LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa sinatu dute Adegirekin papergintzan

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 19a, 11:43

Abenduan papergintzako langileek egindako manifestazioa Tolosan.

Papergintzaren sektoreko hitzarmenaren egoera aldatu egin da nabarmen azken egunotan. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa sinatu dute Adegi patronalarekin, eta ELA sindikatua aurreakordio horren aurka azaldu da.

LABek sindikatutik azaldutakoaren arabera, aurreakordioa «onuragarria» da, eta «hainbat esparrutan lorpen esanguratsuak erdietsi» dituztela diote. Aurreakordioa egunotan bozkatuko dute langileek sektoreko enpresetan, eta onartzen bada, LABeko hitzarmena sinatuko du.

LABek dioenez, orain lortutako aurreakordioarekin «patronalak egin zuen lehen proposamena irauli» dute. «Aurreko negoziazioetan lortutakoa kendu nahi izateaz gain, gure lan baldintzak kaskartu nahi zituen», gaineratu du. Bestalde, «genuenari eutsi diogu eta soldatak KPIren gainetik hobetu ditugu», esan du. Gaixotasun-lizentzia «ondu» dutela adierazi dute LABetik.

Langileek papergintzako hitzarmenaren negoziazioan zuten aldarrikapen handienetakoa lortu dutela azaldu dute LABetik: «Non Stop enpresa itunei eta Txanda Jarraituei dagokionez, soldata erregimena ez aplikatzeko edo desloturazko klausula ezarriko balitz, Probintzia Hitzarmena deslotzeko ezarri ohi diren lege berme berak ezar dakizkiela lortu dugu».

Bere aldetik, ELAk uste du «orain sinatu den aurreakordioak enpresek edukiak ez aplikatzeko ahaleginetan jarraitu ahal izango dutela» esan nahi du. «Iazko azaroan eta abenduan papergintzako langileek sei egun greba egin zituzten eta ordutik hona LAB, CCOO eta UGT sindikatuak sektorea desmobilizatzeko ahaleginetan aritu dira». ELAk gaineratu duenez, aurreakordio horrek ez die enpresei «inolako oztoporik jartzen ORPRICCEra jotzeko hitzarmena aplikatu nahi ez duten kasurako, eta enpresetan indarrean dauden Non Stop itunei buruz sartzen duen paragrafoak ez du inolako balio juridikorik».

Gogora ekarri du ELAk LABekin batera aurreko bi puntuak «ezinbestekotzat» jo zituztela «aplikatzeko bermea izango zuen hitzarmena lortze aldera». ELAk gaineratu duenez, «bi sindikatuok uste genuen artikulu horiek ezarriz gero Gipuzkoako papergintzako enpresetatik kanpo utziko genuela Erreforma Laborala, eta horrexegatik egin zituzten langileek sei greba-egun gogor». Langileen «borroka eta grebaren jarraipen handia» ikusita, Adegik klausula horiek «erosteko» ahalegina egin duela esan du ELAk, «horretarako eskaintza ekonomikoak eginez». Orain sinatu den aurreakordioak esan nahi du, ELAren ustez, «enpresek edukiak ez aplikatzeko ahaleginetan jarraitu ahal izango dutela, Hitzarmen Probintzialari zein Non Stop itunei dagokienez». ELAk «borrokan» jarraituko duela dio «hitzarmenaren edukiak aplikatuko direla bermatu arte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!