«Positibotasunetik lan egiten badugu, gure aukerak zabaltzen dira»

Imanol Garcia Landa 2016ko api. 1a, 09:00

Chroma Branding

Maider Diaz aholkularitzaren alorrean dabil lanean, erakundeei beraien helburuak finkatzeko orduan orientazioa emanez, eta pertsonekin balio gehitua sortuz. Lan-taldeen bilerak gidatzen ditu, hauen eraginkortasuna handitzeko, bai eta lan-taldeei prestakuntza eman hauen emankortasuna hobetzeko. 

Era berean ekitaldi eraldatzaileen diseinu eta antolakuntzan ere aditua da. Hori guztia, Lehiberri zentroan egoitza duen Maider Zeta enpresaren (maiderzeta.com) bidez garatzen du.
 
Zein garrantzia du umoreak, ondo pasatzeak, lan esparruan?

Zenbat denbora pasatzen dugu lanean eta zenbat lanetik kanpo? Eguneko ordu asko pasatzen ditugu lanean eta ondo pasatze hori lanetik kanpoko esparrurako bakarrik uzten badugu galtzen ateratzen gara.

Garrantzitsua da umorea. Gainera umorea ez da txisteak kontatzea bakarrik. Gaizki ulertu ohi da umore kontzeptua. Umoreak desinhibitze puntu bat dauka, ausartagoak egiten gaitu, eta lan munduan askotan ausardia hori beharrezkoa da, gauzak era berri edo desberdin batera egiteko. Betikoa egiten badugu, betiko emaitzak lortuko ditugu. Emaitza berriak lortzeko, gauza berri eta ezberdinak egin behar ditugu eta umoreak, positibotasunak, aukera berriak ikusteko gaitasuna dakar. Umoreak gauzak era positiboago batean ikustea dakar; honek ez du esan nahi arazorik ez egotea edo erronka berriak ez agertzea, baina positibotasunetik lan egiten badugu gure aukerak zabaltzen dira. Hau entrenatu daiteke, gure burua entrenatu dezakegu positiboagoa izateko, eta lanean aplikatuz gero emaitzak ikusgarriak dira lan giroan.

Umorea eta lana, beraz, bateragarriak dira?
Lanean lanetik kanpo garen modu berean izatea da gakoa. Interesgarriena izaera ez aldatzea da. Lanetik kanpo emaitza onak ematen dizkigun izaerak zergatik ez du lanean funtzionatuko? Lanetik kanpo pertsonekin erlazionatzen gara, arazoak konpontzen ditugu… lanean bezala, eta lanetik kanpo egiteko modu horrek funtzionatzen badigu lanean ere ala izan beharko luke. Umorea beti da lagungarria, umoretsuak bagara gure egunerokotasunean lanean ere hala izan beharko genuke. Gu geu garen bezala izan behar gara, eta gu geu gara era berean garen bezala izaten uzten ez garenak.

Seriotasuna eraginkortasunarekin lotu ohi da, eta umorea alferkeria edo denbora pasarekin. Nola ikusten duzu hori?
Seriotasuna, lanean berandu arte geratzea… akzio ez eraginkor asko lotu ohi dira eraginkortasunarekin. Egun aldatzen ari da ikuspuntu hori. Eraginkortasuna lanean denbora aprobetxatzearekin dago lotua, eta baita bakoitzaren trebetasunarekin ere noski. Hemen gakoa denbora eta egiteko ditugunak ongi antolatzea da.

Nik enpresetan ikusten dudanaren arabera, lanean beharrezkoak diren bilera asko egiten dira eta kasu batzuetan bilera hauetan ez da denbora ongi arautzen, lantzeko puntuen garrantzia eta premia ez dira argi desberdintzen. Hau ere entrenatu eta ikasi daiteke. Egia da lanean gustura gaudenean, edo gustuko dugun zerbait egiten dugunean lanean, denbora hobeto aprobetxatzen dugula. Horregatik da hain garrantzitsua giro apropos bat edukitzea lanean gustura egoteko.

Enpresak zer egin dezake langileak gustura egoteko?
Errespetua eta pertsona bakoitza desberdina dela kontuan eduki behar du enpresa orok. Aholkularitzaren alorrean enpresa desberdin asko ikusten ditut, beraz esan dezaket gakoa pertsonak errespetatzea dela. Baina interesgarriagoa da bakoitzak hau bere baitan lantzea. Hau da, nire zoriontasunaren giltza ez diot enpresari utziko. Era berean, ni gustura banago lan giroan nabarituko da eta baliteke nire joera positiboak enpresako lan kulturan finkatzen joatea. Askotan gure esku ez dagoela uste dugu eta enpresak eman behar dizkigula irtenbideak, eta enpresak ardura asko izan arren guk ere badaukagu influentzia eta hor dago gakoa.

