Iban Tarsiciok eta Iñigo Peñak irabazi dute Ñañarri Rallysprinta

Ataria 2016ko api. 16a, 20:35

Erruz egin du euria Ñañarri Rallysprintaren hasieran, baina pixkana atertuz joan da, eta bigarren zein hirugarren txanda euririk gabe egin dute autoek.

Irabazleek Mitsubishi Evo IX autoarekin 16:06.691eko denbora behar izan dute hiru txandak betetzeko. Bigarrenak sailkapenean Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola izan dira, BMW M3 autoarekin, 16:19.706eko denbora eginez. Hirugarrenak Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia izan dira, Mitsubishi Evo IX autoarekin, 16:20.618eko denborarekin.

Lehen txandako denborak orokorrean txarragoak izan dira, euriaren eraginagatik. Lehen txandan istripu bat izan da eta hirugarrenean bi istripu, beraz, luzatu egin da probaren iraupena.

Irurako Ikastolak eta Sardara Hondarribiko Motor Elkarteak antolatzen dute Ñañarri Rallysprinta. Zortzi urtez Alegia eta Amezketa artean egin dute proba eta aurten lehenengo aldiz Tolosako Urkizu auzora joateko errepidean egin dute. Larraitz Agirrezabala Irurako Ikastolako zuzendariak azaldu duenez, "balantze ona egiten dugu lehenengo aldia baita Urkizurako errepidean egiten dugula proba. Eguraldia ez da onena izan, eta hala ere erantzun ona izan dugu". Parte hartzaileak ere gustura aritu direla zirkuitu berrian azaldu dute antolatzaileek, eta ikusleek errespetuz jokatu dutela proban zehar, antolakuntzakoen esanei kasu eginez.

Agirrezabalak gaineratu duenez, "eskerrak eman nahi dizkiogu Tolosari, eta bereziki Urkizuri, zein Albizturri proba egiteko emandako laguntzagatik. Lanean aritu diren boluntario guztiei ere eskerrak ematen dizkiogu; Irurako Ikastolako kideek emandakoaz gain laguntza behar izaten dugu eta eskertzekoa da jasotzen dugun guztia". Hurrengo urtean ere berriro Urkizurako errepidean egingo dela Ñañarri Rallysprinta ere gogora ekarri du Agirrezabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!