Gautenak 37 pertsonei eskaintzen die launtza Tolosa inguruan. 6 urtetik beherako lau haurrei, 6 eta 18 urte bitarteko 26 pertsonei eta 18 urtetik gorako zazpi helduei. Elkarteak Laskorain ikastolan gela egonkor bat kudeatzen du eta bertan sei ume aritzen dira.
Pazko asteko larunbatarekin dator aurten Autismoaren Nazioarteko Eguna eta hori dela eta Gautenak ospakizunetako ekintzak atzeratu egin ditu eta apirilaren 15etik 17ra gauzatuko dira. Ekintza garrantzitsuena igandean egingo den Urdinduz martxa solidarioa da. Ibilaldia Haizearen Orrazitik aterako da goizeko 11:30ean eta Alderdi Ederren bukatuko da. Urdina da autismoaren kolorea, beraz, ibilaldia urdinez jantzita egitera animatzen dituzte herritarrak.
Aurreko egunetan ere egingo dira ekitaldiak: ostiralean –apirilak 15–, Maria y yo film dokumentala eskainiko dute 20:00etan Principe zinema aretoan eta larunbatean –apirilak 16–, goizean Angel Ponce katalanak zuzendutako tailer terapeutiko bat jasoko dute familiek Aieten elkarteak duen egoitzan eta arratsaldean Autismoaren inguruko erakusketa izango da Alderdi Ederren jarritako karpan.