Espainiako Gobernuak zorretan zuen milioi euroa ordaindu beharko dio Tolosaldea Garatzeni

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 13a, 15:48

Olatz Peon, Itziar Arratibel eta Joxe Luis Urdangarin izan dira agerraldian.

Auzitegi Gorenak 2012. urteko helegitearen behin betiko ebazpena palzaratu du; gobernuak sinaturiko diru-laguntza bat emateari uko egin zion 2011. urtean.

Lehiberri zentroa eraikitzeko diru laguntza bat emateari uko egin izanagatik, milioi bat euroko zorra kitatu beharko du Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministeritzak, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenak berretsi duenez. Ia sei urteko sokaren azken muturra da epaia, eta berria "pozez" hartu dute ordezkariek, Olatz Peon Tolosaldea Garatzeko lehendakariak, Itziar Arratibel Ibarrako Udaleko ordezkariak eta Jose Luis Urdangarin Tolosaldea Garatzeneko kudeatzaileak azaldu dutenez.

Afera 2012. urteaz geroztik dabil epaitegietan, baina 2010. urtera egin behar da atzera, aurrekari guztiak kronologikoki errepasatzeko. "Garai hartako agintariek ezinbestekotzat jo zuten berrikuntza proiektu bat garatzea, formakuntza eta garapena uztartuko zituen behatoki sozioekonomiko bat sortuz", azaldu du Olatz Peonek.

Horrela, behin Lehiberri zentroa gorpuzteko erabakia hartuta, proiektuak %100eko finantzazioa izatea aurreikusi zuten, 2.335.542 eurori aurre egiteko: "Espainiako Gobernuak 2 milioi euro finantzatuko zituen eta eskualdeko udalek, beren aldetik, 335.542 euro bideratuko zituzten, denen artean".

Lehen milioi euroa 2010. urtean Tolosako Udalak eta Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntzarako ministeritzak sinaturiko akordio batetik iritsi zen, eta eraikinaren lehen lanei ekitea ahalbidetu zuen horrek. Arazoak, ordea, 2011. urteko Espainiako hauteskundeen bidetik iritsi ziren. Aurrekontuetan Lehiberri zentrora bideratutako azken milioi euroa aurreikusita zegoen, diru laguntza nominatibo direlakoen bitartez: proiektu eta jarduera zehatz batera bideratutako diru laguntza, alegia. Lehen milioi eurotik bigarrenera, aldaketa bakarra izan zen: hitzarmena Tolosaldea Garatzen agentziarekin berarekin sinatu zutela, Tolosako Udalarekin sinatu beharrean. Baina eskualdeko garapen agentziak ez zuen diru laguntzarik jaso.

Ezustekoak kolokan jarri zituen Lehiberri zentroa bera eta proiektua, baina administrazio kontseiluak aurrera egitea erabaki zuen, bestelako finantziazio bideak irekiz. Eskualdeko udalek, azkenean, 810.542 euroko inbertsioa egin behar izan zuten, eta kopuru horren erdia kreditu bidez eskatu. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, 525.000 euroko diru laguntza eskaini zion proiektu estrategikoari, aurrera egin ahal izateko.

Legezko bideak, itxaropen bakar

Espainiako Gobernu aldatu berriak 2012. urte hasieran ezagutarazi zuen diru laguntza nominatiborik ez ematearen arrazoia: defizita kontrolatzeko neurrietako bat izan zen, haien arabera. Horrela, Lehiberriren egoera bertsuan geratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 50 proiektu inguru.

"Administrazio kontseiluak epaitegietara jotzea erabaki zuen, Lehiberriren egitasmoari zegokion milioi euroa berreskuratzeko", azaldu du Urdangarinek. Modu horretan, 2012ko ekainaren 12an legezko bideei ekin zieten, Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministeritzaren aurka.

Lehen epaia 2014. urtean iragarri zuen Auzitegi Nazionalak, Tolosaldea Garatzenen alde. Estatuko abokatuak, baina, helegitea aurkeztu zuen, prozesua luzatu zedin, eta joan den martxora bitarte zain izan dira eskualdeko ordezkari eta eragile publikoak: "Estatuko abokatuak atzera egin du, azkenean, eta Auzitegi Gorenetik iritsi zaigu azken epaia, behin betikoa: Espainiako Gobernuak falta den milioi euroa ordaindu beharko dio Tolosaldeko garapen agentziari".

Lehiberri zentroak hiru urte daramatza, jada, lanean, eta epaitegietatik jasotako albisteak beren pausoak "sendotzeko" balioko diela nabarmendu du Itziar Arratibelek: "Proiektu honen aldeko apustua egin zutenei eskerrak ematea besterik ez da geratzen, eta baita epaitegietara jotzeko erabakia hartu zutenei ere. Gaur egun, Lehiberri zentroa Tolosaldea Garatzenen erreferentzia gunea da, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza nahiz SPRIrena ere, enpresen eta industriaren garapenari begira".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!