'Ikasiz erakutsi', eskura

Naiara Roldan de Aranguiz 2016ko apirilaren 13a

'Tolosaldeko Ataria'-k bere ateak zabalik ditu eskualdeko ikasleentzat; 'Ikasiz erakutsi' programaren bitartez komunikabidea bisitatu eta kazetaritza gertuagotik ezagutzeko aukera dago.

Komunikabide baten eguneroko jarduna bertatik bertara ezagutzea izan daiteke ikasleen interesa piztu dezakeen ekimenetako bat. Elkarrizketa bat egiteko orduan zer kontuan hartu, kazetarien egitekoa zertan datzan, egunkari baten albisteak nola aukeratzen diren, irratsaio baten zuzenekoa nola egiten den, sare sozialek zenbaterako garrantzia duten... Galdera horiei eta beste askori erantzuna emateko bidea da Ikasiz erakutsi programa.

Izan ere, ATARIA-k eskualdeko hainbat ikastetxeekin elkarlanean abiatutako egitasmoa da hau, eta Tolosaldeko ikastetxe guztietara zabaldu nahi da.

Ikastetxeek, begi onez hartu dute ikasleen ikasketa prozesuan lagungarri izan litekeen elkarlanari bidea zabaltzea. Horrela, programa honen bitartez, adin eta maila ezberdineko ikasleei bisita gidatuak eta tarte irekiak eskainiko zaizkie TOLOSALDEKO ATARIA-n. Hedabide multimedia izanik, euskara eta komunikazio gaitasunak landu eta jendarteratzeko aukera emango die honek ikasleei.  

ERNIOBEA INSTITUTUA
Bide honi helduz, iragan astean ATARIA-k Amasa-Villabonako Erniobea Institutuko 2. DBH mailako prentsa tailerreko ikasleen bisita jaso zuen.

Erredakzioan bertan kazetaritzaren nondik norakoez aritu ziren eta baita zuzenean irratian parte hartu ere, Pasahitza irratsaioan euren ahotsa zabalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!