Ibarraldeko pilota txapelketaren finalak iritsi dira

Maier Ugartemendia 2016ko api. 15a, 11:40

Berastegi, Leaburu-Txarama eta Ibarrako Sendi Ekintza pilota eskolek jokatu dute txapelketa azken asteetan

Berastegi, Leaburu-Txarama eta Ibarrako pilota eskolak I. Eskuz Banakako Txapelketari ekin zioten martxoko bigarren asteburuan. Aste honetan finalaurrekoak jokatu dituzte, eta gaur izango dira azken finalaurrekoak Uzturpe ikastolako pilotalekuan.

Hiru pilota eskoletako 34 haurrek parte hartu dute ligaxka honetan, 22 benjaminak eta 12 kimuak. Bihar, larunbata jokatuko dituzte finalak eta 3. eta 4. postuak, Ibarran, 16:00etan. Ondoren sari banaketa egingo da, eta bertan izango dira parte hartu duten pilota eskoletako herrietako alkateak. Azkenik, bertaratzen direnen artean mokadutxoa jango dute, festa giroan amaitzeko txapelketa.

Interesa duten guztiei bertaratzeko gonbita luzatu diete.

Harremanak sortuz

Eskoletako pilotari gazteek «lehiatzeko gogoa» zutela ikusita sortu zen txapelketarako ideia, Izaskun Ormaetxea Ibarrako Sendi Ekintza pilota eskolako arduradunaren esanetan. Beraien «nahiak» urritik otsailera bitarte eskolarteko eskuzko txapelketak asetzen zituela, baina otsailetik aurrera dagoen hutsunea eta banakakoan dagoena ase nahian bururatu zitzaien txapelketa hori antolatzea.

Txapelketak, hala ere, helburu ezberdinak izan ditu: «Batetik, lehiatzeko grina hori ase eta eskuz banakako modalitatea lantzea, eta bestetik, bailara ikuspegi hori eman eta pilota pixka bat indartzea bailara mailan, pilota eskolen arteko harremana indartuz».

Horregatik, txapelketa honetan sortu diren harremanak pilotari gazteentzat eta pilota eskolentzat «aberasgarriak» izango direla uste dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!