«Berrikuntzekin, baina Laurobaren berezko izaera mantentzen da lan berrian»

Iñigo Terradillos 2016ko api. 8a, 09:50

Iñigo Asensio tolosarra Lauroba taldera batu da, eta berarekin aritu gara solasean larunbatean, hilaren 9an, 22:30etik aurrera Alegiako gaztetxean izango baitira euren lan berria aurkezten, Physis taldearekin batera. 

Aurkezpenetan ariko zarete.
Taldearen martxa hartze berri honek, azken lau urtetan diska berririk atera gabe eta zuzenean gehiegi jo gabe, harrera oso ona izan du. Donostian oso gustura geratu ginen disko berriaren aurkezpenarekin. Gaur Azkoitian izango gara, bihar Alegian. Badira kontzertuak Donostia inguruan, Nafarroa Egunean, Andoainen eta Bonberenean. Gogoz gaude aurkezpenak eta lehen egunek izaten duten gorakada hori pixkat kontrolatu eta kontzertuetan zuzeneko hori xehetzen jarraitzeko.

Lehen azterketa gainditu zenuten.
Bai, eta aipatu dizudan moduan, oso gustura. Donostiako DOKAn aritzea, bai niretzat baita Laurobako kideentzat ere, etxean aritzea bezala da. Askotan izan gara han, hainbat proiekturekin. Musikari, lagun, senideez inguratuta gainera, oso gustura aritu ginen. Diska honetan ahotsa jarri duen Izaro Andres ere gurekin izan genuen, beste tolosar bat ere bai, Xabier Zeberio, berak egin ditu soka moldaketak. Berak ezin izan zuen Donostian egon, baina bere ordez beste hirukote bat izan zen. Estreineko polita izan zen.

Erraza izan da taldera batzea?
Ni Iñaki Ortegoren ordez nator. Taldeak azken diskatik behintzat teklak bazituen, eta erronka izan da bai Iñaki eta Fredi Pelaezek, maila handiko musikariek, urte hauetan Laurobari eman dizkioten doinu eta joera ezberdinak nereganatzea eta zuzenekoetan defendatzea. Egia esan, musikalki lan pixka bat egon da egokitzeko, soinu guztiak antolatzeko. Bestela, taldekideak aspalditik ezagutzen nituen. Ikerrekin bakarkako proiektuan jotzen aritu izan naiz berarekin. Manentekin jotzen genbiltzala ere, elkarbanatu izan dugu eszenatokia Laurobarekin, orduan ezagutu nuen taldea. Ordezko baten bila jotzean ere beraientzat agian errazena ezagun batengana jotzea zen. Oro har, erraza izan da baina erronka hor dago, disko bat grabatu behar zelako zuzenekorako. 

Nolakoa da lan berria?
Badu Laurobaren hastapenetatik datorkion kutsu rockero horretatik, badu Ikerrek zoragarri idazten dituen balada eta kantu sentikor motelago horietatik, eta agian, berrikuntza gisa, nahiz eta aurretik izan dituen sintetizadore doinuak, badira bizpahiru abesti doinu elektronikoetara hurbiltzen direnak. Giro martxosoago batean murgiltzen den errepertorio zatitxo bat du. Denetarik. Baina oso erraz identifikatzen da, Ikerren ahotsa oso berezia delako, eta Laurobak baduelako soinu eta izaera propio bat. Hori kantu berriekin mantendu egiten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!