Eguzkik Orian saneamendua hobetu beharra azaldu du

Ataria 2016ko martxoaren 30a

Oria ibaiaren saneamendua hobetzeko proiektuak Plan Hidrologikoan aipatzen direla, baina oraindik asko «programatu ez direla» salatu dute

Eguzki talde ekologistak Oria ibaiaren saneamenduari buruzko balorazioa egin du Lasarte-Oriako eta Usurbilgo Hartzaile Nagusia martxan jarri berri delako, eta pausu «garrantzitsua» izan arren, saneamendua lortzeko «asko geratzen da egiteko», Eguzki talde ekologistaren aburuz.

Lasarte-Oriako eta Usurbilgo intertzeptoreak «atzerapen izugarri handia» izan duela dio talde ekologistak, Europako Saneamendu Zuzentasunaren arabera «2.000 urtean utzi behar zioten ur zikinak Oriara botatzeari», Eguzkiren arabera. Hala ere, arazoak «iraungo» duela dio taldeak, «erakundeek arazoa konpontzera orain arte baino baliabide gehiago bideratzen ez dituzten bitartean».

2013an Adunako araztegia martxan jarri zenetik Oriako saneamendu-eskema orokorra osatzeko falta zen «azken pieza handia» azken intertzeptorea zela dio Eguzkik, baina oraindik lotu gabe dauden «hari-muturrak» daudela dio, eta urtarrileko Plan Hidrologikoan dauden proiektuak aipatzen ditu balorazioan, tartean eskualdeko zenbait: «Anoetako erreka, Altzo Muño, Hernialde, Orendain eta Baliarrain».

Halaber, talde ekologistak dioenez Plan Hidrologikoak onartzen du badirela «egin beharko liratekeen» beste saneamendu proiektu batzuk, baina «programatu ere egin» ez direnak, eta «gauzak aldatu ezean, 2027. urtetik harago» egingo liratekeenak. Tartean eskualdeko proiektuak aipatzen dituzte: «Amezketa, Aldaba, Araxes, Bidania-Goiatz, Txarama, Leaburu eta Gaztelu».

Aurrera begira, proiektu horiek «aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten» neurrian egiten joango direla dio Eguzkik, baina erakundeek eta bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu proiektuetarako behar beste diru bideratzen ez badute «beste lehentasunak» dituztelako dela salatzen du talde ekologistak. Proiektu horiek «oinarri-oinarrizkoak bai, baina 'estrategikoak' ez» omen dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!