II. Ataria Pilota Txapelketaren txanda iritsi da

Asier Imaz 2016ko api. 21a, 11:02

Ostiralean jokatuko dira lehen partidak, eta uztailaren 2an izango dira finalak Amasa-Villabonako Bearzana pilotalekuan

Ostiralean emango zaio hasiera II. Ataria Pilota Txapelketari. Joan den urtean antolatu zen lehen edizioa eta izan zuen arrakasta ikusita, eskualdeko Pilota Eskola-Elkarteek eta Atariakideok ez dugu zalantzarik izan bigarren honi ekiteko. Amaierako jai handia Villabonan izango da uztailaren 2an, goiz osoan. 

Iaz bezala pilotako bi modalitatetan jokatuko da txapelketa: eskuz eta palaz. Eskuz, neskek eta mutilek daukate parte hartzeko aukera; palaz, neskek bakarrik. Hau honela, eskualdeko Pilota Eskola eta Elkarteetan dabiltzan 330 (56 neska eta 274 mutil) pilotarik eman dute izena pilotazale eta pilotari lantegi horietan egiten den lanaren erakusgarri. Bi-hiruko 153 talde lehiatuko dira guztira.

Maila bat gehiago izango da aurten. Eskuz jokatuko da benjamin, alebin eta infantil mailetan, iaz bezala. Palaz berriz, alebin, infantil eta kadete-jubenil mailetan; azken hau izango da berrikuntza: baditugu maila oso onean ari diren pala jokalariak eskualdean eta, txapelketa askorik izaten ez dutenez, interesgarria iruditu zaigu antolatzaileoi plaza berri hau zabaltzea.

Erabiliko duten materialari dagokionez, ez dugu zalantzarik izan eta parte-hartzea bultzatzearen aldeko apustuari jarraitu zaio: esku-babesik eskatzen ez duten pilota gozoekin jokatuko dute benjaminek eta alebinek, eta toke-erdikoekin infantilek. Palaz, berriz, alebinek presio gutxiko pilotak erabiliko dituzte eta tenisekoak infantilek; kadete-jubenilak pilota mazizakin ariko dira, ondo ari gainera, ikusiko duzue!

TOLOSALDEA, ELKARREKIN

Eskualdeko hamabi herrietan jokatuko dira sailkapen partidak: Albiztur, Berastegi eta Altzon benjamin B mailakoak ariko dira; Aduna, Ibarra eta Ikaztegietan benjamin A mailakoak; Asteasu, Alkiza eta Bidania-Goiatzen alebinak, eskuz; Tolosan alebinak eta infantilak, palaz; Amezketan infantilak eskuz; eta Zizurkilen kadete-jubenilak palaz. Hasieran esan bezala, Amasa-Villabonan jokatuko dira finalak.

Eta merezi du antolakuntza nabarmentzea. Ataria Txapelketa izena badarama ere, eskualdeko Pilota Eskola-Elkarte guztiak Albizturko P.E., Adunako Txulobi, Alegia-Altzo-Ikaztegietako Intxurre, Alkizako P.E., Amezketako Zazpi Iturri, Asteasuko Atzapar, Berastegiko P.E., Bidania-Tolosako Aurrera Saiaz, Ibarrako Sendi Ekintza, Larraulgo P.E., Leaburuko P.E., Lizartzako P.E., Tolosako Tolosa C.F., Villabonako Behar Zana eta Zizurkilgo Ziotza hartu dute parte txapelketaren diseinu eta antolaketan. Ahal den neurrian eskualdeko eragileekin elkarlanean aritzea da ATARIA-ren sustatzaileon nahia, eta erantzun paregabea eman digute iaz bezala aurten ere; gehienek zuzenean hartu dute parte bilkuretara etorriz eta, ezin izan dutenek, laguntzeko prestutasuna erakutsi digute.

Aurten, Elduaien Hizkuntza Eskolaren babesa izango du ekimen honek, benetan eskertzen duguna, eta laguntzaile gehiago inguratzea espero dugu. Saiatuko gara denen konfiantzari erantzuten eta, batik bat, bere ilusio guztia jarriko duten pilotarien gure joko honekiko zaletasunean eragiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!