«Horrelako birak egiteko aukera ezin da pasatzen utzi»

I. Garcia Landa 2016ko api. 7a, 10:46
Bi Bala taldeko kideak, Japoniako lagun eta managerrekin, bidaiaren azken egunean.

Bi Bala musika taldeko kideak iritsi berri dira Japonian kontzertu bira bat egin ondoren. Julen Goikoetxea alegiarra taldeko bateria jolea da, eta soinu teknikari moduan Julen Caminos tolosarra joan da beraiekin.

Entzun elkarrizketa osoa:

Nola sortu zen bira hori egiteko aukera?


Julen Caminos: Shogo da hango gure managerra; euskal taldeen bira guztiak antolatzen ditu. Urte askotan aritu gara lanean beraiekin; Japoniatik Bonbereneara taldeak etorri direnean ere bere bitartez izan da. Izaskungo festetan atera zen gaia, eta hurrengo egunean idatzi nion eta berak baietz esan zuen. Bi Bala taldekoei bueltan komentatu nien, eta beraiek barre egiten zuten, baina horren azkar izan zen dena.

Julen Goikoetxea: Izaskun auzoko jaietan atera zen kontua, eta Julenek esan zuen begiratuko zuela, eta guk, ados, baina erantzuna hain azkar etorriko zela ez genuen pentsatzen.

Sei egunetan bost kontzertu eman dituzue. Zein da balantze orokorra?

J. G.: Oso ona. Julen aurretik egonda zegoen Glaukoma taldearekin, baina guretzat dena berria zen: herrialde berri bat, gizarte berri bat, musika nola ulertuko zuten ez genuen ideiarik... Eta bai kontzertuetan izan dugun harrera, bai Tokio bezalako hiri bat ezagutzeko izan dugun aukera musikaren aitzakian, biraren balantzea oso positiboa izan da.

J. C.: Niretzat bigarren aldia zen, eta ezberdina izan da. Glaukomarekin ia Japonia guztia egin genuen furgonetan, eta konturatu naiz ez genuela ezer ikusi. Orain Tokio inguruan izan da dena, asko jan dugu eta oso ondo ibili gara. Ezberdina izan da.

Zer iruditu zaizue bertako kultura?

J. G.: Neurri batean oso gertukoa egiten zaizun moduan, beste batzuetarako beste muturrekoak direla konturatzen zara. Aberastasun hori ere jasotzen duzu, bertako ohiturak ezagutzearena. Shogorekin zortea izan dugu, inongo kontakturik gabe joan izan bagina, ez genuen ikusiko ikusi genuen erdia, ez genuen jango jan genuen moduan, ia bira gastronomikoa baitzirudien egin genuena. Gastronomia oso ona iruditu zaigu.

Adibide bat kultur arteko talka horri buruz?

J. G.: Azken egunean aireportura bidean gertatu zitzaiguna markatuta gelditu zaigu. Oso adeitsuak dira eta errespetu handiz tratatzen zaituzte, baina puntako orduan lanera doazenean garraio publikoan ez dago legerik, eta bultzatu behar bada bultzatu egiten dute. Maleta guztiekin gindoazen aireportura, trena jendez bete zen, eta gure geltokiaren aurreko beste geltoki batean jende pila bat atera zen eta hantxe atera ginen gure maleta eta guzti. Trena hustu ondoren, gu berriro ere sartu ginen trenera eta aurrera.

Nolakoak izan dira kontzertuak?

J. G.: Hasierako pare bat kontzertuetan zure burua kokatzen duzu, eta konturatzen zara oso adeitsuak direla. Gizarte oso karratua iruditu zitzaigun: kontzertu batean daudenean, dena ematen dute. Ez bazuten tutik ere ulertzen, lehen lerroan dena ematen dute. Egia da areto txikiak zirela eta jende gehiegirik egon gabe ere, bete sentsazioa ere ematen zuen. Nik nire burua ikusten nuen hemen talde japoniar bati begira, eta euskaldunak garen moduan izanik, segur aski barra ondoan jarri eta kritikatzen. Han, berriz, festa bat bezala hartzen dute eta dena ematen.

J. C.: Musika aldetik agian ohitura gehiago dute dantza gehiago egiteko, baina azkenean oso ondo pasatzen zuten eta jendea kontentu gelditu zen. Nik neuk asko gozatu dut bira honekin.

J. G.: Konturatu nintzen publikoan izaten zela jendea, leloa berriro abesterakoan bokalekin-edo geratzen zena eta kantarekin batera errepikatu egiten zuena. Harrigarria zen erabat.

Eta kontzertuen erritmoa?

J. G.: Bukaeran neke puntua nabaritu genuen, baina horixe du bira batek ere. Bost kontzertu izan dira, baina elkarren artean oso ezberdinak izan dira. Ohiko errepertorioa eta formatuan egin ditugun kontzertuak izan dira, baita modu akustikoan ere, eta hori ere gure burua proban jartzea izan da. Kontzertu denek izan dute zerbait berezia.

J. C.: Akustikoan jotzeko lehenen aldia izateko ondo atera zen.

J. G.: Konturatzen zara akustikoan jendea gehiago dagoela zuri begira; gordinagoa da, gehiago eskatzen dizu.

Merezi izan du, beraz.

J. G.: Bai, noski. Ez gara damutzen inongo momentutan joan izanaz. Japoniara zoaz, baina aldi berean kontzertu bira bat egitera. Badakizu egun erdia dedikatu behar diozula kontzertuari, eta hori dena kontuan hartuta, ez dut uste ikusi duguna baino askoz gehiago ikusteko aukera izango genuenik.

J. C.: Nahiko goiz esnatzen ginen turismo pixka bat egiteko, eguerdian dagoeneko kontzertua eman behar genuen lekura abiatu behar genuelako.

J. G.: Horrelako beste bira bat egiteko aukera izanez gero, ezin da pasatzen utzi.

J. C.: Joango gara Japoniara berriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!