Etorkizunera begirako lehen harria

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 22a, 12:04

Tolosaldeko gazte asanblada eta gaztetxe topaketa antolatu dute biharko, Alegian. Egun osoko egitaraua osatu dute, besteak beste, aurrera begira elkarlanean egin ditzaketen ekimenak eztabaidatzeko

Ibarrako gazte asanbladak bota zuen ideia eskualdeko beste gazte asanblada eta gaztetxeen artean. Ideiak aurrera egin eta bihar egi bihurtuko da, Tolosaldeko gazte asanblada eta gaztetxe topaketa egingo baitute Alegian.

Euskal Herriko topaketa izan zen Oñatin orain gutxi, eta Ibarratik ikusi zuten Tolosadean bazela mugimendua hainbat herritan baina elkarren berririk ez zutela. «Gure arteko harremanak estutzeko eta elkarren berri jakiteko gonbidatu gintuzten topaketa hau antolatzera», azaldu du Anoetako gazte asanbladako Ane Urkolak. Alex Goikoetxea Alegiako Gaztetxeko kideak azaldu duenez, «orain arte bakoitzak bere jarduerak antolatu eta ez dakigu beste gaztetxeetan zer egiten ari diren». Urkolak gaineratu duenez, «topaketarekin elkarren errealitatea ezagutu eta aurrera begira gure artean elkarlana nola bultzatu dezakegun ikusiko dugu».

Ibarrako Gaztetxea, Altzoko Otsabiope Gaztetxea, Berastegiko Biltokia, Alegiako Gaztetxea, Anoetako Gazte Asanblada eta Tolosako Gazte Asanblada izan dira topaketa bultzatu dutenak. Mikel Matxinea Berastegiko Biltokiko kideak azaldu duenez, «lehenengo urtea da antolatzen duguna, eta ez dira ari Tolosaldeko herri guztiak bertan parte hartzen, baina hurrengo urteetarako espero dugu herri gehiago gehitzea».

Egitarauari begiratuz, tartea izango dute, bai goizean bai arratsaldean, elkarren berri izan eta aurrera begira zer elkarlan mota eraikiko duten eztabaidatzeko. Alde ludikoagoa ere izango du egunak. Batetik, bazkaria egingo dute Alegiako gaztetxean bertan, eta horretarako txartel guztiak agortuta daude. Ehun gazte inguru elkartuko dira bertan. Bestetik, arratsaldeko eztabaida saioa bukatu eta gero, triki-poteoa egingo dute herrian zehar eta ondoren gaztetxean ogitartekoak afaltzeko aukera izango da. Azkenik, Vendetta taldearen kontzertua ikusi eta entzuteko aukera izango da, eta festa DJ batekin bukatuko da. Kontzerturako sarrerak bost euro balio ditu eta aldez aurretik ezin dira erosi, emanaldia hasi baino lehen eskuratu ahalko dira.

Zailtasunak eta indarguneak

«Topaketa hau hasiera izatea nahi dugu», esan du Urkolak. «Eztabaidatzeko nola garatu dezakegun gure arteko harremana. Gaztetxeak eta gazte asanbladak zertarako nahi ditugun hitz egingo dugu».

Gaur egun gazte asanbladak eta gaztetxeak «pixka bat berpizten» ari direla uste du Urkolak. Goikoetxearen ustez, Alegiako Gaztetxeak «izan ditu urte txarragoak, eta pixkana egiten ari da berriro bere lekua. Gaztetxe guztiak ezberdinak dira. Modu batera edo bestera gaztetxeak dira, okupazioen bidez, edo udalek emandako etxe edo lokalen bidez». Urkolak azaldu duenez, «Anoetakoan orain ondo gaudela esan dezakegu. Ostiralean [gaur] hasiko gara XVII. urtemugaren ekitaldiekin, eta gogotsu daude».

Hiruek nabarmendu dute «Tolosako gazte asanblada egiten ari den borroka gaztetxea lortzeko». Urkolaren esanetan, «Anoetan aurreko belaunaldien bidezko borrokarengatik lortu dugu gaztetxea; guri espazio hori eman egin digute. Batzuk egun espazio hori lortzeko borrokan ari dira».

Goikoetxearen ustez, Tolosako gazte asanbladak ez du «lan erraza. Garaiak aldatu egin dira eta gaur egun okupazio bidez gaztetxea lortzea zailagoa da. Ez daude egoera errazean, baina pausoak ematen ari dira autogestioaren bidez aurrera doan proiektu txiki hori handi bihurtzeko. Ea hemendik gutxira Tolosako Gaztetxean antolatu dezakegun Tolosaldeko topaketa». Eta Matxineak gaineratu du: «Gogoa ez da falta inguruko herrietako gazteen aldetik, eta horrekin aurrera egin ahal izango da».

Gaztetxeak martxan jartzeko zailtasunen artean udalarekin izan daitezkeen arazoak aipatu dituzte. «Baliteke ere okupa mugimendua ez dela lehengo berdina», esan du Goikoetxeak. «Lehen zerbait okupatu eta aukera gehiago zenituen ekimenak aurrera eramateko. Pribatizazio politikengatik gero eta zailtasun handiagoak daude lokal bat hartu eta okupatzeko». Urkolak azaldu duenez, «bere zailtasunak ere baditu lokalari bizia ematea, jendea motibatzea, jendearengana iristea».

Bestalde, indargune moduan «jende gazteak antolatzeko duen gogoa» aipatu du Matxineak. «Ekintza asko antolatzen dira gaztetxeetan urtean zehar, gazteei zuzendutako gauza asko sortuz. Eta hori garrantzitsua da». Biharko topaketan, besteak beste, gai horiek izango dituzte hizketagai.

Oharra: Vendetta taldearen Enrikko Rubiños bateria joleari elkarrizketa 20-24 orrialdeetan.

EGITARAUA

10:30. Harrera Alegiako gaztetxean, ondoren ezagutza jolasak.
11:30. Asanblada bakoitzak besteekin bere errealitateak partekatzea.
14:00. Bazkaria gaztetxean.
16:00. Eztabaidak lan-taldeka, kultur etxean.
19:00. Triki-poteoa herrian zehar.
21:00. Afaria, ogitartekoekin, gaztetxean
22:30. Vendetta taldearen kontzertua gaztetxean. Ondoren LBRJN DJ set.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!