Tolosaldeko 3 Tontorrak 2016

Boluntarioen artean dabil T3T proba

Asier Imaz 2016ko api. 20a, 13:32

Tolosaldeko 3 Tontor Mendi Lasterketa ekainaren 19an izango da; izena emateko epea zabalik dago, bai korrikalari modura edo-ta boluntario bezala; azken horretarako hiru bide zabaldu dituzte.

Boluntariorik ez baldin badago, ezin da boluntarioen lanean oinarritutako probarik antolatu. Tolosaldeko 3 Tontor mendi lasterketa, mota horietako proba da. Lehen boluntarioak, antolatzaileak beraiek baitira. Ondorioz, T3T aurrera ateratzeko, euren lanaz gain, ingurukoena behar dute antolatzaileek. T3T-ren lehen edizioa iaz antolatu zuten, eta 200 lagun inguru bildu zituzten lanerako. Aurten, erritmo onean doaz, eta ez dute inongo arazorik izango boluntarioak biltzeko. Hala eta guztiz ere, orduan eta gehiago izan, orduan eta erosoago banatuko dituzte lanak. Deialdia epea egina dago. Nahi duenak, edonork, esku bat botatzeko aukera izango du ekainaren 19ko igandean.

Iaz adin guztietako boluntarioak aritu ziren lanean. Arrospe puntako anoa gunean, adibidez, berastegiarrak egon ziren. Behe laino eta umore artean, egun ederra pasa zuten. Erniozabalen, aldiz, lau tolosarri tokatu zitzaien. Igor Urkiola zen horietako bat. Esperientzia oso txarra bizi izan zutenez, aurten berriro izena ematea erabaki dute Erniozabalgo laurek, hori bai, oraingoan familia eta guzti joateko asmoa dute. «Oso egun polita izan zen. Goizean goiz irten ginen, 4X4 batean. Mahai batzuk eta karpa bat jarri, eta ingurunea zinta batzuekin zehaztu genuen. Izan ere, hondakinak eremu horretan bota behar dituzte parte hartzaileek. Zinta horiek pasa ondoren, ezin dute ezer bota mendian. Edariak basoetan prest genituen txukun-txukun iritsi zirenerako, eta behar zutena ere eman genien. Ondoren, dena bildu, eta txukun-txukun utzi genuen. Inbentarioa egin, eta bera antolatzaileei pasatzea izan zen gure azken lana. Hobetze aldera, asko eskertzen dute gune bakoitzean nola joan den jakitea», gogoratzen du Urkiolak. 

Lasterketak ezustekotxea ere eman zien Erniozabalgo tolosarrei. Lehen anoa gunea ziren, eta uste baino azkarrago hasi zitzaizkien korrikalariak iristen: «Oso azkar etorri ziren parte hartzaileak, eta egarriz itota. Uste genuen fresko iritsiko zirela, baina leher eginda ikusi genituen. Behe laino moduko bat zegoen behean, sargori, eta hezetasun handia. Izugarrizko egarria zutela errepikatzen zuten denek. Denentzat izan zen edatea, nahiz eta amaieran justu antzean ibili. Ordubete inguruko tartean pasa ziren denak. Eta gu hantxe egon ginen tarte horretan, gelditu gabe lan eta lan. Ederki pasa genuen!».

Kontakizun hori entzunda, argi zegoen Urkiola eta bere lagunak aurten ere boluntario lanetan ibiliko zirela. Eta bai, berriro ere Erniozabalen egongo dira: «Lasterketa igandean da, baina gu larunbatean familiarekin joango gara. Bakoitzak hiruna ume ditu, eta egun pasa egingo dugu bertan. Lo ere bertan egingo dugu. Beti ere eguraldiak uzten baldin badu. Igandean goiz esnatu eta anoa gunea prestatuko dugu, iaz bezala. Ez da beste munduko lana, eta giro onean, mendiko beste egun bat bezala izaten da».

Igor Urkiolak badaki zer den mendiko probak antolatzea, izan ere, Araxesko Itzulian berari tokatzen zaio antolatzaile lanetan ibiltzea. Hala eta guztiz ere, T3T-rekin zerikusirik ez duela dio tolosarrak: «Hau askoz profesionalagoa da. Beraiek ere boluntarioak dira, baina oso-oso ondo antolaturik daude. Dena oso ondo pentsaturik daukate. Parte hartzaileen eskakizunak ere beste seriotasun bat eskatzen duela esan beharra dago. Eta hauek lehen edizioak horretarako gaitasun handia daukatela erakutsi zuten. Eskarmentu handiko jendea da, eta oso jantzia dagoena».

Boluntarioen artean dabil, beraz, proba. Batzuk ardura gehiagorekin, baina besteak ere probaren parte sentiarazi nahian. Eta horrek, Urkiolari atentzioa deitu zion iaz: «Asko mimatu gintuzten, gehiegi agian. Baina ulertzekoa da. Izan ere, horrelako proba bat antolatzeak jende askoren beharra ekartzen du. Eta urte batean biltzeak ez du esan nahi hurrengo urtean guztiak elkartuko dituzunik. Eta horrela behar adina boluntario ez baldin badaude, ekitaldia bertan behera geratzen da. Asko zaindu gintuzten, kamiseta, zozketa eta abarrekin, eta oso eroso sentitu ginen. Gure ekarpenak ere arretaz entzun zituzten, hobetze aldera dena jakin nahi zuten. Asko saiatzen direla ikusi genuen, eta hasieratik horrekin harrituta gelditu ginen».

Batzuetan, antolatutako tokiren batera joatea tokatzen den bezala, beste batzuetan, esku bat botatzea tokatzen dela dio Igor Urkiola boluntario tolosarrak. Eta boluntario izate hori, edonoren esku dagoelakoan dago tolosarra; «mundu guztiak eskertzen du, gainera. Bai antolatzaileek, eta baita parte hartzaileek ere. Urtean behin edo bitan horrelako ekimen bat egitea beti da ongietorria».

 

HAINBAT DATU

Tolosaldeko 3 Tontor

Eguna: Ekainak 19, igandea.

Boluntarioek izena emateko: Hiru aukera: Oargi Mendi Elkartearekin harremanetan jarrita; emailez: t3tmaratoia.saresozialak@gmail.com edo facebook/T3T-Tolosaldeko3Tontorrak.

Baldintzak boluntario izateko: Edonork dauka boluntario izateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!