Norako kuttunenen zerrendan da Tolosaldea

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 6a, 09:49
Argazkia: Google.

Aste Santuko turismo datuak plazaratu ditu Tolosaldea Garatzen agentziak eta, beste urtebetez, bisitari kopuruak gora egin du eskualdean

Bost eguneko oporraldi laburra luze joan daiteke, zentzurik onenean. Errutinaren soketatik askatzea izaten da bidaiari gehienen nahia, txoko eta ohitura berriak ezagutzearekin batera, eta Tolosaldea horretarako leku kuttun bilakatzen ari da turista askoren agendan. Aurten ere, eskualdeko bisitari kopuruak gora egin du Aste Santuan.

Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak eman berri dituen datuen arabera, %18ko igoera izan dute Tolosako eta Larraitzeko turismo bulegoetako bisitek. Horrela, iazko 1.632 bisiten aldean, aurten 1.937 izan dira. Aipatzekoa da, Txindokipeko bulegoak eguraldi ona egin duen egunetan jaso dituela bisitari gehien eta, Tolosakoak, berriz, alderantziz: larunbata izan zen egunik arrakastatsuena.

Oporraldiak amaitu eta balorazioak egiteko momentua iristen denean, zenbakiei bezain arreta handiz begiratzen diete, garapen agentziatik, bisitarien jatorriari ere. Aurten, aipatzekoa da aldaketa nabarmen bat izan dela horren harira, izan ere, madrildarrek aurrea hartu diete kataluniarrei, eta Espainia aldetik bertaratutako turisten gehiengoa osatu dute; bigarren izan dira kataluniarrak. Europara begira jarriz, berriz, Tolosaldea frantziarren leiho izan da, batik bat, eta baita alemaniarrena ere.

Atzerritarrei ostatu emateaz gain, Tolosaldea bertakoen aisiarako aukera izan da, eta Txindokiko Itzala parkera bertaratu dira gipuzkoar gehien; bizkaitar zein arabarrek, aldiz, Tolosa nahiago izan dute, oro har.

Turismo bulegoetara egindako bisitetan, aipatzekoa da eskualdeko herritarrengandik jasotako bisitek aurten jasan duten beherakada: iaz 402 bisitari izan ziren bertakoak eta aurten, berriz, 64 izan dira.

KULTURAZ BLAITZEKO EGUNAK

Informazio puntuetako bisitarien gorakada gainerako guneetarako termometro baliagarria izan da, eta museoek ere iaz baino bisitari gehiago jaso dute aurtengo Aste Santuan. Topic zentroaren kasuan, adibidez, 408 bisitari izan dituzte, ostegunetik astelehenera bitarte, %45eko gorakadarekin. Txotxongiloen mundutik txokolatearen gozora joz, 155 pertsona erakarri ditu Gorrotxategi museoaren litxarreriak, eta %53ko gorakada dakar horrek. Azkenik, Tolosako Alde Zaharra ezagutzeko egindako bisita gidatuek ere hobera egin dutela azaldu du garapen agentziak, «nahiz eta museoek baino erakartze indar baxuagoa izan».

Oporraldia kulturaz blaitzeko garaia izaten da askorentzat eta, Tolosaldean, gastronomia ere bertako kulturaren zati ezinbestekoa da. Horrela, Tolosako Karakol saltsa egitasmoak «arrakasta» izan duela azaldu dute turismo datuak plazaratzerakoan. Batetik, neska-mutil askok parte hartu zuten barraskilo lasterketan eta, behin jolasa amaituta, dastagai izandako barraskiloek harrera bikaina izan zuten.

Bide beretik, jatetxe eta tabernek ere «ondo lan egin dute». Landa eremuko ostalariek eskualde inguruko bezeroak jaso dituzte, oro har, eta turistekin lan egin dute, batez ere, Tolosako tabernetan.

Bisitarien kultura eta gastronomia txirrintetarako erakusleiho izateaz gain, Tolosaldeak baditu turisten atsedenerako txokoak ere eta, aurtengo Aste Santuan, %80ra iritsi da okupazioa. Hotel eta pentsioen kasuan, 7 puntu igo da okupazioa eta, nekazalturismoen kasuan, berriz, askotariko datuak bildu dituzte: batzuk beteta izan dira, eta beste batzuek ez dute hobekuntzarik nabaritu.

Egunkariak, bidaia agentziak, ahoz ahokoa nahiz Internet izango ziren, ziur aski, Aste Santuko bisitari asko Tolosaldera erakarri dituen amua. Bada, Tolosaldea Garatzenek duela zenbait aste argitaraturiko bideoak ere arrakasta izan du eta, 20.000 bisitatik gora jaso ditu jada, eskualdeko paisai nahiz ohiturak biltzen dituen ikus-entzunezko lan honek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!