Makilkarien arrastoa Tolosaldean

Iñigo Terradillos 2016ko api. 15a, 08:01

XVIII.etik XX. mendera arte iraun zuen makil jokoa borroka motaren inguruko informazioa biltzen aritu da Iñaki Ganboa. Azken aztarnak Amezketa eta Zaldibia inguruan topatu ditu eta 1976 urtekoak dira.

Hainbat kanta, dantza eta jokuen protagonista da makila euskal kulturan. Komunikatzeko tresna moduan ezaguna da, mitologian bada makilarekin lotutako kondairarik, eta politikan, berriz, agintea ematen dio makilaren jabe denari. Ezezagunago da, baina, euskal makil borrokarako erabilpena. 70. hamarkadara arte egon zen bizirik, eta makilkaria 30 lagunez osatutako taldeari aurre egiteko gai omen zen.

Kasualitatez izan zuen makil borrokaren berri Iñaki Ganboa oiartzuarrak. Siziliako (Italia) herritar batzuk ezagutu zituen, eta beraiekin hango makil borroka ikusten ari zela aipatu zien jatorria Euskal Herrian zuela sistema hark. Horren inguruan ezagutzarik ez zuenez, ikertzen hasi zen, eta azken hamar urteotan informazio eta lekukotza ugari bildu du.

Ganboak azaldu duenez, jendeak makil jokoa deitzen zion borroka sistema honi, eta norbere burua babesteko erabiltzen zuten. «Gero, ikusi da beste helburu batzuetarako ere erabiltzen zela, lapurretarako, esaterako». Makil jokoa egiten zutenak makilkari izena hartzen zuten. Informazioa bilatzerako orduan, idatzietara eta liburuetara jo du oiartzuarrak, eta uste baino gehiago topatu du, batez ere Ipar Euskal Herrian. «Agian izan daiteke, berez, han hegoaldean baino arruntagoa zelako idaztea XVIII eta XIX mendeetan».

Gizartea «geroz eta seguruagoa» bilakatuz joan zen heinean makil jokoaren erabilpena galduz joan zen, «ez baitzuten beharrezko ikusten defentsa edo erasorako tresna gisa». Hori bai, desagertarazteko azken kolpea 36ko gerrak eman zion, eta orduan galdu zen ia erabat. «Errepresio handia izan zen garai hartan, eta borrokarako erabiltzen zenez makilkariak asko estutu zituzten», dio Ganboak. «Nabarmentzekoa da, gainera, borroka mota horietan aritzen zirenek ez zutela izen ona izaten, eta familiatik ezkutuan aritzen zirela makil jokoan». Horiek horrela, jendeak hurrengo belaunaldiei ez erakusteaerabaki zuen, eta horregatik egon da gure tradiziotik ezabatuta Ganboaren ustetan.

Lekukotzen bila

Zaila da gaur egun makilkari izandakoak topatzea. Adinekoak direlako, izen ona ez zutelako, eta makilkariak izan zirela aitortzeko beldur direlako: «Geratzen diren apurretako batzuekin solasean aritzeko aukera izan dut, eta hasieran urduritasun apur bat adierazten zuten, beldur baitziren beraiek borrokaren batean min egindako norbaiten sendikoa ote nintzen».

Makilkarien arrastoen atzetik Euskal Herriko herri askotatik igaro da Iñaki Ganboa. «Idatzietan aurkitutako informazioari jarraiki, barrualdeko hainbat herritan izan naiz, artzai girokoak, itsas-ertzeko herrietan ez baita makil jokorik izan». Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Beizama, Amezketa, Zaldibia, Hernialde, Zizurkil eta Markina-Xemeinen aurkitu du aztarna gehien. Herri horietan makil jokoa gogoratzen duen jendea topatu du, eta beraiek kontatutakotik nahiz idatzietan irakurritakotik, XX. mende hasieran borroka mota hori oso ohikoa dela ondorioztatu du. Hori bai, XVIII eta XIX. mendeak izan ziren makil jokoaren gailurra, hainbat gerrateetan, lehenengo gerra karlista kasu, makilkariek parte hartu zutelarik. Napoleonek berak ere, makilkariz osaturiko taldea zuen borrokarako.

Azken aztarnak, 1976 urte ingurukoak, Amezketa eta Zaldibia inguruan topatu ditu Ganboak. Abeltzaintza munduarekin lotura izateak makila artzainen edo baserritarren tresna izatearekin arrazoitzen du. «Beraiek erabili dute, eta ondorioz, beraiek eman zioten erabilpen hori». Eta erabilpenean ere badira aldaerak, izan ere, Ganboak 1,20 metroko makilarekin egiten zena ezagutu badu ere, 40 zentimetrokoarekin, 80-90ekoarekin eta ia bi metrokoarekin egiten zen makil jokoa omen zegoen.

Ezagutu duen teknika hori ikasi eta nahi duen orori irakasten ere ari da Iñaki Ganboa. Oiartzungo kiroldegian biltzen da asteartero makilkariez osaturiko taldetxoa antzinako euskal arte martzial honetan trebatzera. Eta, bertara, herriko nahiz Euskal Herriko hainbat txokotatik gerturatu da jendea gaiarekin interesa azalduta.

Jon Ander Galarraga alegiarra, esaterako, 2-3 urtez aritu da makil jokoa ikasten. «Euskal Herrian makilarekin lotutako borrokarik nolatan ez den egon pentsatzen jarrita, interneten informazioa topatuta hasi nintzen Oiartzun aldera joaten», dio. Borroka oso pragmatiko bat ikasi duela dio alegiarrak, «mugimendu justu eta zehatzekin, oso azkarra». Beste borroka motekin alderatuta ez dela hain ikusgarria aitortzen du, «mugimenduetan ez dagoelako besteetan eman daitezkeen jauzi eta bira konplexuak, baina, oso bortitza da». Galarragak, bestalde, garrantzi handia ematen dio Oiartzun inguruan egiten ari diren lanari: «Gure kulturaren zati da, dantzak edota musika den moduan, eta horiek gogoratu eta berreskuratzeko ahalegina egiten bada, gauza bera egin beharko litzateke makil jokoarekin, beraz, zoriontzen ditut egiten ari direnagatik»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!