Google enpresan, esaterako, billarrean jolasteko mahaiak, txirristalekuak, siesta egiteko aulkiak... dituzte langileen eskura.
Kreatibitate altuko lanak dira, eta egia esan kreatibitatea lan guztietan da beharrezkoa, edozein arazo era berri edo desberdin batera ebazteko. Baina ezin dugu ahaztu Google enpresa oso errentagarria dela eta hori egiten badute emaitza onak dauzkalako dela. Baina Google Kalifornian dago eta batzuetan giltzarria ez da kanpoko egiteko moduak kopiatzea, baizik eta gure egiteko moduak malgutasunez aldatzea eta denbora berrietara egokitzea. Baina siesta egiteko aulkiena kontuan izango dut gure inguruko enpresatan aholkatzeko (kar, kar).

Dena den, gauza horiek guztiak gainontzekoak, eta garrantzitsuagoak direnak, asebeteta daudenean funtzionatzen dute. Zertarako nahi dut nik billarrean jolasteko mahai bat kontziliazio aukerarik ez badaukat, umea ikastolatik jasotzeko aukerarik ez badaukat. Piramidearen behe aldetik hasi behar gara, familia-lana kontziliaziotik, gizon-emakumeen arteko mailaketen bukaeratik… Gauza horiek guztiek emango digute zoriontasuna eta bizi kalitatea gizartean. Gero iritsiko dira txirristalekuak.

Eta lana ez denean bokaziozkoa?
Lan guztiek, baita bokaziozkoek ere, alde itsusi bat dute, edo egitea aukeratu ezin dugun eta gustatzen ez zaigun lan alor bat. Gure esku dago zein aldera enfokatzen garen. Lanak beti ematen digu onuraren bat, hori aurkitzea da gakoa. Hau pertsona positibo batek erraz egiten duen lan bat da, gainontzekoak hau egiten ikasi dezakegu, eta ikasi daiteke. Bokazioa gure trebetasunak eta gizartearen beharrak gurutzatzen diren puntuan dago, eta kasu batzuetan egun daukagun ikaskuntza sistemak ez du laguntzen gazte bakoitzaren abilezia pertsonalak hausnartzen. Hortaz, batzuetan denborarekin eta lanean gaudenean aurkitzen da benetako bokazioa.

Krisi garaian, gainera, gustatzen ez zaizkion edo beste egoera batean hartuko ez lituzkeen lanak hartzen dituen jende kopurua igo egiten da.
Bai, eta momentu hauek aprobetxatu behar dira, ikaskuntza berri batzuk egiteko aukera baitira. Aldatu ez ditzakegun esparru batzuk daude, ez bat-batean behintzat, eta horrelakoetan horietako lan bat egin behar badugu gauzak perspektibaz aztertu behar dira. Lanaren mailak ez gaitu pertsona hobeak egiten, ez eta zoriontsuagoak ere. Zoriontasuna gure helburu pertsonalak lortzean egon beharko luke, ez besteekin alderatuz, eta aukeratu dugun bizimodua mantentzeko lagungarri den lana egiten dugu batzuetan; hori ere, lana diruagatik egitea, zilegi da, eta hor ere egon daiteke zoriontasuna.

Zer gomendio emango zenioke pertsona bati bere ogibidean gusturago aritzeko?
Ez nago gomendioak emateko moduan bakoitzaren kasu pertsonala ikusi gabe, baina galdera batzuk erantzutea interesgarria izan daiteke. Ona den zer ematen dit lan honek? Zer aldatuko nuke lanean? Nire esku al dago aldatzea? Zer ez nuke aldatuko?

Galdera anitz egin daitezke eta zintzotasunez erantzunez gero akzio puntu asko atera daitezke, gure esku egiteko ugari daudela ikus dezakegu. Errealitate jakin bat ezin badugu aldatu ere, hau gure buruari esplikatzen diogun modua aldatu dezakegu.

Eta enpresa bateko arduradunei zer gomendatuko zenieke?
Beraiek gustura egotetik hastea. Ezin dugu guk egiten ez dugun zerbait exijitu edo espero. Arduradunak ez dira giroaren sortzaile bakarrak, baina badute ardura handia. Enpresaren lan giroan denok dugu ardura, kritikek min asko egiten dute, triangulazioek ere (bi pertsona aurrean ez dagoen beste hirugarren batez hitz egitea), eta batzuetan egiteko hauek moztea arduradunen esku dago. Arduradunen lana eta ardura lana erregulatzeaz harago doa.

Pertsona bakoitzaren nortasuna edo izateko modua ere garrantzitsua izango da gusturago aritzeko lanean.
Bai noski, bera eta ingurukoak gustura egotea edo ez egotearen gakoa da. Ingurukoak askotan ez ditugu kontuan izaten eta gure animoan eragin handia daukate, onerako eta txarrerako. Gainera ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta bizikidetasuna batzuetan zaila da. Gure malgutasuna eta jasan nahi ditugun gauzak eta jasan nahi ez ditugunak argi eduki behar ditugu, eta asertibitatea ere landu daiteke. Oso tresna interesgarria da, besteei nahi duguna eta nahi ez duguna azaltzeko, besteei minik egiteko asmorik gabe nahi duguna esateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!