan, azkarrago joatea nahiko nuke», esan du Rubiñosek, «eta agian beste ikasleekin baino gogorragoa naiz beraiekin. Beraz, nire aldetik, pazientzia lantzen».

Tarteka aitaren kontzerturen batera joan izan dira. «Kontua da berandu izaten direla, eta etxetik gertu egiten ditugunean, batzuetan etortzen dira. Adibidez, Ibarrako festetako kontzertuan izan ziren biak». Agian, bihar, Alegiako gaztetxean egingo den kontzertuan ere izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!